Errefuxiatuak miseriatik ihesi

Ainara Arregi /166zbka. – 2015/10 / 993 hitz

Badirudi Europara iristen ari den giza oldeak gehiago arduratzen dituela Batasuneko agintariak errefuxiatuak bizitzen ari diren dramak baino. Egunero hildakoak eragiten dituen gertakaria hobeto ulertzen saiatzeko CEAR erakundeak Euskadin duen ordezkaritzako presidente Javier Galparsororekin eta duela hamar urte Euskal Herrira etorri zen Ayaz Miran siriarrarekin hitz egin dugu.

Siriako gerra inoizko errefuxiatu eta desplazatu gehien eragiten ari den gertakari historikoa da. Egunez egun, goraka doa sufrimendutik, minetik eta miseriatik ihesi doazenen kopurua. Ez da gustuz hartutako erabakia, behartuta baizik. Askok familia atzean utzi eta herrialdetik alde egin beharrean ikusi dute beraien burua. Errefuxiatuak dira gehienak. Batzuek Siria inguruetara alde egin dute, Jordania, Libano, Irak edota Turkiara, baina gehientsuenek beraien bizimodua arriskuan jarri eta Europarako bidea hartzea erabaki dute. Ez da bide erosoa inondik ere, trabak baino ez dituzte siriarrek errepresiotik ihes egiteko ibilbidean. Orain inoiz baino gehiago, laguntza behar dute.

Aitzitik, komunikabideetan ia egunero ikusten dugun bezala, errefuxiatu oldeak oztopoak aurkitu ditu Europara iristeko. Agintariak ezadostasunean eta kontraesanean murgilduta dabiltza; batzuek muzin egin nahi diote duela mende erdi baino gehiago Ginebrako Konbentzioan sinatu ziren errefuxiatuen oinarrizko eskubideei.

Euskadin mila bat errefuxiatu espero dira bi urteren buruan, eta administrazioak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek elkarlanean dihardute harrera hori ahalik eta egokiena izan dadin. CEAR da errefuxiatuekin lanean ari den erakundeetako bat. Javier Galparsoro CEAR Euskadiko presidentearekin izan gara. Galparsorok azpimarratu du penagarria dela Europako agintariek erabakiak hartu bitartean milaka lagunek beraien bizia arriskuan jarri eta asko nola hiltzen diren ikustea. Ildo horretan, gaineratu du: “Europa ez dago batuta, Europa batzartuta dago”.

Euskadira iritsiko diren errefuxiatuen kopuruari dagokionez, Galparsorok esan du ez dagoela kopuru zehatzik oraindik. Egunetik egunera handituz doa Europara iritsi nahi dutenen kopurua, haatik, zerbait zehaztu arte ez dago datu ofizialik. “Europak Espainiari zenbat errefuxiatu dagozkion esan arte, ezin dugu jakin Euskadira zenbat etorriko diren”, adierazi du.

Agintariak lotsagarri

Javier Galparsorok lotsagarritzat jo du Europako agintariek errefuxiatuak banatzeko darabilten zifra dantza. Bere hitzetan: “CEAR erakundearen bideoan jaso dugunez, honek guztiak enkante bat dirudi, ea zeinek gehiago eskaini. Alemania, Espainia eta Frantzia errefuxiatuak hartzearen aldeko dira, baina gainerako herrialdeek ez dute kontua batere argi ikusten”.Herritarrei, eta, batez ere, agintariei eta banketxeei errefuxiatuak hartzen laguntzeko bitartekoak eskaini ditzatela eskatzen die CEAR Euskadi erakundeko presidenteak: “Bankuak mugi daitezen eskatzen ari gara. Bankari on horiek erakutsi dezatela orain zein onak diren, eman ditzatela jendeak ordaindu ezin zituelako jaso dituzten etxeak errefuxiatuak hartzeko”.

Prozesua oso berde ikusten du momentu honetan, eta oraindik gogorrena iristeko dagoela uste du Galparsorok: “Errefuxiatuak Europa hotzera iristen ari dira, eta oraindik ez da negua iritsi. Agintariek ez badute ezer egiten, oraindik ere irudi gogorrak ikusi behar ditugu”.

 

Ayaz Miran: “Siriatik herri guztiak alde egin nahi du”

CEAR erakundeak Bizkiako hiriburuan duen egoitzan bildu gara Ayaz Miranekin. Kasualitatez, Ayaz eseri den jesarlekuaren atzean, Pablo Picassoren Gernika lanaren erreplika bat dago zintzilik; bi historia ezberdin, baina biak hur-hurrekoak.
Gaur egun langabezian dago, baina duela bost hilabetera arte metal arloan ibili da lanean. Euskal Herrian gustura bizi dela aitortu digu, baina, orain, bere burua Sirian gertatzen denari adi-adi jarrita du. Gurasoak jaioterrian gelditu dira anaia batekin batera, baina gainerako zortzi neba-arrebek herrialdetik ihes egin behar izan dute. Berak bizitako esperientziaz gain, Siria utzi eta Europan barrena abiatu den anaiaren nondik norakoez hitz egin digu.

Nola bizi da Sirian dagoen zure familia?
Oraintxe bertan ez dute ezer, dena falta da: botikak, janaria… Dirua izan arren, ez dago ezer erosteko aukerarik.

Zein izan zen zuk Siria utzi eta Euskadira etortzeko arrazoia?
Sirian, Espainian ez bezala, ezin zitekeen lanik ganoraz egin. Guk, herrialdearen iparraldean bizi ginenok, ez geneukan lan egiteko aukerarik, eta horrexegatik erabaki nuen alde egitea. Gaur egun, ordea, jendea gerratik ihesean ari da. Nire anaiak lau hilabeteko haurra dauka, eta umea gerratik urrun hazi nahi du, horregatik erabaki du Siria uztea. Bi urtez Irakeko kanpamendu batean egon zen, baina bizimodua oso gogorra da han. Bizitza arriskuan jarri eta ihes egitea erabaki zuen. 8.000 euro ordaindu ditu handik irteteko, eta, azkenean, emaztea eta haurra Sirian gelditu dira, ez baitute baliabiderik hirurena ordaintzeko. Bizi guztian aurreztutakoa Europara etortzeko erabili du; ez du beste aukerarik.

Nola etorri zinen zu Euskal Herrira?
Ni legearen barruan etorri nintzen, hegazkinez, Barajastik. Esan daiteke modu ‘erosoan’ etorri nintzela, baina orain datozenek oztopo handiak dituzte.Zer deritzozu mendebaldeko herrialdeek giza krisiari buruz duten jarrerari?
Arazo handia eta larria da. Jende oldea dator, hori argi izan behar da, baina egia da agintariek gehiago lagundu dezaketela. Kontu oso zaila da, egunero milaka lagun irtetzen baitira Siriatik. Nire ustez, laguntza gehiago eskaini zezaketen herrialdean bertan, jendeak alde egin beharrik ez izateko. Jende askok, gerra lehertu baino lehen laguntza jaso izan balu, ziurrenik ez luke herrialdea utziko.

Badirudi Turkiako hondartza batean hilik agertu zen haurraren argazkia ikusi arte agintari zein herritarrak ez direla hasi egoeraren larritasunaz ohartu, ezta?
Komunikabideek hori erakusten dute, baina egunero jende asko hiltzen da gerratik ihesean. Baina gu telebistan ikusten dugunaz ohartzen gara. Anaiak atzo deitu zidan, eta kontatu zidanaren arabera 28 pertsona sartu ziren kamioi batean, ia-ia bata bestearen gainean, apaletan jarrita egongo balira bezala. Greziara iritsitakoan poliziak gelditu egin zituen, eta kamioi barruan ordu erdi gehiagoz izan balituzte, guztiak bertan itota hilko zirela esan dit. Orain, Greziako kartzela batean dago atxilotuta. Paperak egin bitartean zentro batetara eraman dituzte, eta hogei egunen buruan kalera irtetea espero dute. Alemania da beraien jomuga, han paperen tramitazioa beste lekuetan baino bizkorrago egiten omen dutelako; hori dio behintzat jendeak.

Errefuxiatuak banatzeko, Europako agintariak enkante batean balira bezala ari dira. Zer irizten diozu?

Oso konplikatua da. Milaka pertsona ari dira iristen, pertsonak dira, baina ez dakigu nortzuk diren. Pentsaezina da ordu erdian 5.000 lagun sartzea herrialde batera, baina borondate onarekin gauzak hobeto egin daitezkeela uste dut. Herrialdetik ihesean doazenek ez dute inolako dokumentaziorik, mafiek dena kentzeko diete, mugikorrak, dokumentazioa zein dirua. Nire gurasoek hogei egun baino gehiago daramatzate anaiarekin hitz egin gabe. Nik berba egiten dut gurasoekin, baina ez dakite anaia Grezian kartzelan dagoenik. Ziurrenik gaur edo bihar aterako da, baina oraindik, Alemaniara iritsi arte, bide gogorra geratzen zaio. Siriatik herri guztiak alde egin nahi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude