Aisialdiko heziketarako formazioaren garrantziaz

Atzio Orexa Elizegi / 166zbka. – 2015/10 / 323 hitz

Zertarako balio du formazioak? Zein ekarpen egiten du aisialdiko heziketan lan egiteak? Bestelako gizarte bat eraikitzen laguntzen al du aisialdiko heziketak? Urtxintxak 28 urte daramatza aisialdiko heziketan lanean, formazioan eta haur zein gazteekin lanean.

Aisialdirako heziketa jasotzea titulazio bat eskuratzea baino gehiago da. Urtxintxaren DNAn txertatua dugun balioa da, nahiz eta, noski, ez diogun muzin egiten titulazioa lortzeari. Egia da agiri bat lortzen dela, baina guretzat hori baino garrantzitsuagoa da aisialdiko esparruko hainbat ikastarotan ikasleak bizitzen duen prozesu pertsonala. Horrela, begirale, zuzendari zein ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek bizitzarako baliagarriak zaizkien hainbat ezagutza eskuratzen dituzte, gizarte berri bat eraikitzeko ardura dugun hezitzaileok ezinbestekoak ditugunak, haur eta gazteekin lanean modu koherenteagoan aritu ahal izateko behintzat.

Zentzu horretan, aipatzekoa da heziketaren arloko paradigmak iraultzeko garaian bizi garela, non harreman estilo zein antolakuntza eredu berritzaileak inoiz baino ezinbestekoagoak ditugun. Haurrek zein gazteek euren aisialdiaren protagonistak izan behar dute. Horrela, egitura horizontaletan bizitzea ohitura bihurtu behar da, hierarkia eta antolakuntza bertikalen ondorio negatibo zein alienagarrietatik urrun. Nahiz eta jakin aurrerapausoak polikiago ematen direla, talde lanean bizitzen ikasten dugu, dagozkion ardura, konpromiso eta betebeharrekin, urrutirago heltzeko bidea horixe baita. Munduan bi pertsona berdin ez daudela kontutan hartuta, harreman osasuntsuak jorratzen ditugu, bakoitzak une bakoitzean behar duena errespetatzen jakinda.

Garai berri baterako prestatuak egotea dagokigu, eta era berean, gizarteak dituen behar berriei erantzuten jakin behar dugu. Jakin badakigu beti berdin jokatuz gero betiko emaitzak lortuko ditugula. Horretarako formazio prozesuak ezinbestekoak dira. Ez bada horrela, hezitzaile garenok guk geuk haurtzaroan bizitakoa errepikatzeko arrisku handia baitugu, inertziaz, oharkabean. Eta horrek, ziur ez duela asebeteko egungo gizarteak garrasi isilekin behin eta berriz aldarrikatzen dituen beharrak.

Aisialdiko heziketan lan egitea plazera da. Ez ditugu besteek inposatutako curriculum hertsiak bete behar. Gure lana nagusiki harremanetan oinarritzen dugu, burutzen ditugun ekintzak bitarteko direlarik. Gainera, askatasun esparru batean aritu ahal izateak pertsona libreak hezten ditu, ekimenekin, sormenarekin, kritikotasunarekin, elkartasun eraginkorrekin. Hori da gure xedea, hori da gure bidaia orria. Gonbidatuta zaude!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude