Gorka Urbizu: “Hiru abesti berri eskainiko ditugu”

Leire Palacios / 2015-10-26  / 754 hitz

Apetatsuak dira memoriaren tiraderak efemeridetan hamar urtez atzera egin eta norberak gogoan zer daukan konturatzen denean. 2005ean IRAk armak utzi zituen eta Merkel izendatu zuten Alemaniako Kantziler. Roberto Bolañok Salambó saria irabazi zuen, hil ondoren argitaratutako 2666 nobelari esker, eta Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua oinarri Obaba filma estreinatu zuen Montxo Armendarizek. Urte bertsuan kaleratu zituzteen Death Cab For Cutiek Plans, eta Weezerrek Make Believe, dagoeneko klasiko bilakatu diren disko parea.

Euskal Herrian, Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean), Txiki (Kashbäd) eta Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) Peiremans + proiektua abian jarri eta bost kanta izan zituen lana utzi ziguten. Hamar urte igaro direnean bueltan datoz, eta orduan bezala, orain ere, gure musikagintzan ezinbesteko erreferente den Marino Goñiren (Balerdi Balerdi) laguntza izango dute

Nola erabaki duzue berriz ere elkartzea?
Imanol Ubeda:
Hamargarren urteurrenaren harira, afari baterako elkartu ginen Andoainen. Emanaldiren bat egitea polita litzatekeela aipatu zuen baten batek, erdi txantxetan ziurrenik. Agendari erreparatu eta azaroan libre antzean ginela ikusi genuen. Horrek piztu zuen zuzenekoetara itzultzeko grina.

Zer sentitzen duzue zuen itzulera iragarri eta duela hamar urteko argazkiak han hemenka ikustean?
I.:
Buff… gaixo jartzen gara. Arrasto digital (eta fisiko) horiek ezabatuko dituen enpresa bat kontratatzekotan gaude. Baina tira. Bere garaian egin genituen, balekotzat eman genituen, eta kitto. Gauza okerragoak egin ditugu. Beraz, gaitzerdi.
Gorka Urbizu: Logo berria egin digu Gorka Gondra ilustratzaileak eta taldearen izaera ondo islatzen duela uste dut, batetik zorte txarra edo galtzailearen zera hori, eta bestetik “gehi” ikur hori, aldarte positiboari keinu eginez batetik eta geure buruari barre egiteko asmoari bestetik.

Aldatu al da Peiremans+? Atzera begiratuta zer esan dezakezue?
I.:
Eta zer ez da aldatu? Hamar urte, asko dira. Guri dagokigunez, hasierako gogo bera mantentzen dugu. Harreman ona izaten jarraitzen dugu. Gutxitan elkartzen gara baina elkartzen garenean beti dago feeling ederra. Lagun zaharrekin elkartzerakoan gertatzen den bezalaxe.
G.: Noski aldatu dela, baina finean hortxe jarraitzen dugu laurok, geure taldeetan jo ta fuego eta zuzenean elkarrekin berriz aritzeko gogoz, horixe da garrantzitsue

Berrikuntzekin al zatozte?
I.:
Hiru abesti berri jotzeko asmoa dugu. Horietako bi grabatu egin ditugu eta laster entzungai izango dira sarean. 2005eko EPa osorik joko dugu osorik eta bertsioren bat ere egingo dugu.
G.: Hiru abesti eskainiko ditugu. Horietatik bi Karlos Osinagarekin, “Txap”, grabatu ditugu Bonberena Estudioetan eta laster izango dira entzungai. Oso pozik gaude halaber “Txapek” egindako lanarekin. Kantu berriak grabatzeko oso tarte laburra geneukan, eta berak ere agenda lepo zuen arren, nola edo hala guri toki egiteko moldatu da. Kantu berriak bizi-bizi irten dira Bonbereneako estudiotik!

Hiru abesti berri dituzuela eta, bigarren diskoa egiteko asmoa duzue?
I.:
Egia esan, orain bertan zeregin nahikoa badugu nork bere proiektuetan. Azaroko emanaldiak egiteko aukera sortu da eta horretan dugu burua. Bi asteburu izango dira, eta zazpi emanaldi guztira. Ia onik amaitzen dugun biratxoa!

Kanta bat idazten duzuenean, buruan al duzue zein talderekin jotzeko izango den?
I.:
Ideia berri bati heltzen diozunean, kantuan baino ez duzu pentsatzen. Gero egia da talde bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Eta ezaugarri horien arabera, kantua alde batera edo bestera bideratzen duzu. Kantu berri biak, portzierto, Gorkak idatzi ditu.
G.: Konkretuki bi kantu berriokin, modu batean banuen buruan Peiremans+-en koordenadetan sartzeko modukoak izan behar zutela. Ez da erreza definitzen, baina bada niretzako Peiremans+-i darion izaera konkretu bat, musikalki zein jarrerari dagokionez.

Zuzenekoan abestirik aldatzeko gogorik al duzue?
I.:
Hautsa kendu diegu, ez da gutxi. Gainontzean, EPko kantuekin behintzat nahikoa fidelak izango garela uste dut.
G.: Zuzenekoak beti ematen dizu aukera kantuak luzatu edo zertxobait moldatzeko, baina bai, bere horretan oso kantu freskoak dira eta zuzenean jotzeko aproposak, beraz ez dugu zertan buelta handirik eman.

Kolaborazio berezirik edota bestelako laguntzarik izango al duzue?
I.: Keba. Emanaldi bakoitzean bidelagunak izango ditugu. Izaki Gardenak, Nire, Monte Del Oso, Sueder… Eta beste talde batzuekin aritzeko ohorea izango dugu.

Non elkartzen zarete entseguak egiteko?
I.:
Berri Txarrak en lokala handiagoa da, eta konpletoagoa igual. Baina Bide Ertzeanekoa Amarotzen ondoan dago, eta Amarotz auzoan bada kafetegi bat non madalena mundialak egiten dituzten! Alegia, bietan aritzen gara, aldartearen arabera.

Kostatu al zaizue agendak koordinatzea bira lotzeko?
I.:
Ez da ohikoa udazken partean tarte hori hartzeko aukera izatea, denak libre antzean izatea. Baina zorionez orain eman da eta ez dugu bi aldiz pentsatu.
G.: Nahiko konplikatua da egia esan, baina determinazioa dagoenean gauzak errezago egiten dira, eta nola edo hala moldatu gara zazpi kontzertu lotu eta kanta berri pare bat grabatzeko, ez dago gaizki.

Nola sentitzen zarete bira honen aurrean?
I.:
Gogotsu. Zuzenekoetan gozatzeko moduko kantuak direla uste dut eta horretara goaz, ondo pasatzera. Bon, ondo pasatzeaz gain, emanaldi txukunak eta duinak ere egin nahi ditugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.