Fokuetatik urrun

Ainara Arratibel/ 2015-09-23 / 1.490 hitz

Aktoreen eta zuzendarien oihartzunetik harago, asko dira bederatzi egun hauetan Donostiako Zinemaldiaren inguruan dabiltzan pertsonak. Batzuk lan eginez eta besteak gozatuz, Zinemaldiak Gipuzkoako hiriburuari egiten dion ekarpena nabarmendu dute guztiek.

Kursaal jauregiko eta Viktoria Eugeniako inguruak jendez gainezka daude. Ez dute aktoreen eta zuzendarien sonarik, baina haiek ere ezinbestekoak dira Donostiako Zinemaldiak duen oihartzuna izan dezan. Aktoreei jaten emanez, filmak ikusiz, bisitariei informazioa emanez, albisteak idatziz… Denek egiten dute beren ekarpentxoa. Filmak ikusteko aukera izan dutenek aurtengo Zinemaldiaren maila nabarmendu dute; ikusi ezin dutenek, berriz, beren modura gozatzen ari dira Zinemaldiaz. Hori bai, fokuetatik eta alfonbra gorritik urrun.

1. MARTA GARCIA

Okendo tabernaren jabea

«Gero eta gehiago kostatzen da aktoreak tabernara ekartzea»

Urteko egunik garrantzitsuenak. Halakoxeak dira Zinemaldiak irauten duen bederatzi egunak Okendo tabernarentzat. Maria Cristina hotela eta Viktoria Eugenia antzokiaren parean, taberna Zinemaldiaren ikurretako bat da. 1924an zabaldu zuten, eta ordutik hiru jabe izan ditu. Marta Garcia da gaur egun arduraduna. «Hasiera batean hirian egiten ziren ospakizunetako eta jaietako kartelak jartzen genituen tabernan: Zinemaldia, Jazzaldia, Kontxako Estropadak… Hori zen berezitasuna. Baina nire aitari zinema eta argazkilaritza gustatzen zaizkio. Hala, Zinemaldiarekin harremanetan jarri, kreditatu eta argazkiak ateratzen hasi zen. Orain, Zinemaldiko argazki horiek betetzen dituzte gure paretak», azaldu du Garciak.

Bi motatako argazkiak dira: tabernatik pasatutako aktore eta zuzendarienak eta prentsaurrekoetan ateratakoak. «Egunero atera, eta argazki dendan inprimatu ostean, paretan jartzen ditugu, baita bezeroentzat erabiltzen ditugun mahai zapietan ere». Zinemaldian lan handia izanda, hori egitea «zoramena» dela aitortu du: «Baina nortasun bat ematen dio tabernari, eta guretzat oso inportantea da hori. Taberna hartu genuenean, gainbeheran zegoen, eta batez ere Zinemaldiarekin duen loturagatik egin da ezagun».

Duela hamasei urte hasi ziren hori egiten, eta harrezkero aktore eta zuzendari ugari pasatu dira tabernatik. «Batzuk aipatzearren, Sean Pean, Hector Elizondo eta Ernest Bornay aipatuko nituzke». Aurten etorri direnen artean, Ricardo Darin nabarmendu du. «Sekulako zalaparta sortu zen, eta jendea txalotzen hasi zen. Paco Leon eta Javier Camara aktoreekin batera bazkaldu zuen». Ilusio berezia egin zion Garciari Darin ikusteak. «Oso aktore ona da, eta ikaragarri atsegina eta umila da. Hasieratik esan zigun jartzen geniona gustura jango zuela». Dena den, nabarmendu du gero eta zailagoa dela aktoreak tabernara ekartzea. «Sean Pean, adibidez, duela urte batzuk etorri zen. Orain, oso zaila izango litzateke hori lortzea. Aktore gehienak oso ordu gutxi etortzen dira, eta agenda oso estuarekin. Gainera, denek dute segurtasuna. Oso gutxi irteten dira protokolotik, beste mota batekoak dira, batez ere Ameriketako Estatu Batuetakoak».

Zinemaldiak izandako aldaketarik handiena Kursaalera zabaldu izana dela iruditzen zaio: «Oso ona da Zinemaldia beste auzo eta gune batzuetara zabaltzea. Baina xarma pixka bat ere galdu du horregatik. Aktoreek, kasu askotan, autoz egiten dute Kursaalera arteko bidea, baina lehen beti oinez. Horregatik, gutxiago pasatzen dira tabernatik».

