Euskara, lantokietako «kohesiorako» giltza

Arantxa Inda / 2015-09-30 / 373 hitz

Batzordeko ordezkariek argi dute onurak ekarriko dituela elkarlanak. Beren lantokietako jardunean euskara txertatu duten moduan, xede horren ingurura enpresa gehiago biltzea nahi dute: «Gutxika».

Ezin da ahaztu bakoitzaren negozioa zein den: gurea da piezak egitea». Ramon Mendiguren (Lekeitio, Bizkaia, 1971) Cikautxo enpresako behargina da, eta argi du enpresaren egiteko nagusia piezak —automobilgintzakoak, bereziki— egitea dela. Berriatuan (Bizkaia) dute fabrika nagusia, eta 580 langilek han irabazten dute ogia. Atzerrian ere hedatuta daude. Beren alorrean puntan ibiltzeaz gain, lortu dute, ordea, erakustea lanean euskaraz ere aritu daitekeela —«gurean ingelesa da nagusi»—. Euskaragileak batzordean ordezkaritza duten enpresetako bat da Cikautxo. Hango euskara batzordearen izenean izan zen atzo Mendiguren Donostian. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ordezkari, Xabier Sagarna (Deba, Gipuzkoa, 1966) joan zen. 2.000 ikasletik gora dituen zentro bat da, 260 langileduna. Laneko martxa euskalduntzen urteak daramatzate haiek ere, eta onurak nabarmendu ditu: «Bizi gara nazioarteko esparru batean: hor hizkuntzak kudeatu egin behar dira. Ikasten baduzu bi hizkuntza kudeatzen, hirugarrena eta laugarrena errazago kudeatuko dituzu». Lankideen arteko «kohesioa» eta enpresarekiko atxikimendua handitzeko ere hautua lagungarria dela pentsatzen du.

Batzordean batuta, aparteko aurreraurrats bat egin daitekeela diote bi enpresetako ordezkariek; etxe barruko lanak gero eta txukunago egiteaz gain, beste enpresa batzuk euskararen erretenera erakartzeko lagungarria izan daiteke elkarlana. Hornitzaileei euskarazko zerbitzuak eskatzeko bidea, esaterako, hartu beharrekoa iruditzen zaie. Tentuz, betiere. «Jendeari gonbita egitea da asmoa, ez inposizio bat egitea. ‘Euskaraz egin nahi duzu?’, esaten diogu: ‘Gu prest gaude’», azaldu du Mendigurenek. Guztiz bat dator Sagarna: «Onura baten modura saldu behar da», esplikatu du: «Garrantzitsua pausoak ematea da. Malgutasunez, zentzu onarekin eta gogo onarekin. Jarrera on batekin errazagoa da».

Batzordean elkarren berri izanda, euskarazko funtzionamendura hornitzaileak errazago erakar daitezkeela argi dute. Aplikazio informatikoen kasuan, esaterako, horien euskarazko bertsioa hainbat enpresak batera eskatzen badute, lortzen errazagoa izango da. «Eta, gainera, esan diezaiokezu merkatuan agian aukera gehiago izango dituela», erantsi du Sagarnak. Aztergai dituzte beste zenbait alor. Mendigurenek hizpide ditu: «Bidaia agentziak, segurtasun enpresak eta abar…». Fabrikako eguneroko lanei euskarazko jardunaren aldeko eskakizunok eransteak behar handia dakarren arren, saihestezina dela pentsatzen du: «Gutxika-gutxika egin beharreko lana da hori».

Lan mundua euskalduntzeko prozesuan aitzindari izan nahi dutenez, alorrean «eredugarri» jarduteko konpromisoa ezarri diete beren buruei. «Eta hori presioa ere bada guretzat», onartu du Mendiguren. Bidean enpresetako zuzendaritzen babesa ezinbestekoa dela onartu dute biek. «Edo denon kontua da, edo inorena ere ez», ohartarazi du Sagarnak. Kontseiluaren abaroa ere eskertu nahi du. «Hau Kontseilurik gabe ezinezkoa litzateke».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.