Lau ertzak moztuta

Zihara Enbeita / 2015-06-11 / 253 hitz

Hirigintzak baldintzatzen gaituela gauza jakina da. Hiriak oraindik ere orokorrean gizonezkoen ikuspuntutik eginak daude; produkzioaren ikuspegitik, ez zahar eta ez ume direnen ikuspuntutik, irisgarritasun arazorik ez dutenen ikuspuntutik.

Francesco Tonuccik dioen legez, hiriak ipuinetako baso beldurgarriak bihurtu dira, arriskuz beteak. Eta espazioen banaketak eta espezializazioan garatutako hiriak dira. Umeentzako lekuak daude, zaharrentzako lekuak, erosteko lekuak, lo egiteko lekuak… Umeek egindako hiriak behar liratekeela diosku. Kalean umeak bakarrik lasai jolasten ikusiz gero, hiria osasuntsu dagoen seinale delako. Eta berdin esan dezakegu emakumeen kasuan ere. Emakumeentzako seguruak badira, denontzako seguruak izango dira.

Jerome Ruillierren Quatre petits coins de rien du tout liburu zoragarrian moduan (Por cuatro esquinitas de nada izenburupean ere argitaratua), laukiak zein borobilak sartzeko moduko ate karratuak egin beharrean, ate borobilak egiten jarraitzen dugu; eta laukiek ez dute ertzak moztu beste erremediorik sartu nahi badute.

Espazioaren antolaketak duen garrantziaz jabetuta, gero eta gehiago dira barne diseinua aldatu duten enpresa edota ikastetxeak, baina bada ia oharkabean pasatzen den leku bat, jende gutxik garrantzia ematen diona. Ikastetxeetako jolastokiaz ari naiz. Egunotan irakurri dudan artikulu interesgarri batek dioen moduan, gero eta gehiago dira hezkuntza proiektuaren barruan sartzen dutenak jolastokiaren diseinua, baina oraindik asko dago egiteko. Futbolerako eta saskibaloirako zelaiek hartzen dute jolastokiaren erdigunea, eta bazterrean uzten dituzte bestelako jolastordua nahi dutenak, gehienetan neskak. Jolastoki gehienak, gainera, zementuzkoak dira, belarrik eta arbolarik gabekoak. Bartzelonako Dovella ikastetxeko blogak dioen moduan, erabilera anitzekoak izan beharko lukete, «lotsatiek jesarri eta lasaitasunean hitz egiteko futbol aterik eta saskirik gabekoak; eta izaera irekikoak direnei behar duten publiko sutsu hori topatzen laguntzen dietenak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.