Airbnb eta gentrifikazioa

Mikel Lizarralde / 2015-11-03 / 381 hitz

Airbnb ideia aparta da. Logela bat edota pisua libre daukan edonork alokairuan jarri ditzake, ia beti turistentzat eta egun gutxi batzuetarako. Horrela, turistek hotelak baino toki merkeago edota aproposagoak topatu ahal dituzte, eta etxe/logela jabeek diru-sarrera gehigarriak lortu. Baina Airbnb hazten joan den heinean hainbat arazo sortu dira.

Batetik, hotelek lehiakide gisa hartzen dute jada eta haren aurkako lobby lana egiten dihardute, negozioa egiteko modu hau arautzea eskatuz gobernuei. Bestetik, zenbait ikerketak azaleratzen dute higiezinen agentziak Airbnb erabiltzen hasi direla: turistei pisuak alokatuz diru gehiago lortzen dute alokairu arruntekin baino. Horrela, hirian alokatzeko zeuden pisu kopurua murriztu egiten da, eta berauen prezioa igo. Airbnb-ren AEBetako hiru hiriren datuak aztertu dituzte hemen: San Frantziskon Airbnb-k lortzen dituen irabazien %40a hainbat etxe eskaintzen dituzten erabiltzaileei esker da; Los Angelesen irabazien %89a higiezinen agentzia bidez ei dator; eta New Yorken irabazien %40a hiru etxebizitza, edo gehiago, eskaintzen dituzten erabiltzaileek sortzen dute.

Eta, noski, lobby bat edo bestearen presioen ostean, hainbat hiri Airbnb-ren jarduera arautu nahian dabiltza. San Francisco da horietariko bat. Gaur bertan hainbat gairen inguruko bozketa dago deitua, tartean “F proposamena“. F proposamen honek (hemen legearen kritika zorrotz bat irakur daiteke) hainbat muga jartzen dizkio epe laburreko alokairuari, besteak beste:

  • Epe motzeko alokairua mugatuta dago urtean 75 gautara.
  • Etxebizitzaren jabeak hiruhilero alokairu-jardunaren berri eman behar dio administrazioari.
  • Herritarrek auzokideak zelatatu eta salatu ditzakete.
  • Kartzela zigorrak aurreikusten ditu legeak baita ere.

Proposamenaren alde zein aurka lobby lan ugari egiten dihardute eta publikoak dira egindako diru-ekarpenak. Airbnb-k zortzi milioi euro jarri ditu. Eta proposamenaren alde hotel-taldeak azaldu dira.

Airbnb eta Arautzea, fenomeno globala

Ez pentsa fenomeno amerikarra soilik denik Airbnb eta arautzearena. Teknologiari esker sortu diren negozio berriak arautzen ditugu Europan baita ere, ikusi besterik ez dago Uber nola debekatu duten Frantzian edota Espainian.

Egia da Airbnb-ek hotelei kalte egiten diela. Eta egia da era berean, turistei gero eta etxebizitza gehiago eskaintzean alokairu arrunterako gutxiago, eta garestiagoak, geratzen direla. Diru gehiago irabazteko aukera honen hurrengo pausua mobbing-a izan daiteke, Bartzelonari buruzko artikulu honetan jasotzen den moduan. Bertan, alokairuan bizi zen jendea auzo merkeetatik bidaltzeko ahaleginetan dabiltza, ondoren hotelak edota turistentzako alokairu pisuak egiteko. Auzoaren eraberritze prozesu honetan prezioak asko igotzen dira, esklusiboagoak bilakatzen dira. Gentrifikazioa bezala ezagutzen da gertaera hau, eta gurean ere gertatzen dihardu, maiatzean Edu Lartzagunenek Berrian idatzi moduan.

Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.