Trans gantzak, zokoratze bidean

Ainara Arratibel Gascon / 2015-09-09 / 821 hitz

Ameriketako Estatu Batuetako elikadura enpresek trans motako gantzak erabiltzeari utzi beharko diote 2018rako. Gantz horiek beste edozein herrialdetan baino gehiago kontsumitzen dira han, eta gero eta ikerketa gehiagok frogatzen dituzte osasunean eragiten dituzten kalteak.

Ziurrenik, azken hamarkadetan elikaduraren alorrean hartu dugun erabakirik garrantzitsuena da». Ameriketako Estatu Batuetako Zientziaren Zentroko zuzendari exekutibo Michael Jakobsonek hala defendatu du elikagaietatik trans motako gantzak ezabatzeko hartu duten neurria. Jakobson izan da erabakiaren bultzatzaile nagusietakoa, eta azken ebazpena Ameriketako Estatu Batuetako Botika eta Elikagai Agentziak hartu du. Elikagai industriak hiru urte ditu gantz horiek jakietatik kentzeko. Jakobsonek aitzakiarik ez jartzeko eskatu dio elikadura industriari, eta arduraz jokatzeko: «Produktu batzuetan gantz horiek ezinbestekoak direla argudiatuko dute, baina ez da horrela. Gobernuak argi du hori, eta ez du atzera egingo».

Izan ere, nahiz eta azken bi hamarkadetan %78 gutxitu den gantz horien kontsumoa Ameriketako Estatu Batuetan, oraindik ere osasun publikoko arazo bat da, Jakobsonen hitzetan. Elikadura aditu eta dietistek egokitzat jo dute neurria, baina nabarmendu dute elikadurari eta sukaldaritzari lotutako heziketa gehitu behar zaiola horri.

Blanca Garcia nutrizionistak, adibidez, ohartarazi du gantz guztiak kontsumitu behar direla neurrian. «Ezinbestean hartu behar dira, baina tentuz. Gainontzean, kolesterola eta gizentasuna izan daitezke». Badira, dena den, kaltegarriak diren gantz batzuk: trans motakoak. Berez, animalia jatorriko jakietan aurki daitezke trans gantzak. Animalia askok modu naturalean sortzen dituzte. «Baina produktuetan oso kantitate txikian aurkitzen dira. Astean behin edo bi astetik behin txerri txuleta jategatik, adibidez, ez da ezer gertatzen», azaldu du Arantza Lorenzo elikadura adituak.

Hain zuzen ere, ez dira trans gantz horiek debekatu dituztenak, baizik eta esku hartze industrial baten bidez lortzen direnak. Jatorri begetaleko gantzen bidez eskuratzen dira. Gantz horiei hidrogenazio prozesu bat egiten zaie. Horren bidez, jatorri begetaleko koipeak gantz solido bihurtzen dira. Hala, atzeratu egiten dute jakien iraungitze eguna, eta zaporea eta testura areagotu. «Elikadura aldetik ez dute baliorik. Horiek gabe, primeran elika gaitezke», dio Lorenzok. 1960ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen. Izan ere, kostu txikiagoa zuten elikadura industriarentzat, eta, gainera, uste zen animalia jatorriko gantzen ordezko ona zirela. Hala, berehala hasi ziren hainbat jakitan erabiltzen: opiletan eta janari lasterreko produktuetan, adibidez. Azken bi hamarkadetan, ordea, ikerketa ugari argitaratu dituzte gantz horiek osasunean eragiten dituzten kalteen inguruan. Izan ere, LHD motako kolesterolaren —kolesterol ona— kopurua gutxitzen dute odolean, eta HDLarena—kolesterol txarra—handitu. The New England Journal Medicine aldizkariak ateratako ikerketa baten arabera, egunero gantz horien bost gramo kontsumitzeak %25 areagotzen du bihotzekoa izateko arriskua. «Memoria arazoak, obesitatea, depresioa eta diabetesa izateko arriskua ere handitzen dute», nabarmendu du Lorenzok. Gainera, kalte horiek askotan ez dira berehalakoan agertzen. «Edo kalte horiei ez zaie behar besteko garrantzia ematen. Adibidez, nik ezagutzen ditut kolesterol altua duten haurrak, gaizki elikatzen direlako. Hori denboran luzatuz gero, oso kaltegarria izan daiteke», gogorarazi du Garciak.

Muga eta debeku neurriak

Kalteak ikusita, hainbat herrialdetan jada indarrean daude debeku neurriak: Danimarkan, Austrian, Suitzan eta Islandian, adibidez. Danimarka izan zen aurrenekoa gantz horiei muga jartzen. Bertan ekoizten eta saltzen diren jakietan, trans motako gantzen kantitatea ezin da izan %2 baino altuagoa.

Ameriketako Estatu Batuetan, gantz horien kontsumo handia ikusita, 2003an hasi ziren neurriak hartzen. Urte hartan, produktuen etiketetan trans gantzen kantitatea jartzera derrigortu zituzten elikadura enpresak. Horri lotuta, gainera, trans gantzen kontrako herri mugimendu indartsu bat sortu zen. Hala, Tiburon hiriburuko jatetxeetan ez dira gantz horiek dituzten produktuak erabiltzen.

Lorenzoren ustez, Ameriketako Estatu Batuetan hartu duten neurria «egokia» da. «Erakusten du Ameriketako Estatu Batuetan hasiak direla elikaduraren inguruan kezkatzen, eta konturatu direla zer arazo duten gantz horiek gehiegi kontsumitzeagatik». Baina, haren ustez, ez da nahikoa. «Debekua ezin da izan kontsumoa apaltzeko bidea; hori baino garrantzitsuago da heziketa. Benetako ohitura aldaketak heziketaren bidez lortu behar dira, eta txikitatik egin behar da».

Heziketa eta ohitura aldaketa hori aipatzean, Euskal Herriari ere erreparatzen dio. «Hemen ere hutsune bat dago esparru horretan. Ez dago elikadurari eta sukaldaritzari lotutako ikasgai bat; gai solteak baino ez dira ematen, eta, batez ere, ikuspegi teorikotik. Nik uste ikasgai praktiko bat egon beharko lukeela, haurrek eta gazteek ondo eta osasuntsu elikatzen eta kozinatzen ikasteko». Bat dator horrekin Garcia. Hutsune hori egungo elikadura ohituretan igartzen dela uste du. «Hemen ez gaude Ameriketako Estatu Batuen mailan, baina gure bizimoduan daukagun presa horrek trans gantzak gehiago kontsumitzera eraman gaitu. Erosotasunera eta azkartasunera jotzen dugu, batez ere jende gazteak: aurrez prestatuko jakiak, izoztutakoak, snack-ak… Ez dugu denbora hartzen kozinatzeko, eta jaten dugunaz hausnartzeko. Gainera, lehen baino bizimodu sedentarioagoa daukagu; beraz, ez ditugu hainbeste gantz erretzen».

Hori aldatu egin behar dela esan dute biek, eta hemen ere neurriak hartu behar direla. Hartuz gero elikadura industriaren presioak egongo direla uste dute. «Azken batean, gantz horiek merkeagoak dira, eta, debekatuz gero, ahalegin handiagoa egin beharko dute ikerketan eta garapean. Gainera, bestelako produktuak erabiliz gero, produktuen prezioak igo beharko dituzte, eta negozio ikuspegitik ez zaie interesatuko. Baina ahalegina egin beharko lukete. Eroskik, adibidez, gantz horiek kendu ditu bere marka zuriko produktuetatik», azaldu du Garciak.

Aldaketa izateko beste arazoetako bat hauxe izan daiteke: jendeak gero eta gehiago jaten du begiekin. «Janariaren itxurari gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu, eta trans gantzek itxura horretan laguntzen dute», berretsi du Garciak. Dena den, biek uste dute etorkizuneko joerak kontsumoa apaltzeko izan behar duela. «Jendeak zein kaltegarriak diren konturatu behar du». Bide horretan pedagogia egiten jarraitzean ikusten dute gakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.