Katixa Agirre, idazlea: «Ez ditugu gauza asko gogoratu nahi; horregatik jo dut muturrera»

Iñigo Astiz / 2015-05-29 / 1.020

ETA, genero rolak, kartzela, bikoteak, Madrilgo M-11ko atentatuak… Gatazkaz gatazka doa aurrera Katixa Agirre idazleak ‘road movie’ baten gisara idatzitako lehen eleberria: ‘Atertu arte itxaron’.

Arrastaka daramatza aingurak Atertu arte itxaron eleberriko pertsonaiek gidatzen duten autoak (Elkar). Bigarren mailako errepideetan orduko 80 kilometroko abiaduran doazela, segika dituzte beren sekretuak. Pertsekuzio moduko bat ere bada horregatik Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) road movie baten tankeraz idatzi duen eleberria. Pisua dute kontakizunean ETAk, Gasteizko martxoaren 3ko hilketek, kartzelak… baina ez da euskal gatazkari buruzkoa soilik, singularrean, baizik gatazkei buruzkoa, pluralean.

Euskal gatazkari buruzkoa ere bada liburua, beraz, baina ez soilik euskal gatazkari buruzkoa.

Gatazkak aurpegi asko dauzka, eta aurpegi ezberdin horiek erakutsi nahi izan ditut. Hemen, euskal gatazka ere bada bikotearen barne gatazka baterako aitzakia.

Gordin doaz gatazka politikoaren inguruko batzuk, halere. Kartzelako bisitan emakumeak bikotekide zenari egiten dion aitorpenean, adibidez. Hura sasian zebilenean kezkaren kezkaz ilea erortzen hasi zitzaiola aitortzen dio neskak, eta botaka aritzen zela, baina ezkutatu egiten ziola dena. «Zure oasia izan nahi nuen, izan behar nuen».

Emakumearen ikuspuntua da hori. Atzean geratu dena, erretagoardian egon dena, gerlariaren atseden izatearen rol tipikoa bete duena… Mito misogino hori ere erreproduzitu da euskal gatazkan. Oso mundu maskulinoa izan da. Oso matxoa. Emakume horren ikuspuntua zen hor nabarmendu beharrekoa. Presoari buruz ez dakigu ia ezer ere liburuan. Ez dakigu zein izan ziren haren arrazoiak, damututa ote dagoen…

Akaso, euskal gatazkaren azpian, ezkutuan pasatu dira beste gatazka batzuk?

Bai, eta denbora pasatzen denean hondakinak geratzen dira, zenbait hamarkadatan oraindik ere sufritu behar izaten ditugun hondakinak, gaur egun ere ikusten dugun bezala. Egunotan ikusi dugu hondakin horiek zer luzeak diren, adibidez [Gasteizko herri harresian atxilotutako gazteei buruz mintzo da].

Erromatar garaiko Koartango bataila aipatzen da liburuan, Gasteizko martxoaren 3ko hilketak, ETA, kartzela… Une batez halako kondena bibliko bat dagoela dirudi. Hala da?

Baina hori guztia ez da esateko beti izan garela garaituak; Koartango batailan, adibidez, bertokoek irabazi zieten erromatarrei. Hori guztia da erakusteko beti daudela gatazkak, eta inoiz ezin dugula justifikatu armak hartzea iraganean beste norbaitek zerbait egin zuelako, ze, orduan, kate hori ez baita inoiz amaituko; beti jo dezakegu atzerago, gerra zibila dela, gerra karlistak direla… Gerra egiteko beti egon da aitzakia, eta gure esku egon da aitzakia hori hartu edo ez. Baina hori esan daiteke edozein tokiri buruz. Nor egon da gerraz libre?

Bikote harreman baten disekzioa ere badago liburuan.

Badaude bikote bizitzari buruzko hausnarketa batzuk. Noraino onartu ditzakegun gezurrak. Gauzak ezkutatzeazenbateraino den lagungarri edo ez. Zenbateraino ezkuta ditzakegun gauzak…

Nikola Madzirov poetaren bertso lerro bat da: «Behin esan genuenak jarraitu egiten gaitu». Esaldi hori ekarri dit gogora zure liburuak etengabe.

Esan genuenak, eta esan ez genuenak ere bai. Nobelan pertsekuzio hori dago gorpuztuta Sarah izeneko hirugarren pertsonaiaren bidez. Nahiko enigmatikoa da, baina tarteka sartzen da bikote bizitzaren erdian, eta irudikatzen du bikotekideek nola dituzten atzetik sekretuak, eta nola ezin diren saihestu.

Liburu guztiak mintzo dira akaso liburu bat idazteari buruz, baina hau bada zerbait kontatzeko zailtasunari buruzko kontakizun bat. Hala ikusten duzu zuk ere?

