«Beharrezkoa da beste mundu bat»

Nagore Etxeberria / 2015-11-20 /613 hitz

Elikaduraren gurpilean sartuta bizi da Daniel Lopez (Madrid, 1975). Gereziondoz beteriko lur sail txiki bat du Jerte ibarrean, Caceresen (Espainia). Baratze txiki baten jabe ere bada; handik ateratzen ditu eguneroko elikagaiak. Nekazaritza, elikadura eta produkzioa ditu bere kezka iturri nagusiak, eta ordu asko eskaini dizkio egungo produkzio ereduari aurre egingo dioten elikagaiak sortzeko bestelako moduak aztertzeari. Horietako mordoxka bat Producir alimentos. Reproducir comunidad liburuan bildu du. Atzo, Donostiako Kaxilda liburu dendan izan zen, liburuari buruz solasean.

«Zer jan, hura izan», dio esanak. Hala dela uste al duzu?

Jaten duguna ez da jakia bakarrik, ez da zerbait fisikoa soilik, askoz gehiago ere bada: inguruarekin dugun harremana, inguruan ditugun lagunak, bizitzeko modua, jaki hori produzitzeko modua… Zer jan, hura gara, beraz; baina kontuan izan behar da jatea janari fisikoa baino askoz gehiago dela.

Jendeak behar bezala jaten al du?

Oro har, ez. Elikadurarekin loturiko osasun arazoek argi erakusten dute hori. Bizitzeko modu baten isla da zer-nola jaten dugun. Eta elikatzeko dugun modua bizitzeko moduaren ondorioa ere bada.

Baina jendea gero eta arduratuagoa dagoela uste duzu?

Elikaduraren, nekazaritza produkzioaren eta osasunaren inguruko mezu nahasgarriak daude beti. Egia da gero eta beldur handiagoa zaiola gure elikadura osasungarria ez izateari. Baina ez dago batere argi zer egin beldur horrekin, administraziok zabaltzen dituen mezuak ez direlako batere argiak. Elikadura gauza garrantzitsu gisa hartzen ari dira gero eta talde gehiago. Oso garrantzitsua da ongi informatua egotea.

Gero eta jende gehiago ari da bere elikagaiak produzitzen?

Hori hala da. Gero eta jende gehiago ari da bere elikagaiak sortzen. Jende asko lanik gabe geratu da, eta haietako askok erabaki dute euren kabuz jakiak sortzea. Hala, jende gazte askok hautatu du nekazaritza eremura joatea eta lurrak ematen duenetik bizitzea. Mugimendu hori indarra hartzen ari da. Nekazaritza eremura jende gaztea joaten ari da, ideia eta baliabide berriekin eta gauza berriak egiteko gogoarekin. Herritarrekin dituzten hartu-eman eta trukeetatik gauza interesgarriak sortzen ari dira.

Zure liburua lagungarri izango dute lagun horiek, ezta?

Hain zuzen, elikagaiak produzitzen hasi diren jende horrentzako liburua da. Kontsumoaren inguruan askoz material gehiago dago, baina produkzioaren inguruko kasu praktikoak aipatzen dituen liburuaren premia zegoela uste genuen, eta hortik sortu zen liburua argitaratzeko ideia. Bide hori abiatu duten lagunentzako erreminta lagungarria izan nahi du. Hala, produzitzeko modu alternatiboak aipatzen dira liburuan. Era berean, garatzen dugun produkzio ereduak inguruan duen eraginari buruzko hausnarketa politiko eta soziala eragin nahi du liburuak.

Egungo produkzio eredutik aldenduz, bada aukerarik?

Bai, alternatibak badaude. Gero eta aukera gehiago daude, gainera, baina haize kontra doaz ia gehienak. Uste dut elikadurak duen garrantzia eta lekua hartu behar duela gizartean. Produkzioak eta kontsumoak eskutik joan behar dute horretarako, eta bi alde horien artean erabaki behar da zein elikadura mota nahi dugun eta nola produzitu nahi dugun. Elikadura aberastasuna sortzen duen jarduera bihur dadin, gizarte osoaren babesa behar da. Gizarte osoaren konpromisoa behar dugu, aberastasun hori sortzen duen elikadura bati bultzada emateko eta bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia bat garatzeko.

Beste mundu hobe bat posible dela uste duzu, beraz?

Ez da posible den edo ez, guztiz beharrezkoa da. Ziklo aldaketa bat gertatzen ari dela pentsatzeko arrazoiak ematen dituen gertaera ugari jazotzen ari dira: historiako udarik beroena, Parisko atentatuak, Siriako bonbardaketa, Txinako burtsaren beherakada… Ziklo aldaketa horretarako komunean ditugun gauzak antolatzeko alternatibak behar ditugu. Bizitza eta komunitatea sortuko dituen gauza egiteko moduak behar dira. Mundu hobe bat behar dugu, eta, bereziki, mundu hobe horretara iristeko moduak eta eredu sozialak behar ditugu. Beste modu batera bizitzen lagunduko diguten eredu sozialak esperimentatu behar ditugu.

Mundu desiragarri, zoriontsu,elikagarri bat sortzeko erremintak ematen dituzu liburuan. Zeintzuk dira erreminta horiek?

Esperientzia ugari aztertzen ditut liburuan, eta egungo kapitalismo globalaren aurrean alternatibak eskaintzen dituen askotariko eredu sozioekonomiko lokalak planteatzen ditut. Tokian tokiko kasuak aztertzen ditut, eta erremintak eskaintzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.