Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoak

Peru Zarate / 2015-10-17 / 446 hitz

Trollak izaki itsusi, indartsu eta fantastikoak izan dira. Interneten aroan, ordea, beste esanahi bat du Troll izateak. Ezagutzen dituzu? Hemen Troll kiratsarekin amaitzeko gako batzuk.

Zer da Troll bat?

  • Nahita erabiltzaileen erantzun haserretua sorrarazteko helburuz interneten argitaratutako artikulu edo iruzkin probokatzailea idazten duena.

Nola identifikatu Troll bat?

  • Anonimotasunean babesten du bere izena, eta normalean ezizen bera erabiltzen du.
  • Kontrako erreakzioak sortuko direla dakien webgune edo foroetan bakarrik idazten du.
  • Jatorrizko artikuluarekin bat egiten ez duten kontuak idazten ditu eztabaida bere eremura mugiarazteko.
  • Askotan Troll intelektualoidea izan daiteke. Bere pentsamendua zuzena dela uste du eta gainontzekoena erabat okerra. Besteen argudioak bere mundu ikuskera propioaren egia aldarrikatuz mespretxatzen ditu.
  • Askotan Trolla fanatiko-politikoa da. Alderdi politiko batek egindako guztia sutsuki defendatu eta gainontzekoena sistematikoki gutxiesten du. Edo: alderdi politiko guztiak kakaren hurrena dela dio, guztiak zaku berean sartuz.
  • Trollak foroko erabiltzaileen erreakzio haserretua lortzen duenean beste ezizen bat erabiliz iruzkin probokatzailearen alde jartzen da, hots, bere Troll-buruaren alde.
  • Ez du adostasunik bilatzeko asmorik, eztabaida pozoindu, gainontzeko erabiltzaileak zatitu eta protagonista bilakatzea baizik.
  • Trollak sendatzen saiatzea alferrikakoa da. Argudiorik gabe gelditzen direnean exajerazioan edo ihesaldian hasten dira.
  • Trollari iruzkin edo artikuluak ezabatzen zaizkionean adierazpen askatasunari edo zentsura ideologikoari egiten dio erreferentzia.
  • Trolla erakargarria ere izan daiteke umorea eta sormena egoki uztartzen badaki. Twitterren bizi dira onenak.

Zer lor dezake Troll batek?

  • Webguneko eztabaiden kalitatea jaistea, batez ere iruzkin interesgarriak irakurtzea eragotziz.
  • Webguneko erabiltzaileak uxatzea, aspertu, nazkatu eta haserretu egiten dituelako.
  • Erabiltzaile batzuk gozatu egiten dute liskar amaigabeak eta astakeria orgiak irakurrita.

Zer EZ da egin behar Troll baten aurrean?

  • Mezuei erantzun: artikuluaren gaia betiko desbideratzea lortzen da. Troll ehiztariak direla uste dute, baina haiek dira ehizatuak, Trollaren jokoan erortzen baitira.
  • Trollari erantzun dionari ez erantzuteko esanez publikoki erantzutea.
  • Sendatzen saiatu: Trolla berez da probokatzailea eta ez du amore emango.

Zer egin Trollari aurre egiteko?

  • Interneteko jakinduria herrikoiak dioenez Troll bati aurre egiteko bide onena Don’t feed the Troll da (Ez elikatu Trolla). Jakina da Trollak gehien gorroto duena axolarik eza dela. Probokazioetan ez erortzeko pazientzia handia behar da, batetik, eta, bestetik, probokaziotan erortzen diren amateur erabiltzaile gutxi izatea.
  • Web Administratzaileak Trollaren mezuak sistematikoki ezabatu ditzake.

Trollak osasunarentzako kaltegarriak izan daitezke. Artikulu hau osorik irakurri baduzu, aurrerantzean badakizu zer egin eta zer ez. Honezkero aise identifikatu duzu gure inguruan dabilen Trolla. Trollek kumeak dituzte. Laster gehiago izango ditugu ez baditugu neurriak hartzen. Ez ahaztu: Trollen helburu bakarra probokatzea da. Haien ideologia gutxienekoa da. Bazka behar dute bizirauteko. Orain ere burua aterako du. Ez egin kasurik. Internet osasuntsuago baten alde: Ez Elikatu Trolla.

Trollei buruzko informazio gehiago:

Wikipedia

Usuarios Troll algunas características

Troll, modo de uso

El Troll en Twitter: características y qué hacer con ellos

Gracias, Troll

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.