Batailoi bat amets zapuztu

Amagoia Iban / 2015-10-07 / 1.094 hitz

Gure azken ekintza trenbide ondoan zegoen fortifikazio izugarri bat izan zen. Gure aurretik bidali zuten Leclerq batailoia tanke eta guzti saiatu zen, baina alemanek lur arrasean tiratzen zuten eta birrindu zituzten. Abisinioek ere ez zuten deus lortu. Deitu ziguten, eta erasotzeko agindu: arratsaldeko bostetarako hartuta egon behar zuen, eta ezin genuen atzera egin %70 baino baja gutxiagorekin». Euskal gudariak abisiniarren ondoan, alemanen kontra, 1945eko apirilaren 14tik 19ra bitarteko Medoceko (Okzitania) borrokaldietan, Frantziako armadaren Marokoarren eta Atzerritarren 8. Erregimentu Mistoaren adar bihurtuta. Kepa Ordoki (Irun, Gipuzkoa, 1912-Baiona, 1993) komandantea, eta haren aginduetara dozenaka gudari. EAE-ANVko kidea, 36ko gerrako ofizial beteranoa zen Ordoki, hari egokitu zitzaion euskal herritarrez osatutako batailoi bat gidatzea II. Mundu Gerrako azken oldarraldi haietan.

«La Rochelle eta Verdun aldean ibili ginen. 30-40.000 aleman zeuden han, Francok bidalitako txokolate, tabako eta lataz ondo hornituta. Gero 40. kota deiturikoan aritu ginen, Pointe de Graven. Gogoan dut nola agindu ziguten artileria postu batzuk gureganatzea. […] Odol asko isuri zuten euskaldunek alemanen kontra». Kepa Ordoki berriz ere, 1988ko udazkenean Larrun aldizkariak argitaratu zuen elkarrizketa luzean. Haren agindupeko batailoiko bost gudari hil ziren azken borrokaldi haietan. Juan Jose Jauroso Sasia sozialista. Alonsotegikoa (Bizkaia) zen; 29 urte zituen. Felix Iglesias Mina komunista. Atarrabiarra (Nafarroa) jaiotzez; Errenterian (Gipuzkoa) bizi zen; 32 urte zituen. Anton Mujika Arrizabalaga. Jeltzalea. Donostian jaioa, Tolosan (Gipuzkoa) bizi zen; 19 urte zituen. Antton Lizarralde Garamendi. EAE-ANVko kidea. Durangokoa (Bizkaia) zen, 37 urte zeuzkan. Prudencio Orbiz Uranga anarkista (Villabona, 33 urte). Beste 23 gudari zauritu egin ziren.

Berlin erortzear zen. Naziak garaitzeko aparraldian, Jose Antonio Agirre lehendakaria aurrean, minutu bat egin zuen Charles De Gaulle jeneralak ikurrinaren aurrean, soldaduei errebista pasatzen ari zela. «Frantziak ez du sekula ahantziko bere lurra askatzeko euskaldunek egindako borroka», esan zion buruzagi frantsesak Ordoki komandanteari. Frantziak ahaztu egin zuen, baina. Eta ez zen bakarra izan.

Ahanzturaz

«Ez dut errango Gernika batailoia ahantzia izan denik, baina lan gutxi egin izan da haren inguruan, eta lan hori oso gutxi agertu izan da. 36ko gerra egin eta galdu; diktadura bat jasan eta ihes egin, erbesteak dakarren guztiarekin; eta erbestean, bertze gerla batean parte hartu zuten, unitate militar batean sartu eta beren bizia eskainiz. Askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu ziren». Franck Dolosor kazetariarenak dira hitzok. Berak idatzi du Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa dokumentalaren gidoia, Iban Gonzalez zuzendariarekin batera. Euskal Herrian, Frantzian, Alemanian aurkitutako ikus-entzunezko materiala biltzen, elkarrizketak egiten eman ditu azken hilabeteak. Elkarrizketa horietako batzuk, Francisco Perez Lusarretari (Jaurrieta, Navarra, 1922) eginikoak, dokumentalaren hari nagusia bihurtu dituzte. Bere burua libertariotzat dauka Perezek, eta BERRIAri maiatzean adierazi zion zerk eraman zuen Gernika batailoian parte hartzera: «Batailoian abertzaleak nagusi ziren. Ni, berriz, jazarpenaren, injustiziaren eta faxismoaren kontra altxatutako banako bat izan naiz. Faxismoak nire familia [36ko gerran] hainbeste kaltetu zuen, horren kontra egin nuen».

