Emakume izenak ere, kalera

Ihintza Elustondo / 2015-11-06 / 892 hitz

Historian, gertakari handiak eta bataila heroikoak aipatzen dira. Eta, gehienetan, gizonezkoak izan ohi dira protagonista. Gertakari heroiko horien atzean egon den lana, ordea, ez da ageri historia liburuetan. Eta ideia horrekin bat egiten dute espazio publikoen izenek. Kaleek pertsona izenak dituzten kasuetan, gehienak gizonezkoenak izaten dira.

Ana Diez de Ure Iruñeko historialaria da, eta hango historian emakumeek izan duten presentzia ikertu du. Horrekin batera, emakumeek kale izendegian duten lekua ere aztertu du. Lan horren ondorio da 1998an argitaratutako Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona liburua, Sonia Pinillosekin, Silvia Fernandezekin eta Paco Rodarekin elkarlanean ondua. 1996ko datuekin egin zuten ikerketa, eta «harriturik» gelditu ziren emaitzekin. «Pertsonen izenak zituzten kaleen artean, soilik %6,9 ziren izen femeninoak». %6,9 horretatik hamabost birjinak ziren, hamahiru santuak, bi komentuak, bi erreginak, bi alargundu ostean dirua kausa sozialetarako utzi zutenak, bat nobeletako pertsonaia, eta soilik bat bere lanagatik aintzat hartua. Jacobaren pasadizoa da erreferentzia bakar hori, XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan zen merkatariaren omenez jarri baitzioten kaleari izen hori.

Mertxe Trantxe Irungo ikertzaile bat da (Gipuzkoa), eta, haren herrian, duela bost urtera arte, erreginak, santuak eta birjinak kenduta, soilik bi kalek zuten emakume izena: Maria Juncal Labandibar poetarena batek, eta Prudencia Arbiderena besteak, oinordekotza oparoa jaso zuelako ezaguna. Trantxeren iritziz, kale izendegiak erakusten duena, genero arazoa izateaz gain, klase arazoa ere bada. «Ageri direnak beti dira ezaugarri jakin batzuk dituzten emakumeak. Proletarioen eta langileen artean, zaila da emakume izenak aurkitzea».

Diez de Urek uste du historia nagusiki gizonezkoek kontatu dutelako gertatu dela hori. «Gure kulturako androzentrismoak gizonak lider izan diren ekintzak nabarmendu ditu». Trantxeren arabera, historiaren kontzeptu hori izanda, emakumeek ezin izan dute «distira egin». «Emakumeek kolektiboak osatzen dituzte: garbitzaileak, pospolo egileak… Eta zaila da emakume bat nabarmentzea. Aldiz, ekintza heroikoetan, oso erraza da pertsona bakar bat nabarmentzea, gero horri kale bat eskaintzeko, estatua bat, edo medailoi bat diputazioko jauregian».

Bi adituek uste dute ezinbesteko garrantzia duela kale izenetan emakumeak agertzeak, horrek eragina duelako memoria sozialean eta heziketan. Espazio izenekin gauza «kurioso» bat gertatzen da, Diez de Ureren arabera. «Aldatzen diren azkenetakoak izaten dira. Iruñeko Alde Zaharrean oraindik Erdi Aroko historia irudikatzen duten kale izenak ditugu. Horregatik da hain garrantzitsua kalea kontrolatzea. Kaleak historia zaharra eta garaikidea irudikatzen ditu». Trantxek uste du kale izenak sinboloak direla: «Herritarrak noren bideari jarrai diezaion nahi dugu?». Haren arabera, «kale izenek beti garamatzate galderak egitera. Herritarrek ereduak eraikitzen dituzte haien bidez». Emakume izen gehiago agertuko balira, haienganako kuriositate handiagoa izango luke jendeak, haren iritziz.

