Hasi da norabide berria

Garikoitz Goikoetxea / 2015-10-13 / 995 hitz

Horma bat. Nafarroan euskara nolako egoeran dagoen erakusteko, irudi hori erabili zuen joan den apirilean Kontseiluak, aldaketa eske Iruñean eginiko ekitaldian. Harresi bat, euskarari aurrerabidea mozten ziona. Aldaketa handiak izan dira ordutik. Gobernu berriak euskara zokopetik ateratzeko hitza eman du. Hezkuntza da gakoetako bat. Euskarazko irakaskuntza herrialdeko sare publiko osora hedatuko dute irailean, Euskararen Legea aldatu zutenean ezarri zutenez. Jada hasi dira aldaketak, ordea: hiru herritan, euskarazko D eredua lortu dute, UPNren gobernuek urte luzez ukatutako aukera. Eta, giro horretan, pausoak ematen hasi dira udalak: eremu ez-euskalduna utzi eta mistora pasatzeko eskatu dute Antzinek eta Villatuertak. Litekeena da udal gehiagok ere eskari berbera egitea. Horma pitzatzen hasi da.

Joan den otsailean aldatu zuen Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea. Eremu mistoko sistema ezarri zuten ez-euskaldunean: euskaraz ikasteko aukera eskola publikoetan —D eredua—, baina euskaraz ez ikasteko aukerari eutsiz —G eredua: euskara ez da ikasgai ere—. Berez, legea aldatu beharrik ere ez zegoen horretarako, debekurik ez baitzuen ezartzen, baina UPNren gobernuek ez dute inoiz onartu D eredua zabaltzea. Legea aldatuta ere, ez zuten ezarri, esanez astirik ez zegoela irailean abian jartzeko.

Eskoletan, ordea, eskaria urtez urte ari ziren jasotzen. «A eredua soilik geneukan, eta gurasoek urtez urte eskatzen zuten euskara gehiago. Zazpi ikasle berri sartzen badira urtean, lauk egiten zuten eskaria», azaldu du Zudairiko eskolako zuzendariak, Juan Carlos Urrak. «Ikuskariari esaten nion, baina erantzuna beti zen berbera: ‘Ez, ez, ez. Ezin liteke hori egin’». Ikasturtea hasi ondoren egin dute aldaketa: joan den asteaz geroztik D eredua daukate Haur Hezkuntzan. Hemeretzi ikasle dituzte aldi horretan. D ereduan daude denak.

Ezinean eremu mistoan ere

Oztopoak ez dituzte soilik eremu ez-euskaldunean izan, hala ere. Eremu mistoko bi ikastetxetan, Abartzuzakoan eta Lezaungoan, urteetan ukatu diete euskarazko eredua. «Esaten ziguten gutxienez hamabost ikasle behar direla D eredua ezartzeko. Badakite hori guztiz ezinezkoa dela». Landa eskola direla azaldu du Kalen Artze zuzendariak, eta kopuru horiek ezartzea bidegabea dela. Hamabi ikaslerekin abiatu dute D eredua. Lezaunen ere, antzera: Haur Hezkuntzan sei ume dituzte, eta guztiak hasi dira D ereduan. Elena Urabaien, zuzendaria: «Orain arte ezezkoa izan da beti. Departamentura joan zen udal osoa ere, baina ezezkoarekin itzuli ziren».

Erdian harrapatuta bezala egon dira eskolak: batetik, gurasoak, euskarari leku gehiago egiteko eskatuz; bestetik, departamentua, ezin zela esanez. Tarteko aukera batzuk jorratu dituzte azken urteotan. Zudairin, adibidez, eredu eleaniztun bat dute martxan, eta horren bidez lortu dute euskaraz ematea natur eta gizarte zientziak, musika eta plastika. Orain planteamendu hau egingo dute: Haur Hezkuntza D ereduan egin, eta Lehen Hezkuntzara pasatzean aukeratu D ereduan segitu edo eredu eleaniztunera jo. «Diferentzia bakarra izango da matematika euskaraz ala gazteleraz eman».

Hiru ikastetxeek nabarmendu dute gurasoen eginahala berebizikoa izan dela D eredua lortzeko. «Lan luze baten ondorioa izan da. Eredugarria. Nahiz eta ezetz esan zien departamentuak [UPNrekin], jarraitu zuten, esanez eskubidea zutela, lortu duten arte», azaldu du Abartzuzako eskolako zuzendariak. Euskaraz ikasteko, Lizarrara jo behar izan dute. «Oso luzea izan da borroka. Batzuek, herriko eskolari irekita eustearren, hona ekartzen segitu dute», dio Urabaienek. Datutan azaldu du: eskualdetik, 3 eta 12 urte arteko 148 ume joaten dira Lizarrara euskaraz ikasteko. D eredua hedatuta, ikusteko dago zer gertatuko den: han segi edo herrian hasi.

