Etxea eror ez dadin

Leire Palacios / 2015-10-02 / 309 hitz

Euskal Telebistak ekoiztutako fikziorik posible izango al du Goenkaleren itzal luzea gainditzea?». Aitaren Etxea telesailaren estreinaren ildora, azken egunetan gehien entzun dudan galdera izango da hori. Noski, ez daukat erantzunik.

Argiki Goenkale-k ez zuela «itzal luze» hori denboraldi bakarreko hainbat atalen laguntzarekin soilik eraiki. Urteak eta urteak eta urteak behar izan zituen, erreferentziazko fikzio bihurtu eta audientziek gora egin zezaten —era berean, egonkortzeko—. Behin hori lortuta, osasun ona izaten jarraitu zuen, eta ondoren ez genekien Gina nork hil zuen jakin nahi ote genuen, edota Leonor eta Koldo konpondu behar ziren, Arralden salmonellosiak zenbat hil behar zituen, edota Elene eta Jokinen artean nor atsegin genuen gehien. Dena den, barkatuko didazue baina azkenengo hiru urteetan ildoa jarraitzea ezinezkoa izan zait. Baina ezeren gainetik Goenkale-ri onartu behar zaizkion hamaika dohainen artean dago, telesailera zaletu eta zaletasuna galtzeko eman zuen aukera. Are gehiago, telebista ikusteko modu berri bat ekarri ziguten, gurasokeri puntuaz barneratzen genuena seguru asko; Goenkale hor zegoen beti. Beti. Halaber, ikuslearen erabakia zen fikzio aski ezaguna sofan bidaide izan nahi zuen edo ez.

Aitaren Etxea-k ez du aparteko ikusle daturik eman estreinakoan. Eskas samar ibili dela baloratu daiteke, baita ere. Haatik, zintzoki, eta dagoeneko sare sozialetan publikoki agertu legez, iraila hilabete kaskarra izan da gure telebistarentzat. Urteko ikusle daturik txarrenak bildu ditu. Beraz, joera jarraitzea da. Alta, ez zait inondik inora iruditzen ikusle datua telesailaren kalitatearekin lotuta dagoenik.

Gustura ikusi nuen atala, lan bikaina egin zutela iruditu zitzaidan, eta telesailak are gehiago eman dezakeela sentitu nuen. Euskal Herriko hainbat familiarentzat aski ezagunak diren kontuak apurka estalgabetuz joan daitezkeela, eta horrela, agian, hitz egiteko parada emango digutela. Agertzen dutenarekin bat egin edo kontra egiteko. Baina azken batean, hitz egiteko.

Zalantzarik gabe, aurrera egin behar duen Aitaren Etxea zaintzarekin lotuko nuke. Batetik, ekoizpen landua delako. Bestetik, hasierako aitortzak, atala, eta atalaren making off hirutasuna erakutsita, ikuslea ere zaindu nahi dutela erakutsi digutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.