1945eko urtarril amaieran egin zuen Euskal gazteriari deia, nazismoaren kontra borrokatzeko gazteek izen eman zezaten. Jesus Maria Leizaolak sinatu zuen testu hura, II. Mundu Gerran ere, 36koan legez, totalitarismoaren kontra egin behar zela esanez. Dei hari erantzun ziotenek osatu zuten Gernika batailoia, eta talde hark izenetik beretik zekartzan 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpeak Euskal Herriari egindako kaltearen oihartzunak: 1937ko apirilaren 26an Francoren aliatuek —aleman naziek eta italiar faxistek— suntsitutako herriaren izenean zihoazen aliatuekin borrokara; nazismoa eta faxismoa garaitu ostean Franco eraitsi eta Hego Euskal Herria askatzea amesten zuten Jaurlaritzako buruek. Hala dago jasota Eibarko Udal Artxibategiko Andres Prieto Aranaren (Eibar, Gipuzkoa, 1918- Valentzia, 2010) agiri bilduman. Sozialista zen Prieto, eta Gernika batailoiko idazkari egin zuten. Hark gorde zuen batailoiko kideen fitxategia —217 fitxa dira guztira—; hark gorde zituen gutun, argazki, zerrenda eta jakinarazpen ugari. Agiri horietan aurki daiteke, esaterako, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak kontrolatuko zituen 7.500 tropako gudarostea sortzeko plana, Gernika batailoiko kideak gudaroste horren ernamuin bihurtuta. «Herriguneak, mugak, kosta, errepideak, trenbideak zaintzeaz arduratuko dira, eta liskarrak jazartzeaz. […] 7.500 bat gizonek osatuko dituzte indarrok. […] Eskola militar bat sortu behar litzateke berehala».

Andres Prietoren agirien artean ageri da, baita ere, batailoiko kideak trebatzeko topografia ikastaro baten programa. Ikastaro ugari jaso zituzten batailoiko kideek, izan ere. Paris inguruko Rotschild jauregikoak izan ziren ezagunenak.

114ko komandoa

Ranger britainiarren eta amerikarren pareko trebakuntza jaso zuten Rotschild jauregian 114 euskal herritarrek. Pointe de Graven borrokatutakoak ziren haietatik %70. Hego Euskal Herritik propio joandako gazteak ziren komandoko gainontzekoak. AEBetako presidente Franklin Delano Rooseveltekin Agirre lehendakariak egindako tratuaren ondorioa izan zen ikastaro hura. Estatubatuarrek beren herria askatzen lagunduko ziela uste zuten Agirrek-eta. Tratu hark izan zituen beste ondorio batzuk ere. Estatubatuarren zerbitzu sekretuekin kolaboratu zuten euskal herritarrek —baita britainiarrekin eta frantsesekin ere—, esaterako. Roosevelt hil —1945eko apirilaren 12an— eta lagun amerikarren ametsa zapuzten hasi zenean ere bai. Horren adibide da Gotzon Arruti Larrañaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1924-1978).

36ko gerraren ondorioz ebakuatua, erbestean zaildua, Gernika batailoiko kide bihurtua, Rotschildeko gazteluan itzultzaile lanetan aritua, Venezuelaraino heldu zen Arritu zerbitzu sekretuetako agente lanetan. «Rotschilden ranger formazioa jaso zuten osabak eta gainerakoek, garaiko gerra material onenekin. Pertsonak hiltzeko hamaika modu erakutsi zizkieten. Baita tokiak memorizatzen ere. Beren biziak emateko eta besterenak kentzeko prest zeuden, itxaropen baten alde», dio Gotzon Arrutiren iloba Txominek. Historialaria da, eta Baleukok gaur Gernikan estreinatuko duen dokumentalean parte hartu du.

Duela 70 urteko ametsa bete gabe hil zen Gotzon Arruti. Baita batailoiko gainerakoak ere, Franck Dolosorren esanetan: «Gerra Hotza sartu zen berehala, eta komunisten beldurra nagusitu zen. Franco ez zen hainbesteko arazoa Roosevelten ondoren ezarri zuten Trumanentzat. Azkenean, bi hilabete eta erdi iraun zuen Rotschildekoak eta, hangoak bukatutakoan, berriz elkartu ziren Bordelen eta Baiona-Miarritzen». 1945eko irailaren 30ean desmobilizatu zituzten denak. 1947a arte mugaldeko mendietan bizi izan ziren haietako asko, ekintzarako agindu baten zain. Jaurlaritzaren Baionako ordezkaritza desegin zenean, ahal zuten moduan iraun zuten Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. «Asko eta asko, miseria ikaragarrian. Historia tristea da, hor zituzten itxaropen guztiak ez zirelako bete eta egun ere ez direlako oraindik beteak», erantsi du Dolosorrek.

Dolua, 70 urte geroago

Duela 70 urtekoak berreskuratzeko ahaleginak balio izan die, behintzat, Pointe de Graven hildako lehendabiziko gudariaren familiari. Antton Mujika Arrizabalaga 1945eko apirilaren 14an hil zen. Haren familiak orain jakin du non hil zen eta non dagoen ehortzia. Andres Prietoren agirietako baten arabera, Guillermo anaiaren izena eman zuen Antton Mujikak, zerbait gertatuko balitzaio bere berri eman ziezaioten. Anaiaren Donostiako orduko helbidea dago jasota agiri horretan. Donostian segitzen du Guillermo Mujikak. Baita Carmen arrebak ere. Pointe de Graven Gernika batailoiko kideei apirilean egin zitzaien omenaldiaren harira jakin zuten duela 70 urte desagertua zitzaien anaia Medocen hil zela. «Carmen eta Guillermo Mujikak bazuten anaiaren akordua. Carmenek gogoan du Antton Ondarretako kartzelan preso egon zela. Badaki kartzelatik irten eta gutxira, igande arrats batez, desagertu egin zela», dio Dolosorrek. Anaiaren azken hilabeteen berri 2015eko apirilean jakin dute mujikatarrek. Orain egin dute beren dolua. 70 urteren buruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude