Gaixotasun ‘teknologiko’ berriak sortzen ari direla ohartarazi dute

EITB.EUS / 2015-11-04 / 294 hitz

Euskadiko fisioterapeutek jakinarazi dutenez, gailu mugikorren gehiegi erabilita, ikusmen-nekea eta atzamarretako, eskumuturretako edo lepoko gaitzak areagotu dira.

Gero eta sarriago eta gero eta gehiago erabiltzen ditugu teknologia berriak. Gehiegizko erabilpen horrek gaixotasun ‘teknologiko’ berriak sortu eta areagotzea ekarri duela ohartarazi du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO). Hala, gero eta zabalduago daude ikusmen-nekea eta atzamarretako, eskumuturreko edo lepoko gaitzak. Horiek saihesteko, gomendio sorta duen bideoa kaleratu du Elkargoak, Madril, Nafarroa eta Kataluniako elkarteekin batera (albistearen bukaeran, ikusgai).

Euskal fisioterapeutek azaldu dutenez, smartphone, tablet eta gainerako gailu mugikorren etengabeko erabilpenak ikusmen-nekea gisako gaixotasun berriak sor ditzake, baita gailu horiek erabiltzean izandako gorputz-jarrera okerren ondorio direnak ere ere, lepoa luzaro gaizki jarrita edukitzeak ekar dezakeen “text neck” edo “testu lepoa” delakoa, kasu.

Fisioterapeuten iritzian, horrelako arazoak saihesteko, pantaila bat luzaz eta manipulatu beharrik gabe erabiltzen denean (adibidez, tablet edo gailu mugikor baten laguntzaz film bat ikusi edo online ikastaro bat egiten denean), gomendagarria dela gailua azalera lau baten gainean eta lepoa zuzen mantentzeko moduko altueran jartzea.

Sagua eta Whatssupa gehiegi erabiltzearen ondorioak

Sakelakoarekin txateatzen edo bideojokoetan jolastean, hatz lodiak asko sufritzen du, tenosinobitisa, hots, tendoiaren eta estaltzen duen mintz sinobialaren hantura sortzeraino. Are, hasierako mina hatz lodira mugatzen den arren, beste alde batzuetara ere heda baitaiteke.

Hori horrela, idazketa-metodo alternatiboak erabiltzea gomendatu dute fisioterapeutek, ahots-oharrak, kasu. Horrez gain, minari hasieratik egin beharko zaio aurre, gaixotasun kronikoa bihur ez dadin.

Bestalde, “gihar flexore eta estentsoreekin elongazio ariketa”k egin behar direla jakinarazi dute profesional hauek, eta ez soilik atzamarretan, baita eskumuturrean ere, sagua behin eta berriz erabiltzen denean. Horren harira, ordenagailuaren erabilpenarekin lotutako eskumuturreko patologiak saihesteko, eskumuturrak gainean jartzeko moduko kuxinak erabiltzea gomendatu dute. Teklatuan idazterakoan nahiz sagua erabiltzerakoan, besaurreak finkatuta edukitzea ere gomendatu dute, bi gailu horiek ukondoa baino beheraxeago.

“12 hilabete, 12 gomendio” izeneko aholku bideoa:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.