Udalak egun esparru guztietan ari dira, pixkanaka, berdintasuna sustatzeko ekinaldiak abian jartzen. Eta, horrekin batera, baita kaleetan emakume izenei lekua egiten ere. Iruñean, 2000. urtetik aurrera, izen hauek txertatu dituzte kale izendegian: Garbitzaileen ibarbasoa —Arga ibaiaren ondoan, garbitzaileei eskainia—, Carmen Baroja Nessi —idazlea—, Felisa Munarriz —sopranoa—, Remigia Etxarren —funanbulista—, Juana Garcia Orkoien —Nafarroako lehen medikua—…

«Botereak izan du herriko espazioak izendatzeko ahalmena, eta horregatik daude gauzak egun dauden moduan», Diez de Ureren iritziz. Nafarroako Gobernuaren aldaketarekin, baina, gauzak aldatzen ari direla argitu du. «Gobernuan aldaketak daudenean, beti islatzen da kalean. Memoriaren parte izatea nahi duten izenak jartzen dituzte». Iruñean txertatu duten azkenetariko izena da horren adibide. Plaza bat eskaini diote frankismoaren biktima izan zen Maravillas Lambertori. Gainera, Memoria Historikoaren Legea dela eta, frankismoarekin lotura duten gizabanakoen izenak ezabatzen ari dira.

Trantxe ez da ausartu esatera ea aurrerapauso nahikorik eman den edo ez. «Nola begiratzen duzun, horren araberakoa da hori». Irunen ehunka kale daude, eta, gaur-gaurkoz, zortzi inguru dira emakumeei erreferentzia egiten dietenak. Duela bost urte bi soilik zirela kontuan hartuta, urrats «handiak» egin direla esan du; besteak beste, Dolores Salis kalea, Poxpologile kalea eta Martxoak 8 kalea dituzte herrian orain. Baina, bestalde, oraindik egiteko asko dagoela uste du. «Oso urrun gaude oraindik».

Zailtasun bat agertu zaio ikerketa prozesuan Trantxeri: emakumeen izen propioak aurkitzea «oso zaila» egin zaio, haren arabera, historia liburuetan jaso ez direlako. Horregatik, sarritan, emakumeei espazio publiko bat ematea erabakitzen denean, izen-abizenak jarri ordez, kolektiboak izendatu ohi dira. Adibide gisa aipatu ditu Irungo estatuen izenak. Bost dituzte guztira, bi gizonezkoei eskainita, eta hiru emakumeei. Gizonezkoak Pio Baroja eta Luis Mariano dira. Emakumeak, berriz, sirena, kantinera eta Berroa baserriko etxekoandrea. Ondorio bat atera du datu horietatik ikertzaileak: «Gizonezkoen kasuan, gauzak lortu dituzten pertsona jakinen adibide jakinak dira. Emakumeen kasuan, besterik gabe, estereotipo edo rol bat dute, baina ez dira emakume jakin batzuk, neska gazteak haien lorpenekin islatuta sentitzeko modukoak. Hori zailago bilakatzen dute izen kolektiboek».

Emakumeak, leku guztietan

Diez de Urek ez du uste izena eta abizenak dituzten emakumeak aurkitzea hain eginkizun zaila denik. Haren arabera, emakumeak leku eta garai guztietan egon dira. «Gertatzen dena da ez zaiela eman garrantzirik. Historia egin duenak ez du arretarik jarri emakumeetan, begirada androzentristarekin egin duelako, baina, genero betaurrekoak jantzi, eta emakumeak leku guztietan agertzen dira: gotzain bat zegoen Iruñean, hilarrietan ageri dira…». Gerrara ere joaten ziren emakumeak, Diez de Ureren arabera. «Baina ez daude, agian, zu bilatzen ari zaren lekuan; beste aldean daude. Iturriak aldatu behar dira; iturri historiografiko ofizialetan ez daude, baina beste batzuetan daude, ondoan».

Historiaren parte diren baina ezkutuan dauden emakumeen izen eta abizenak aurkitzeko, bi adituek uste dute ezinbestekoa dela generoaren inguruko ikerketa bultzatzea. Historiaren inguruko perspektiba aldatu behar da, eta herri batean zer balio goraipatu nahi diren hausnartu. Haien arabera, udalak borondatea erakusten ari dira, eta bide horretatik jarraitu behar dute. Diez de Urek aukera bat argi ikusten du: «Frankismo garaiko kale izenak kendu eta emakumeen izenekin ordezkatzeko garai egokia da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.