Ulia da nobelako pertsonaia, eta haren ikuspegitik kontatzen zaigu dena. Ulia ari zaio guztia kontatzen bere bikotekideari, eta, tarteka, zailtasun asko topatzen ditu. Zailtasun horiek batzuetan izan dira nireak ere, eta beste batzuetan, ez. Hor ere nahasten dira narratzailearen ahotsa eta nire ahotsa, eta izan daiteke jolas metaliterario bat ere, liburua maila horretan irakurri nahi bada.

Eta zailtasun horiek zein izan dira, adibidez?

Pertsonaiarentzat zaila da erabakitzea, adibidez, zenbateko informazioa eman eta suspentsea noraino luzatu. Hori ez da hainbesteko zailtasuna izan niretzat, baina bai liburua amaitzea. Bukaerara iristea. Ia estalagmita baten modukoa. Tanta bat, tanta bat… ematen zuen ez zela amaituko.

Sua falta zaigu eta Habitat. Ipuin liburuak dira zure aurreko bi lanak, eta esango nuke nobela honek ere ipuingile bukaera duela. Borobiltzera jo duzula.

Ba, jende askok galdetu dit ea zer gertatzen den gero, eta esan didate ez dudala amaitu. Nire asmoa bazen amaitzea eta borobiltzea; ez nuen utzi nahi suspentsean.

Amerikan, road movie-ak bide bat izaten dira amerikar nobela handia kontatzen saiatzeko. Euskal Herrian, errepideak hainbesterako ematen du?

Hori zen erronka. Ematen du joan behar duzula Nevadara edo Oklahomara Thelma eta Louise bezala halako zerbait kontatzeko, errepide luzeekin, inor ez dabilela… Apur bat parodikoa ere bada liburuan aipatzen den auto bidaia horregatik. Egun batez, pertsonaiak hasten dira herriak bisitatzen, eta amaitzen zaie dena berehala. Donostiara bidean, adibidez, erabakitzen dute Tolosan geratzea, bestela segituan helduko direlako. Bigarren mailako errepideak hartzen dituzte horregatik, autopistaz bestela are azkarrago helduko liratekeelako. Badauka kutsu parodiko hori niretzat ere.

Getariako landetxe bati buruz, protagonistak: «Gela hau baserri munduaren antipodetan dago, baina horrela gogoratu nahiko genuke gure iragana: usain onez». Eraman daiteke gogoeta hori gatazka politikora ere?

Ez nuen horregatik jarri, baina beti gertatzen da hori: prozesu psikologiko normal bat da gauza onak gogoratzearena. Horretarako prestatuta gaude, eta edozein gauzari aplikatzen ahal zaio, baita euskal gatazkari ere. Gauza asko ez ditugu gogoratu nahi. Horregatik aukeratu dut gatazkaren emaitza lazgarriena izan daitekeena. Muturrera eraman dut, ze umeak hiltzea izan baita liburuko presoaren krimena. Hori baino okerragorik ez dago gure gizartean, eta nahita jo dut muturrera, gogorarazteko hori ere gertatu dela. Ez dira gutxi izan bonbak direla-eta hil dituzten umeak.

Benjamin Britten konpositorearena da nobelako beste harietariko bat. Muturreko bakezalea bera, baina aski keinu itsusikoa ere bai. 1936ko gerrako ume bat etxean hartu, baina, sorkuntzan traba egiten ziola eta, bueltan bidali zuen errefuxiatu gunera.

Bakezalea zen, baina bakezale izatea ez da ontasun moral absolutu bat; ez du esan nahi pertsona ona zarenik. Berak oso argi zuen bere lehentasuna sorkuntza zela, eta, gainera, ume hori etxetik botatzeko ere, beste norbait bidali zuen. Gatazkari beti muzin egiten zion. Hor dago: bakezalea zen, edo koldar hutsa? Igual, gauza biak nahastuta egon daitezke. Sorkuntzan aritzeko, uko egiten dio berak ere beste ume bati. Babesgabeena, umezurtza, bere herritik kanpo, eta hala ere…

Atertu arte itxaron. Hori da titulua azalean, baina, barruan, badirudi mezua kontrakoa dela. Benetan ez duela inoiz atertzen.

Anekdota batekin kontatzen da liburuan. Gasteizen dago bikotea; paseo bat ematera atera behar dute, baina, euria hasi, eta hemengoa ez den gizonak atertu arte itxarotea proposatzen du; neskak, ordea, ezetz, atertu arte itxaronez gero agian ez direlako inoiz irtengo. Edozein egoeratara eraman daiteke hori. Batzuetan, aurre egin behar diegu gauzei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.