Dena den, oso eskertuta daude Zinemaldiarekin. «Urte osoan bisitari asko etortzen dira Zinemaldiko argazkiak dauden taberna garen galdetuz, eta konturatzen zara leku batean baino gehiagotan gomendatu dutela taberna. Eskertzekoa da hori. Zinemaldiak asko ematen digu». Egun hauetan ere bisitari ugari daude. «Zerbait hartzera etortzen dira, aktoreren bat ikusteko itxaropenez. Badira Zinemaldian lan egiten ari direnak ere». Lan handiko egunak dira haientzat ere. «Zerbitzuak oso luzeak eta azkarrak dira, jende gehiena presaka etortzen baita. Aurrez erabakitako menu bat dugu. Azkar egiten da, eta hemengo platerak ditu: adibidez, txipiroiak. Asko gozatzen dugu, baina nekagarria ere bada».

Dena den, ahaleginak merezi duela dio. «Pena da ni ezin naizela joan filmak ikustera, aita bezala oso zinemazalea bainaiz. Baina bederatzi egun hauetan hamar ordu egiten ditut lan, eta, beraz, ezinezkoa da. Truman filmaz oso ondo hitz egin didate, eta espero dut gero ikustea».

2. JUAN CARLOS RENTERO

Kazetaria

«Aurtengo filmen kalitatea aurreko urteetakoa baino hobea da»

Juan Carlos Rentero kazetariak 31 urte daramatza Donostiako Zinemaldira etortzen. 1984. urtean izan zen estreinakoz, eta 1988tik ez du huts egin. Hasiera batean El Imparcial egunkariarentzat egiten zuen lan; gero, Dirigido Por eta Casablanca aldizkarientzat. Orain, berriz, zinemari buruzko liburuen argitaletxe bat du: Ediciones JC Clementin. «Jendeak, ikusi ez ezik, zinemaz ere irakurtzen du. Pena da gero eta liburu gutxiago irakurtzen duela eta sektorea ez dagoela oso ondo».

Zinemari buruzko urtekari bat dute argitaletxean, eta hor sartzen dituzte Zinemaldiko filmei buruzko kritikak. Urtekaria izanda, lasaiago ibili eta zinemaldiaz gehiago gozatzeko aukera ematen dio. «Askoz gehiago aztertzen ditut filmak. Egunean egunekoa idaztea zoramena zen, oso nekagarria. Orain gehiago gozatzen dut, hemen oharrak bakarrik hartzen baititut. Madrilera itzultzean idazten dut».

Hiru bat film ikusten ditu egunero batez beste. «Goizean ez dut pelikularik ikusten. Euria egin arren hondartzara joaten naiz, bainu bat hartu eta osteratxoa egitera. Zoragarria da. Hori ere bada orain dudan abantailetako bat. Hiriaz ere goza dezaket… Lana eta oporrak uztartzen ditut egun hauetan. Salbuespena bihar [atzo] izango da, Woody Allenen filma ikustera joango naiz, goizez».

Zein film ikusi aukeratzeko orduan senari jarraitzen dio. «Sinopsiak gutxi irakurtzen ditut. Begiratzekotan, zuzendaria eta titulua begiratzen ditut, eta horren arabera joaten naiz ikustera. Harritzea gustatzen zait». Horrek bere alde onak eta txarrak dituela aitortu du. «Adibidez, Truman oso film ona da, baina jakin izan banu ez nintzen ikustera joango. Minbizia du protagonistak, eta oso gogorra egin zitzaidan».

Aurtengo filmen kalitatea goraipatu du. «Lau bat film ikusi ditut sari bat irabazteko moduan. Denen artean Truman nabarmenduko nuke. Isla Bonita, Sicario eta Mi Gran Noche ere asko gustatu zaizkit. Uste dut batez besteko maila aurreko urteetakoa baino hobea izaten ari dela». Azken urteetan Donostiako Zinemaldia asko hazi dela uste du. «Lan handia egiten ari dira Zinemaldia atzerrian ezagunago egiteko, eta bere fruituak ematen ari da. Oso zuzendaritza serioa eta ona dauka». Aurten inoiz baino jende gehiago dagoela uste du. «Ikaragarria da. Filmak hasi baino ordubete lehenago ilara luzeak daude».

3. NEREA ARREGI

ETA MARINA ARRIETA

Zinemaldiko harrera guneko langileak

«Zinemaldiak duen dimentsioaz jabetzen zara lanean zaudenean»

Informaziorako hainbat toki ditu Zinemaldiak, eta horietako batean ari dira lanean Nerea Arregi eta Marina Arrieta. Aitortu dute ez direla oso zinemazaleak, baina ilusio handia egiten die Zinemaldian lan egitea. Arregik bigarren urtea du bertan lanean, eta Arrietak, lehendabizikoa. «Ni lehenago egonda nengoen boluntario moduan, baina orain langile gisa ari naiz», azaldu du Arrietak. Turismo ikasketak egiten ditu, eta uste du aukera handia dela Zinemaldian lan egiteak. «Atzerriko jende asko dator, eta aukera ematen dizu, adibidez, hizkuntzak praktikatzeko». Arregiren kasuan, jendaurrean lan egitea atsegin du. «Jendearekin tratua ikaragarri aberasgarria da. Lehen aldiz aritu nintzenean, asko gozatu nuen, eta horregatik erabaki dut errepikatzea».

