Jarrera kritikoa

Jesus Mari Gonzalez Martinez / 2015-10-25 / 315 hitz

Teknologia berriek gure munduan arrakasta handia dute, baina kezka sortzen duena, batez ere, interneteko gehiegizko erabilera da haur eta gazteen artean, herri aurreratuenetan umeen %99k egunero darabil. Adituak ez dira ados jartzen ea erabilera mota horrek menpekotasuna sortzen duen; ikerketa serioak falta direla diote. Baina, nork egin behar du ikerketa? Sektoreko enpresek? Gobernuek? Nolanahi ere, erabileraren inguruko gogoeta bultzatu behar da, eta nerabeen jarrera kritiko eza konpontzeko “hezkuntza sistema behar dugu” esaten dute. Mirariak eskatu, negozioekin jarraitzeko.

Gosetik, gudatik eta miseriatik ihes egin duten populazio mugimendu ikaragarriak ikusten ari gara azkenaldi honetan. Arazoa handitzen dela ikusita harrera-kuotez hitz egiten dute Europar Batasuneko  estatu kideek; baina inoiz ez dut entzun benetako kritikarik gertatzen diren migrazio horiei buruz, ezta arazoaren azterketa egin nahi dutenik ere, beharbada, gure mendebaldeko bizimodua zalantzan jarriko lukeelako

Greziako zorraren gestioak, berriz ere, erakusten du gure gizartean jarrera kritikoa falta dela. Errua greziarrena da, entzuten genuen, zergatik konpondu behar dugu denon artean haiek gaizki egindakoa? Hala ere, guztiok nozitzen ditugu energia fosilen gehiegizko erabilerak sortutako kutsadura eta klima aldaketa. Garapen bideko herriek ez dute parte hartu kontsumismo horretan, baina, guk bezainbeste pairatzen dituzte ondorioak. Halaber, petrolioa eta gure kapitalismoaren oinarrizko beste lehengaiak, munduko gatazka gehienen erdigunean daude.

Gure baserrian ekoiztutako fruituez egindako marmeladak saltzen ari ginela, Alemaniako azoka ekologiko batean gure produktuak merkaturatzeko interesa zeukan banatzaile batek azaldu zigun haien lan egiteko modua: mugatutako zonalde batean hainbat publizitate egiten zuten “beharra” sortu arte. Orduan soilik jartzen zuten produktua salgai. Marketin izeneko teknika, gura eta premia nahasiz negozioa egiteko, eta balio du edozer saltzeko (janaria, ordenagailuak, smartphoneak, kultura, eta abar), baita helburu politikoak lortzeko ere.

Gizarte osoak –ez bakarrik nerabeek– zentzu kritiko zorrotza sustatu beharko luke gure ekintzak aztertzeko, zer den beharra eta zer marketin ongi bereizteko. Haurrek eta gazteek balore horiek bereganatuko dituzte beren inguruan zentzu kritikoa lantzen dela ikusten badute, bestela alferrik. Itxurakeria gainditu behar dugu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.