Erronka handia da eskolentzat ere, Artzek azaldu duenez: «Denetik dago D ereduko gelan: badira etxean euskaraz ikasi dutenak, ezer ez dakitenak…». Hastapena da oraingoa. Urteen joanarekin sendotuko da D eredua eskoletan.

Gurasoekin nola jokatu

Lehen urratsak izanda, gurasoek errezelorik izan ote dute? Lezaunen, ez. «Denek oso garbi zuten, eta oso ongi hartu dute». Alor horretan ere gurasoek eginiko lana goraipatu du Abartzuzako zuzendariak. «Beldur batzuk baziren, baina gurasoek hitzaldiak antolatu zituzten, datuak eman… Gero ez zen zalantzarik izan». Zudairin ere emaitza ona izan dela uste du Urrak, nahiz eta gorabehera batzuk izan dituzten. «Familia pare bat joan egin dira; horietako bat, arrazoi politikoengatik». Edonola ere, nabarmendu du gurasoena izan dela eskaria: hemeretzi ume ari dira D ereduan, Haur Hezkuntzako guztiak. «Lehen ere eskatu zuten, eta legea aldatu zenean eta gobernu berria jarri zenean, eskaria egin zuten berriro». Salbuespena dira kontra azaldu direnak.

Bidea zabaltzen hasi dira hiru eskola horietan, baina datozen hilabeteetan beste herri batzuetan ere antzeko egoeran izango dira. Irailean zabalduko dute D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikora, eta urte hasieran aurrematrikulazio kanpaina izango da.

Berritasuna izango da, eta gizarteratze lana ere eskatuko du. Nafarroako Gobernuak euskarazko ereduen aldeko kanpainak egingo dituela iragarri zuen Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak orain hiru aste, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Prestatzen hasi dira hezkuntzako eragileak ere. Kontuan hartzekoa da D ereduaren aurkako mezuak izan direla Nafarroan azken urteetan —Guardia Zibilaren txostena, adibidez—, eta euskara urruneko ikusten duten sektoreak ere badirela. Hortaz, beldurrak eta errezeloak kentzera bideratuko dute mezua: batetik, emaitzak plazaratuta —beste ereduenak baino hobeak—; bestetik, gurasoei aholkuak-eta emanez, euskaraz jakin ez arren seme-alabei ikasketetan laguntzea posible dela erakusteko.

Udaletan ere aldaketak

Hezkuntzatik kanpora ere nabaritzen hasi dira aldaketak, hala ere. Bi udalek eskaria egin dute eremu ez-euskaldunetik atera eta mistora pasatzeko. Antzin da bat. «Orain arte ezetz eta ezetz izan da dena, eta, aldaketarekin, itxaropen osoa dugu», adierazi du alkateak, Javier Dallok. Udalean pauso batzuk eman dituzte: webgunea ele bitan daukate, esaterako. Talde independentekoak dira zazpi hautetsiak, eta aho batez galdegin zuten mistora igarotzea.

Villatuertan ere talde independentea dago alkatetzan. «Alde kulturaletik» eman beharreko pausoa zela uste du Asier Urra alkateak. «Badira euskarazko izenak herrian». Eskolan ez dute D eredurik. «Ikasgai batzuk ematen dituzte euskaraz». Independenteen bost hautetsiek onartu zuten mistora pasatzeko eskaria; abstentziora jo zuten PSNren laurek.

Oteitzan ez dute onartu eskaria. Talde independenteak lau zinegotzi ditu, eta EH Bilduk, hiru. Azken horrek aurkeztu zuen eskaria —eremukatzea bertan behera uzteko ere eskatu zuen, gainera—, eta talde independenteko hiru kidek aurkako botoa eman zuten —abstentziora jo zuen batek—. Berdinketa alkatearen kalitatezko botoak hautsi zuen. Udal gobernuak esan du ez dagoela eremu mistoan sartzearen aurka, baina «sakon» aztertu behar dela.

Bi herritan zabaldu dute bidea oraingoz, baina, udaletan izan den aldaketa kontuan hartuta, litekeena da gehiagok ere eskatzea. Parlamentuaren eskumena da herriak eremuz aldatzea. Halere, uste izatekoa da trabarik ez lukeela jarriko laukoteak —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra—.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.