«Batzuetan, infernua da Antartika»

Iker Tubia / 2015-11-03  / 656 hitz

Geoteknika eta meatzaritzan esperientzia du Beriainek. Geologia ikasi zuen, eta Antartikan izan da lurzoru izoztuari buruzko ikerketa egiten. Negua zen, eta zero azpitik 30 gradu izan dituzte.

Txiletik erantzun ditu galderak, telefonoz, baina garestarra da Eneko Beriain (Iruñea, 1988). Geologoa da, eta Antartikatik txunditurik itzuli da. Txileko logistikararekin Duse badian egin den lehen espedizio zientifikoa izan da, eta lehenbizikoz neguan. Txileko armadarekin batera joan dira Sebastian Ruiz eta bera.

Zero azpitik 30 gradura egon zarete. Antartikan hotz egiten du.

Udan joan behar genuen, baina armadak esan zuen neguan joateko. Ia-ia guzia glaziarra da, eta arrakalak ditu. Elurrezko zubiak egiten dira, eta arrisku txikiagoa du.

Lurzoru izozturik ba al den jakiteko joan nahi zenuten udan?

Zulo sakon bat egiten baduzu, tenperatura nahiko egonkorrak lortzen dituzu. Udan joan izan bagina, lortutako tenperaturak zero azpikoak izanez gero, gutxi gorabehera esan genezake permafrosta edo lurzoru izoztua dagoela. Hemendik urte batera sentsoreak berreskuratu nahi ditugu urte osoko tenperaturak nola aldatzen diren ikusteko.

Klima aldatzen duten tenperatura aldaketak ikertu nahi dituzue?

Klima aldaketari buruzko ondorioak ateratzeko daturik ez dugu lortuko, horretarako monitore on bat behar delako denboraldi luze batean. Kanpaina nahiko arrakastatsua izan denez, finantzaketa gehiago eta ekipamendu hobeak lortu nahi ditugu, ondorio hobeak lortzeko.

Lurzoru izoztua egotea edo ez egotea, zer esan nahi du?

Batetik, lurzoru izoztuak desagertzen ari direla ikusten badugu —hori ikusi da Iparraldeko hemisferioan— bada Lurraren berotzearen ondorio. Bestetik, horri oso loturik, lurzoru horien azpian metano eta beste gas batzuen gordailuak daudela diote. Beraz, urtu egiten badira, hori atmosferara atera daiteke. Metanoak berotegi efektua hogei aldiz gehiago eragiten du karbono dioxidoak baino. Garrantzitsua da jakitea hori kontrola daitekeen edo ez.

Zein datu lortu dituzue?

Ekialdeko eta mendebaldeko kostetan lau zulo egin, eta bi monitore jarri ditugu. Sebastianen tesirako datuak bildu behar genituen. Gero sentsoreak utzi genituen.

Oraindik, beraz, ezin dira erabili?

Ez, itxaron behar dugu.

Zer espero duzue hemendik urte batera?

Ez dakigu. Nahiko arraroa da. Pentsatzen da tenperatura igotzen ari dela eta penintsula antartikoa berotzen ari dela, baina gu joan garen tokia azkenengo bi udatan ez da urtu. Sateliteko irudiekin ikusten da 1956an itsasoa urtu zela.

Ruizen tesia zeri buruzkoa da?

Lurzoru izoztuaren ingurukoa. Fisika ikuspuntutik egin du. Arroka laginak hartu genituen ikusteko nola egiten den tenperatura edo energiaren transmisioa atmosferaren eta lurzoruaren artean.

Nolakoa izan da Antartikako esperientzia?

Demasa. Hilabete oso bat egon ginen lau zulo egiteko. Mendilerro bat ikusten duzu, eta dena izoztuta. Glaziarrak zuzenean itsaso izozturaino iristen dira. Jendeak galdetzen du ea pinguinoak ikusi genituen; ez, udan etortzen dira. Ez dago ezer, bakarrik izotza, haizea eta babeslekua.

Babeslekuan, ongi?

Ez da ezer falta. Sentsazio termikoa zero azpitik 50ekoa bada, debekatuta dago ateratzea. Behin, orduko 170 km-ko haizea izan genuen. Batzuetan, infernua da hura. Egun onak ateratzen direnean polita da, txunditurik uzten zaitu. Antartikako toki txikienetarikoa dela jakinda ere, zirrara eragiten dizu.

Elur artean, eliza ortodoxo bat.

Bai, Jurgi erregearen irlan. Errusiarrek eliza ortodoxo bat muntatu zuten haien basearen ondoan. Barrutik oso polita da. Egurrezkoa da, eta esaten dute dena prest ekarri zutela han muntatzeko. Ez du iltzerik, sentsore batzuekin aguantatzen du. Errusiarrek apaiz bat edo bi badituzte, eta meza egiten dute.

Ingurumenari loturiko ikerketekin jarraitu nahi duzu?

Arlo interesgarria da, eta errazagoa da finantzaketa lortzea. Tranpa asko era badago; klima aldaketarekin eszeptikoa baldin bazara, edo beste leku batzuetatik joaten bazara, zaila da proiektuak aurrera eramatea.

Eszeptikoa zara?

Eszeptikoa ez. Homo sapiens-ak egin dituen emisioak ukaezinak dira. Baina uste dut nahiko egolatra dela. Klima beti kontrolatu izan dute faktore astronomikoek. 90.000 urte pasatu genituen glaziazioan, 10.000 urte pasatu ditugu interglaziazio aroan, eta orain tokatzen zaigu beste glaziazio batean sartzea? Horren gainetik ez gaude.

Baina arazo serio bat badagoela ezin da ukatu.

Ikuspuntu atmosferikotik ezin da ukatu CO2 gaiak oso handiak direla, baina ez dago zuzenki harremanduta bakarrik CO2 eta metanoarekin. Badu harremana Lurrak eragiten duen erradiazio mailarekin eta Lurraren isolamendu mailarekin, eta Milancovich zikloak ere oso garrantzitsuak dira. Efektu batzuk gainjarriz gero, CO2a bigarren mailakoa izan daiteke. Iritzi oso pertsonala da. Ez da hain sinplea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.