‘Txanpaina, mesedez’ nobelan genero poliziakora jo du Oier Santosek

Juan Luis Zabala / 2015-05-29 / 368 hitz

Bi planotan bereizia dago narrazioa: batean, ertzain bat da protagonista; bestean, haren emaztea. Egun eta hemengo gizartea islatzen du obrak.

Bi planotan bereizita, irakurlea ezusteko amaiera baterantz daraman nobela poliziakoa da Oier Santosen (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) bigarrena, Txanpaina, mesedez (Erein). Plano batean, Markel da protagonista, BETA izeneko talde armatu ekologistak eta haren ekintzek nahigabetu, kezkatu eta beldurtuta daukaten ertzaina, horrez gain etxean ere zertaz kezkaturik baduena, emazteari zerbait gertatzen zaiolako susmoa baitu. Beste planoan, Ane da protagonista, Markelen emaztea, senarra oso maitea duen arren eta harengatik edozer gauza egiteko prest dagoen arren ezkutuan beste bizitza bat daraman emakumea. Bi plano horiek nobelaren azken partean nola lotzen diren ez du azaldu nahi izan egileak, horrek amaierako ezustea hondatuko liokeelako irakurleari. «Ez dakit ezustea hartuko duen irakurleak, baina nire asmoa hori lortzea izan da, behintzat», adierazi du.

Euskal Herrian girotuta dago kontaketa, Donostialdean zehazki, eta egungo gizartea islatzeko aukera eman dio liburuak, neurri batean behintzat, egileari. BETA izeneko talde armatu ekologistak erasoak egiten ditu lurralde horretan, horrek albiste aldrebestuak eragiten ditu hedabideetan, gizartearentzako mehatxu bilakatzen da talde armatu hori… «Gaur egun, politikan dena dago nahasita, eta nobelan islatzen da gizartean dagoen deserosotasuna edo haserrea, bai jendearengan eta bai hedabideetan», azaldu du Santosek. «Nobela gaur egungo egoera batean kontestualizatuta dago, Fukushimako istripua gertatu eta geroko giroan, eta egungo errealitatean oinarrituta».

Hedabideen itzala

Hedabideen eragina eta itzala ere ageri da Txanpaina, mesedez nobelan. «Kazetariek gertatu aurretik dakite batzuetan albisteen berri, eta poliziek baino are lehenagotik dakite zer gertatuko den. Horretaz hitz eginda, ertzain batek baieztatu zidan hori errealitatean ere askotan horrelaxe gertatzen dela, hedabideek Poliziarekiko oso eragin handia izaten dutela».

Duela hiru urte argitaratu zuen Santosek Ez zuten erantzun (Erein), bere estreinako nobela. Ez du antz handirik sumatzen obra haren eta Txanpaina, mesedez nobela berriaren artean. «Bi planoen arteko bereizketan eta denborarekin egiten den jokoan badute agian antzik, baina, gainerakoan, oso harreman txikia dago bien artean. Unibertsitate giroan dabiltzan gazte batzuk dira protagonistak aurrekoan. Honetan, aldiz, jende helduagoa agertzen da, eta beste bizimodu batekoa. Nobela honetan, gehiago islatzen da gizartea oro har aurrekoan baino».

Heziketa Fisikoko irakaslea da Oier Santos, eta lanbide horrek uzten dion «denbora librea» baliatzen du idazteko. «Ez dut obligaziorik, eta oso gustura aritzen naiz idazten. Dibertigarria iruditzen zait».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude