Euskal Herriaren historian bidaiatzeko gonbidapena

Ainhoa Sarasola / 2015-10-30 / 278 hitz

‘Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia’ egitasmoa sortu dute Elkarrek, Ikastolen Elkarteak eta Katxiporretak, gaztetxoentzat. Ezagutza liburu bat, ipuinak, mahai joko bat eta webgune bat osatu dituzte, oraingoz.

Euskal Herriaren historia ezagutzeko aukera eskurago jarri diete haurrei zein gaztetxoei Ikastolen Elkarteak, Elkar argitaletxeak eta Katxiporretak. Hiru eragileek elkarlanean pentsatu eta gauzatu dute Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia egitasmoa. Historiaren pasarteak zorroztasunez ez ezik, umorez, irudimenez eta jolasez zipriztinduta eskaini dizkiete. Ezagutza liburu bat, hainbat ipuin liburu, mahai joko bat eta webgune bat sortu dituzte horretarako, baina aurrera begira material gehiago ere sortuko dituzte.

Antzinatik hasi eta gaur egunera arte, «ikuspegi dinamikoarekin» osatu dute Euskal Herriko historiaren kronika, proiektuaren koordinatzaile Antxiñe Mendizabalen hitzetan. Ibilbidea egiteko, Dei Gaztelumendi eta Patxi Pelaez ilustratzaileek sortutako lau pertsonaia izango dituzte gidari irakurleek: Lur eta Amets anai-arreba bikiak, haien amona Andere eta Baltaxar katua. Juanba Berasategiren koordinaziopean, ilustratzaile talde zabal batek ondu ditu irudiak: Jose Angel Lopetegi, Iñaki G. Holgado, Angel Gomez Espinosa eta Jorge Madejon aritu dira irudigintzan.

Oinarrizko ezagutza liburua zortzi gaitan sailkatuta eta ordena kronologikoan dago aurkeztua. Manu Arregik eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-k idatzi dituzte testuak, «zientziaren luma zorrotzez». Ipuin sorta bat ere biltzen du proiektuak, etxeko txikienei begira Uxue Alberdik nahiz Unai Elorriagak ondutako testuekin. Gehiago sortzea baztertzen ez badute ere, oraingoz bederatzi ipuin izango dira guztira, eta hiru jada kaleratu dituzte. Mahai jokoa, berriz, familia osoari zuzendutakoa da, eta historiaren inguruko 1.500 galdera-erantzun biltzen ditu. Eta atari digital batean, berriz, jolasak, proiektuaren abestia eta beste bildu dituzte. Proiektua aurkezteko sortu duten film laburra luzatzea edo telebistarako saio bat bihurtzea ez dute baztertzen.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.luretaametshistorian.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.