Beste norbaitek hartu bitartean

Gorka Erostarbe / 2015-09-15 / 736 hitz

Hainbat musikari estatubatuarren moldaketez osaturiko disko-liburua ondu dute Lou Topetek eta Harkaitz Canok ‘Abesti bat gutxiago’-n.

«Bertsioak ez dira artista originalarenak. Gure abestiak dira. Bertsioari duen konnotazio negatiboa kendu nahi genioke. John Hiatten Hurt My Babe-n oinarrituriko Nork mindu hau ez da Hiattena, Lou Topetena da. Bertsioa ez da kopia bat, zeureganatutako abesti bat da. Omenaldi moduko bat ere bada, baina abesti hauek gureak dira… beste norbaitek hartu bitartean». «Legez hala egin behar delako», Oier Aranzabalek (Zarautz, 1988) eskatu egin zituen disko berria izango dena osatuko duten kantuen bertsioak egiteko baimenak. Baina erantzun bakar bat jaso zuen; besteengandik, indiferentzia. «Adar-jotze handi bat iruditzen zait kantu baten bertsioa egiteko baimena eskatu behar izateak. Mona Lisa koadroaren bertsio bat egin nahi duenak egileari baimena eskatu behar ote dio? Errespetatzen ditut egile eskubideak, baina ez egile eskubideen izenean egiten diren izugarrikeriak». Lou Topet rock taldeko gitarra jotzaile eta kantaria da Aranzabal. Udan grabatu zituzten Abesti bat gutxiago izenburua izango duen disko berriko 11 kantuak, Andoaingo Garate estudioan, Martxel Arkarazo soinu teknikari zutela.

Pete Seegerren Where Have All the Flowers Gone kantuaren bertsioak Loreak non dira du izenburutzat, eta atzo plazaratu zuen BADOK webguneak estreinakoz. Kantu horren bertsioa egiteko eskatutako baimenarengatik jaso du Lou Topetek erantzun bakarra: «Itzulpenaren itzulpena eskatu ziguten, eta bidali genien. Edonola ere, baimenik gabe ere kantuak eta diskoa egingo genituzkeen, eta salatzen bagaituzte, bada, promozio handiagoa izango dugu», dio, irribarre zabalarekin, ziur aski halako pagotxarik suertatuko ez zaiola jakitun.

Aranzabalek duela hiru urte inguru osatu zuen Lou Topet. Esnatu dira disko laburra izan zuten estreinakoa (2013). Bigarrena prestatzen ari zirela, beste proiektu bat agertu zitzaion bidearen erdira. Harkaitz Cano idazleari eskatu zion Jeff Tweedy Wilcoko kantariaren Nobody Dies Anymore kantuaren letra euskara zezan. Egin zuen euskaratzea hark, hasi ziren letrak itzultzeak sortzen zizkien gogoetak partekatzen —zer galtzen da bidean, zer irabazi, zer alda liteke eta zer ez?…— eta egitasmoa sendotu, luzatu eta borobildu egin zen. Bertsioez osaturiko disko bat lantzeko ideia mamitu egin zen, baina baita bertsioen eta itzulpenen gainean egindako gogoetekin liburua osatzekoa ere. Kantuen itzulpenak eta libururako testuak Canok osatu ditu.

Lehendik ere ezaguna zen Lou Topeten americana sustrai zuriko musika estatubatuarrarekiko zaletasuna eta, bereziki, Wilco taldearekikoa. Tira, edozeren gainetik Jeff Tweedy da Aranzabalek miresten duena. «Duela urte batzuk ama hil zitzaidan minbiziarekin; Tweedyk disko bat eskaini zion bere emazteari, 2010ean, gaixo baitzegoen. Semearekin egin zuen disko hura, Sukierae. Interes bereziarekin hartu nuen disko hori». Inor ez da hiltzen eta Ilargi berriaNew Moon jatorrizkoan— dira disko horretakoak, baina, gainera, Wilcoren Zu ta ni (You and I) eta Billy Braggek Wilcorekin grabaturiko Woody Guthrieren Ingrid Bergman ere berreskuratu ditu —hots, bertsioaren bertsioa—. Cass McCombsen Brighter (Argi), Will Oldhamen How About Thank You (Eta eskerrak), Mavis Staplesen You Are Not Alone (Hor bahago), Damien Juradoren Everything Trying (Zure urdinean) dira gainerako kantuak. Bonus track bat ere badakar diskoak, The Rolling Stonesen Wild Horses, hain zuzen ere. Hautatu dituzten egile guztiak dira estatubatuarrak, Billy Bragg eta stonetarren salbuespenarekin; eta den-denak dira bizirik, Woody Guthrie eta Pete Seeger —iaz zendua— kenduta.

Egile ezagunak, kantuak ez

Taldekideak beraiek jatorrizko kantuak, salbuespen pare batekin, entzun gabeak ziren grabaketa orduan, Aranzabalek dioenez. Canok berak ere egileak ezagutzen zituen, baina ez abestiak. «Ez dira irratian entzuten diren kantuak. Horrek freskotasuna ematen die kantu berriei, eta erabat geure egiten ditu». Abesti bat gutxiago izenburuaren atzean «arrazoi ekologiko bat» dago, eta baita Canok aipaturiko ideia batetiko begirunea ere. Arkitekturaren eta literaturaren arteko zubien inguruko hitzaldi batean, Canok esan zuen erabaki beharreko lehen gauza dela eraikin hori egin behar den ala ez, «asko baitaude berrerabil daitezkeenak, edo okupatu daitezkeenak… eraiki beharrik izanik gabe. Eta behin erabakita egingo dela, izan dadila eraikitzen den eraikuntza bat gutxiago». Bertsioen diskorako ideia «egokia» zela otu zitzaion Aranzabali. «Abesti baten bertsioa egiten dugunean, geureganatu egiten dugu, okupatu». Aranzabali berari galdetuta ea diskoa aterata disko bat gutxiago dagoen egiteko… «Entzuleak erabakiko du hori, baina gu oso gustura geratu gara denok, eta hori lorpen handia da». «Denok» dioenean, Canorengatik dio, eta Oihan Larrañaga (baxua) eta Ander Zulaikagatik (bateria), baita Unai Martinez gitarra jotzailearen lekua hartu duen Rafa Ruedagatik ere. Taldekide berri finkotzat dute Rueda. «Sekulako sendotasuna eta kolorea ematen digu». Joserra Senperenaren (pianoa, hammond organoa), Giorgio Bassmattiren (ahotsak) eta Ainara Lozanoren (ahotsak) kolaborazioek aberastu dituzte kantuak.

Urriaren erdialdera atera asmo dute disko-liburua. Zuzeneko aurkezpenak urriaren amaieran egingo dituzte, Donostiako Bukowski tabernan eta Zarauzko Modelo aretoan. «Ahal denetan bi formatutan eskainiko dugu, hitzaldi modura eta kontzertu modura». Lana autoekoitzia izan da, finantzaketa kolektiboaren bidez gauzatua, eta hainbat zigilu laguntzaileren babesa izango du; 17 euroko salneurria izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.