Jai gunetik hiri osoraino zabaldu nahi dituzte herri sanferminak

Maialen Belarra / 2015-10-31 / 610 hitz

Aldaketa. Azkenaldian bolo-bolo dabilen hitza. «Iruñeko jokaleku politikoa aldatu da, eta, horrekin batera, Iruñea aldatzeko aukerak ere areagotu egin dira. Ezin dugu aukera pasatzen utzi». Halaxe adierazi zuen atzo Amaia Cambra Gora Iruñea plataformako kideak, Anaitasuna peñaren egoitzan egindako prentsaurrekoan. Sanferminen izaeraz ari zen. Azken urteetan festak «gain behera» doazela ohartarazita, herri sanferminen aldeko hautua egin dute Gora Iruñeak eta Iruñeko Peñen Federazioak. Horretarako, azaroaren 7an jardunaldiak egingo dituzte, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, 09:30etik 14:00etara. Jai gunetik harago iristea dute xede.

Eztabaidarako marko ireki bat sortu nahi dute, Iruñeko herri eragile guztiek eta norbanako guztiek parte hartzeko. Bakoitzak bere lan esparrutik ekarpenak egitea espero dute; hala, «benetako herri sanferminak» lortzeko beharrezkoak diren tresnak identifikatzea da helburua.

Bi fasetan bereiziko dute mahai ingurua: lehenbizi, oraingo sanferminen analisia eginen da, eta, gero, «hainbeste desio» dituzten herri sanferminak antolatzeko eztabaida dinamikoak hasiko dituzte. Lau ardatzen bueltan ibiliko dira. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dute zein den herri mugimenduak festetan egin behar duen ekarpena. Era berean, jaietan landu beharreko balioak antzeman nahi dituzte. Hirugarrenik, hiriko guneen kudeaketaz hitz eginen dute. Eta, azkenik, mugimenduak Iruñeko Udalarekin izan behar duen harremana aztertuko dute. Lan ildo bakoitzean behar batzuk aterako dira, eta horiek asebetetzeko zein lanabes erabili behar diren erabakitzea da jomuga.

Modu berean, udalak nola lagun dezakeen aztertzea ezinbestekotzat jo dute. «UPNk orain arte izan duen jai ereduan festatik aldendu nahi izan gaituzte. Gu beti saiatu gara protagonismoa herritarrei itzultzen, bai jaiak antolatzerakoan bai festaz gozatzerakoan, baina UPNk ikusle hutsak izatea nahi zuen. Badirudi aukera berri bat zabaldu zaigula udal berriarekin», baieztatu du Gorka Izko plataformako kideak.

Sanferminen Mahaira so

Azken urteetan Gora Iruñearen jai gunearen bidez sanferminen «benetako» izaera bermatzeko gai izan direla gogorarazi dute, baina «jai gunea txiki geratu dela» uste dute. Areago, «hiri osora jauzi egiteko unea» dela berretsi du Izkok. Mikel Doldok Iruñeko Peñen Federazioaren izenean hitz egin du: «Benetako herri sanferminez gozatzeko sekula baino indar handiagoarekin lan egiteko prest gaude». Laster bilduko da Sanferminen Mahaia, eta Doldok aitortu du peñek orain arte parte hartu duten arren espero dutela aurten Gora Iruñeari ere aukera hori ematea. «Udalarekin batu baino lehen, non gauden jakin behar dugu, nondik jo jakiteko. Hori izango da topaketen funtsa», gehitu dio Izkok.

Lan gogorra egin behar izan dute Iruñeko herri mugimenduek azken urteetan, UPNk bidea erraztu beharrean, arantza zorrotzak besterik ez baitu jarri. Gora Iruñeari jai gunea jartzeko tokia ukatu izan dio, antolatutako jarduerak eta egitaraua debekatu, lortutako dirua konfiskatu edo isunak jarri eta abar. Baina guztiaren gainetik aurrera egiten saiatu dira. Udalaren jarrera «itxia» eta jaien «eredu pribatizatzailearen inposizioa ere» behin baino gehiagotan salatu izan dute. «Aspalditik amesten genituen sanferminak antolatzeko ateak ireki zaizkigu», ohartarazi du Cambrak.

Testuinguru horretan, garai bateko festak berreskuratzeko hamaika arrazoi dagoela baieztatu, eta ezaugarri ugari nabarmendu ditu Cambrak: «Bat-batekotasuna, auzolana, bizipenak partekatzea, euskal kultura, parekidetasuna, eraso sexistarik gabeko jaiak, parte hartzaileak, kultura aniztasuna, garbitasuna, bizikidetza… Sekula baino ilusio handiagoa daukagu herri sanferminak antolatzeko». Azkenik, Izkok ohartarazi du une honetan iruindar askok alde egiten dutela sanferminetan, festak «gorroto» dituztelako. «Lehen ez zen halakorik gertatzen, eta, horregatik, buelta eman behar diogu jai ereduari. Badakigu ez dela bi egunetan egiteko zerbait, baina pixkanaka joango gara pausoak ematen».

Auzoetan ere, elkarlana

Horrez gain, orain dela bi aste, lehen aldiz, Iruñeko Udala hiriko auzoetako jai batzorde guztiekin bildu zen. Gora Iruñeak egindako urratsa zoriondu du: «Urteak dira Iruñeko Udalak auzoetako jaiak antolatzeko garaian trabak eta oztopoak baino ez dituena jartzen, gurekin harremanetan jartzeko inolako kanalik ireki gabe. Gobernu eta udal aldaketaren ondoren, bestelako giroa nabari da jai batzordeetan». Askotan gaitzetsi dituzte azken urteotan auzoetako jaietan tasa eta isunen bidez jasandako «diru lapurretak», baina hemendik aurrera elkarlanean aritzeko borondatea erakutsi dute bi aldeek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.