Itzaleko figura

Nora Arbelbide / 2015-06-02 / 435 hitz

Emile Larre (1926-2015) gizon «jendekin» gisa gogoratzen dute ezagutu dutenek, «langilea», euskararen zein bertsolaritzaren alde anitz egin duena.

«Figura bat» izan dela, horrela definitu du Beñat Oihartzabal euskaltzainak Emile Larre izan dena (Baigorri, 1926; Kanbo, 2015). Maiatzaren 30ean zendua, Emile Larreren ehorzketak gaur iraganen dira Baigorrin, 15:30ean.

Jean Louis Harinordoki Laka bertsolaria ados da horrekin: «Ikaragarriko langilea zen. Ez zuen hark egun bat opor hartzen. Beti nonbait zen. Bazuen bai eliza, bai euskara; bazuen bertsolaritza; bazuen pilota», eta beste, gaineratu du Harinordokik.

Eta denek gogoratzen dute gizon «jendekina» zela: «Biziki gizon mintzaerraza zen, zinez baserritarra. Jende xehearen ardura bazuen. Ez batere handikaria», borobildu du Janbattitt Dirassarrek, zeinak lankide izan baitzuen Herria astekarian. Hots: «Erro azkarrak zituen gizon bat». Laborantzaz zuen atxikimendu handia ere nabarmendu du Dirassarrek.

Izan zuen norekin adiskidetu ere Larrek. Piarres Lafitte irakasle izan zuen hasieran, eta hark, gero, Herria-ko lekukoa eman zion. Piarres Larzabal zein Telesforo Monzonekin, besteak beste, antzerki arloa lantzeko posibilitatea izan zuen. Eta Teodoro Hernandorenarekin bertsoa.

Eta beti euskararen atxikimendu hori, denek nabarmentzen dutena. Atxikimendu handia bezain zorrotza. Emile Larre bereziki euskaltzain gisa zuen ezagutu Oihartzabalek, euskararen kontuetan. Bilkuretako bidea elkarrekin egiten zuten usu autoz. Euskara batua bere jauzia egiten ari zelarik sartu zen nonbait han Larre Euskaltzaindian. 1975ean izendatu zuten euskaltzain oso: «Jende anitzentzat hori gogorra zen. Ez ziren prest, ez ideien aldetik, ez euskarari buruz zituzten ideien aldetik ere. Eta entseatu zen, ahal bezain goxoki, Piarres Lafitteren laguntzarekin gauza horien pasarazten. Zuhurki jokatzen jakin izan zuela uste dut», dio Oihartzabalek. Euskalkiekiko atxikimendua segurtatuz, hori bai. Georges Rebuschi hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak oraindik eskertzen du Larreren eskuzabaltasuna, ikerketatik at joaten zena, mendi ibilaldietan edo beste. Baluke anitz kontatzeko, aitortu duenez, baina hizkuntzalariaren ikuspegitik honela laburbildu du Larrek ekarria: «Eman informazioak, bere euskara, bere hitz egiteko era, erabakigarriak izan dira egin ditudan zenbait deskribapenetarako».

Larrek publikatu Ene artzain etxolak autobiografiako (Auspoa) lehen orrialdetan bertan aurkitu izan ditu bere ikerketarako baliagarriak zaizkion adibide adierazgarriak. Publikazioekin segituz, beste liburua Aiherra: Nafarroaren leihoa (Itxaropena) izan zuen Larrek. Idatzi zuen kantu andana bat ere. Eta bertsoak, trumilka. Haiekin ere liburu oso bat betetzekoa balitekeela dio Harinordokik. Dirassarrek deskribatu bere «euskara biziki eder» horretaz jabetzekoa doia. Bertsoa hainbat txapelketatako gai emaile eta epaimahaikide gisa ere landu zuen Larrek. Eta 1980an, Ipar Euskal Herriko Bertsularien Lagunak elkartea sortzen ere lagundu zuen, Harinordokik nabarmendu duenez. Beste liburuak Herria-n idatzi artikuluekin litezke osa. 1969tik 2003ra Herria-ko zuzendari izan zen, eta astero artikuluak idazten, mundu zabaleko berriez edo beste. Baina, hor ere, bihurgune bateko eragile izan zen Larre. Herria-k bizirik segi zezan, aldizkaria osoki euskaraz osatzen hasi zen, baita publizitatea ere, eta lantaldea zabaltzeko lan anitz egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude