CO2 isuriek goia jo dute

Eskeine Legorburu / 2015-11-10 / 464 hitz

Hiru aste barru hasiko da Parisen klima aldaketari buruzko COP21 goi bilera. Historikotzat jo dute, bertan zehaztuko baitituzte berotegi efektua geldiarazteko neurriak. Asmoa argia da: 2100 urterako planetaren beroketa 1,5 eta 2 gradu artekoa izatea. Adituen arabera, neurririk hartu ezean hiru eta lau gradu artean egingo du gora tenperaturak. CO2 isuri igarpenek goia dute eta Munduko Meteorologia Erakundeak alarma guztiak piztu ditu. gasen isuria gelditu ezean, ondorioak «oso kezkagarriak» izan daitezkeela ohartarazi du.

Testuinguru horretan, goi bileraren hasiera puntua urriaren 20an Bonnen (Alemania) adostu zuten dokumentua izango da. 146 herrialdek klima aldaketa gelditzeko aurkeztu dituzten neurriak jasotzen ditu txosten horrek. Agiri hori abiapuntu hartuta, PreCOP atariko bilerak egiten ari dira Parisen larunbataz geroztik munduko 60 herrialdetako Ingurumen ministro. Hilaren 30etik abenduaren 11ra egingo den goi bilerarako lehen erronkak adostu nahi dituzte egunotan, baina Laurent Fabius Frantziako Kanpo ministroak eta COP21eko presidenteak dagoeneko aurreratu du «oso zaila eta konprometitua» dela akordio batera iristea.

Gaur aurkeztuko dituzte PreCOPen hartu dituzten erabakiak, baina François Hollande Frantziako presidenteak eskatu du dagoeneko ingurumeneko segurtasun kontseilu bat sortzea, Parisen hartuko diren nuerriak bermatzeko. 2020an jarriko da indarrean COP21ean adostutakoa.

Garapen bidean dauden herrialdeetako ordezkariekin ere egin dute bilera egunotan Parisen Frantziako ordezkari politikoek. Afrikako ordezkariekin bildu dira, garapen bidean dauden herrialdeak energia berriztagarrietara gerturatzeko zein bide jorratu zehazteko. Latinoamerikako eta Caribeko ordekari politikoak ere elkarlanean aritzeko asmoz Quiton (Ekuador) bildu dira COP21 goi bilerara begira.

Ricardo Patiño Ecuadorreko Kanpo ministroak emandako datuen arabera, Latinoamerikako eta Karibeko Komisio Ekonomikoak lurraldearen barne produktu gordinaren %1,5 eta %5 artean bideratuko du datozen urteetan klima aldaketak uzten dituen ondorioak saihestera; datuen arabera, 164 milioi biztanleri eragingo lioke neurriak; halaber, «herrialde hauetan pobreziarekin amaitzeko egiten ari diren ahaleginean zuzenean» eragingo luke.

Horregatik, Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeei adostasunerako deia egin die Patiñok, «munduko aniztasun anbiental eta kultural handienetakoa duen eskualde baten argumentuek eta salaketek ere Parisen oihartzuna izan dezaten».

Europak ere eman ditu garapen bidean dauden herrialdeetara bideratuko dituen inbertsioen datuak: 350 milioi euro. Neven Mimica Nazioarteko Kooperazio eta Garapen komisarioak esan duenez, «nazio ahulenei ekonomia ekologikoago eta iraunkorrago bat egiten laguntzea lehentasuna da Europarentzat».

Alarma guztiak piztuta

CO2 isuri datuak ikusita, Munduko Meteorologia Erakundeak ere alarma guztiak piztu ditu. Michel Jarraud meteorologia erakundeko idazkari nagusiaren arabera, klima aldaketa gelditu ezean, «ondorio larriak eta kezkagarriak» utziko ditu.

Meteorologia agentziak berotegi efektuaren inguruan egin duen azken txostenaren arabera, iazko udaberriko isuriek erakundeak jarritako CO2 isuri kopuru sinbolikoak gainditu zituzten. Isurien erritmoa asko bizkortu dela ohartarazi du Jarraudek: «Horrek tenperaturak igotzea ekarri du, aldaketa hidrikoak egon dira, eta beroaldiak eta uholdeak ugaritu egin dira».

Erakundeak zehaztu du, aurtengo urtarrila eta iraila artean jasotako datuen arabera, lurraren tenperatura gradu bat igoko dela aurten, eta itsasoko uraren maila 20 zentrimetro gorago dagoela industria garaitik hona. Etorkizun hurbilerako egiten dituen aurreikuspenak ere ez dira onak: «Litekeena da 2016rako mundu mailako batez besteko isuriek errekor guztiak gainditzea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.