Tabakaleraren aitzakiaz

Jabier Muguruza / 2015-09-20 / 399 hitz

Orain dela gutxi, idazle donostiar batek zera bota zidan, tupustean: «Jabier, gauzak gaizki planteatzen ari gara esaten dugunean administrazioak ez duela kulturarako dirurik jartzen; kritika hori ez da zuzena, ez da zehatza, kulturan dirutza handiak gastatzen baitira hemen: eraikin ikaragarriak, ebentoak noiznahi, sekulako azpiegiturak, jende pila bat proiektu erraldoi horietan guztietan lanean… Kalkulua egingo bagenu, hemen bertan, Donostian, azken urteotan zenbat miloi euro joan diren, harrituta geldituko ginateke. Kulturan dirua gastatzen da, barra-barra gastatu gainera, dirurik jasotzen ez dugunok geu gara; kultura egiten dugunok, arte-diziplina desberdinetako egileak (‘sortzaileak’ esan zuen berak, baina niri hitz hori ez zait sobera gustatzen)».

Pentsakor gelditu nintzen egun hartan, gogoeta argigarria iruditu zitzaidan izen handiko idazle harena, eta oraindik ere hortxe jarraitzen du, nire buruan iltzatuta.

Gaur bertan —Tabakaleraren inaugurazioaren harira, zerbait idazteko eskatu didaten honetan—, horixe izan da gogora etorri zaidan lehen ideia: kulturan dirurik ez dela gastatzen diogunean, gaizki ari gara kontua planteatzen, dirutza handiak gastatzen baitira arlo horretan.

Jakina, hari horretatik tiraka, eredu kulturalaren arazoa planteatzen zaigu beste behin ere, gurea bezalako giza-komunitate txiki batentzat funtsezkoa den auzia. Nik, era honetako azpiegiturak, espazio txikiagoak eta gune autogestionatuagoen uztarketa defendatuko nuke eredu orokor gisa.

Beraz, printzipioz kontra ez nagoenez —eta ohiko jarrera negarti-biktimistetan ez erortzearren— ideia baikor pare bat planteatuko dut, Tabakaleraren etorkizunari begira.

Informazio zehatzik ez dut oraingoz eskuratzerik izan, baina orain arte irakurri eta entzun dudanaren arabera, proiektu honen ardatza, alderdi bisuala izanen da, irudiaren ingurukoa. Hori ondo ikusten dut (ez da txistea), baina, horrekin batera, hitzaren kulturaren (isiltasuna barne) aldarrikapena egingo nuke (notena ere bai, bide batez). Badakit, bai, irudia dela gaur egun, baita kultur munduan ere, nagusitu den totem eztabaidaezina, ezin dela horren kontra ezer handirik egin, baina ez dezagun ahaztu, badaezpada, norberaren pentsamendua hizkuntzaren bidez egituratzen dela.

Modu berean, artera hurbiltzeko orduan, patxada, sosegua, sustatu beharko luke Tabakalerak, obrari luze adi egotea baita, John Bergerrek ondo zioen moduan, bide bakarra dena «jaso» ahal izateko. Puntu horretan ere gaur egungo tsunamiaren kontra borrokatzea litzateke («dena istantean, hamaika gauza aldi berean»), badakit, baina noiztik izan da kultura konformista?

Azkenik, espero dut Tabakalera ez izatea «ebentoen kultura» delakoaren beste azpiegitura erraldoi bat, eta hemengo egileen lana aintzat hartzea.

Miren Eraso zenak esaten zuen Artelekuk asko lagundu zuela belaunaldi baten «artista izateko desioa» indartzen. Ez zait iruditzen lorpen makala. Ildo horretatik, Tabakalerak lagunduko balu kulturara -espiritu kritikoa eta sentiberatasuna areagotzen dituen kulturara- hurbiltzeko hiritarren desioa indartzen, asko litzateke, nire ikuspuntutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.