Kreditazioak banatzea, zinemaldiaren programazio liburua saltzea, hiriari buruzko mapak ematea… Denetik egiten dute. «Kritikari lana egitea ere egokitzen zaigu. Baten bat beti etortzen zaigu gomendioa eskatuz. Guk beti erantzuten diegu ez ditugula filmak ikusi. Harritu egiten dira, baina hala da. Gainera, gu ez gara adituak. Pentsa zer gertatuko litzatekeen baten bati gustuko ez duen film bat gomendatuz gero…», dio irribarrez Arregik. Lanean arituz, filmak ikusten denbora gutxi dute. «Gogoa izaten dugu, egunero banatzen baitugu hemen Zinemaldiko aldizkaria, eta beti botatzen diezu begiratu bat sinopsiei. Baina nekatuta bukatzen dugu laneguna», azaldu du Arrietak. Oso lan dinamikoa dela argitu dute. «Egia esan, jendea sartu eta atera ari da denbora guztian. Aspertzeko denbora gutxi daukagu. Pozgarria da hiria horrela ikustea, hainbeste bisitarirekin».

Lanak aukera eman die jabetzeko zein lan egiten den Zinemaldiaren atzean. «Garai batean ikusle moduan joaten ginen, baina oso bestelakoa da ikuspegia. Lanean konturatzen zara zein dimentsio duen Zinemaldiak. Ikaragarri da, baina ez da ikusten» .

4. MILAGROS HUIZI

Zinemazalea

«Hemengo ikusleek, agian, errazegi egiten diete txalo filmei»

Lekunberrikoa (Nafarroa) da, baina Valladoliden (Espainia) bizi da Milagros Huizi. Duela hogei urte hasi zen etortzen Donostiako Zinemaldira, eta ordutik ez du huts egin. «Erretiroa hartu aurretik asteburuetan bakarrik etortzen nintzen, baina orain aste osoa pasatzen dut zinema ikusten». Programazioa aurkeztu, eta berehala hasi zen filmei buruz sarean arakatzen. «Gehienetan, sinopsia begiratu, eta horren arabera aukeratzen dut. Baina gustatzen zait baten bat zertaz doan jakin gabe ikustea». Donostian dituen lagunei eskerrak eman nahi izan dizkie. «Haiek dira, nire partez ilara luzea egin, eta sarrerak hartzen dizkidatenak. Haiek gabe ezinezkoa izango zen». Egunero batez beste hiruzpalau film ikusten ari da. «Egunen batean sei ikusi ditut. Egokiena, dena den, hiruzpalau dira. Bestela, gehiegi nekatzen zara, eta hori ez da kontua. Gozatzera etortzen naiz. Gainera, hemen ditudan senideekin egoteko ere aprobetxatzen dut».

Zinema «dena» da Huizirentzat. «Nerabea nintzenetik oso zalea izan naiz. Astialdirako, egunerokotik ihes egiteko eta imajinaziorako modu bakarra zen orduan». Zinemaldiko sailen artean, Perlak eta Horizontes Latinos ditu kuttunen. «Latinoamerikako zinema izugarri gustatzen zait, eta azken urteetan uste dut munduko onenen artean dagoela. Gainera, nire bizitzarekin eta kezkekin zerikusi gehiago du, Ameriketako Estatu Batuetakoak baino». Sail Ofizialeko baten bat ere ikusten du, baita zuzendari berrien ataleko baten bat ere. «Beti ekartzen dute ideia berritzaileren bat». Autoreko pelikulak dira harentzat onenak. «Gauza sakonak planteatzen dituztenak baina ez konplexuak. Batez ere gizarte gaiak lantzen dituzten filmak gustatzen zaizkit. Zinemak aldarrikapenerako eta salaketarako tresna bat izan behar du, errealitatea erakutsi. Ez bakarrik entretenitu».

Hain zuzen ere, Donostiako Zinemaldiko filmek duten kalitatea nabarmendu du. «Uste dut hautatzaileak nahiko fin aritzen direla». Ikusleei egin die kritika txikia. «Uste dut errazegi egiten zaiela txalo filmei». Dena den, hirian dagoen giroa nabarmendu du. «Hiri osoan dago zinema giroa, eta hori oso inportantea da. Zinemaldia Kursaalera zabaltzeak beste dimentsio bat eman dio».

Hurrengo zinemaldia Valladolidekoa izango du. «Urriko azken astean egingo da. Baina han gehienez bi film ikusten ditut eguneko. Hango zinema giroa serioagoa da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude