Klimaren berotzea aurrera

Koldo Nuñez / 2015-09-20 / 230 hitz

Datozen egunotan 2015eko uda amaituko da. Datu historikoak dauzkagunetik, aurtengo uda inoizko beroena izan da ipar hemisferioan, eta azken hamarkadetan ikusi den tenperaturen goranzko joera berriz bete da. Beroena eta lehorrena izan da leku askotan, eta marka asko gainditu dira, esaterako, Iberiar penintsulako leku askotan. Datuak biltzen hasi zirenetik, beroaldi luzeena eta beroena gertatu da aurten penintsulan. Antzekoa gertatu da Europa, Asia eta Ipar Ameriketako hainbat tokitan. Uda ez ezik, urtearen lehenengo sei hilabeteak ere beroenak izan dira ipar hemisferioan.

Eta beroarekin batera, lehorte gogor eta iraunkorrak etorri dira. Esaterako, Kalifornian lehorteak uraren eskasia ekarri du. Horri aurre egiteko, lur azpiko akuiferoetatik ur kopuru handia ari dira ateratzen, urtegi asko husten ari baitira. Ondorioz, lur azpiko uraren maila jaisten ari da, eta horrekin batera, lurrazalaren altitudea. Esaterako, San Joaquin eta Sacramento haranetako leku batzuetan azken hilabeteotan lurrazala bera hilabetean lau bat zentimetro ari da jaisten, eta dagoeneko 30 zentimetro baino gehiago jaitsi da guztira lehortea lehengo urtean hasi zenetik. Euri aroa hasi eta lur azpiko egitura tektonikoetara ura itzultzen denean, lurrikarak abia daitezke uraren lubrifikazioagatik.

Calgaryko Unibertsitateko ikertzaileek aurtengo udan Kanadako Artikoko Ellesmere irlaren iparraldean behin betiko iturri bat aurkitu berri dute, inoiz aurkitutako latitude altuenekoa. Iturri hori basamortu polarrean dago, eta urtzen ari diren izotzetatik omen dator. Klimaren berotzea gero eta azkarrago gertatzen ari da. Ondorio latzenak oraindik etortzeko omen daude, baina bitartean betiko inertzia kutsatzailearekin segitzen dugu itsuki.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude