Banksyk Steve Jobsi buruz egindako graffitia babestuko du Frantziak

EITB / 2015-12-13 / 189 hitz

Appleko sortzailearen jatorri siriarra gogoratu nahi izan du artistak: motxila soinean, Apple ordenagailuaren lehen modeloa duela margotu du.

Berriro ere zer pentsa jarri nahi izan du Banksyk gizartea, errefuxiatuen afera eztabaidagai jarrita. Oraingoan, Steve Jobs da bere artearen protagonista. Steve Jobs eta errefuxiatuen drama. Eta Frantzian, errefuxiatuen kanpaleku baten horma erabili du aldarrikapena egiteko. Calaiseko (Frantziako iparraldea) kanpalekuan motxila soinean eta Apple etxeko ordenagailu zahar bat eskuetan margotu du Banksyk Jobs.

Frantziako agintariek adierazi dute artelana babestuko dutela, hirian dauden beste bi arte-lanekin batera. “Ostiralean jabetu ginen arte-lan honekin eta babestea erabaki dugu, inork kalterik egin ez diezaion”, adierazi dute agintariek. Plastikoa edo beira erabiliko dute lana babesteko.

Natacha Bouchart alkateak bertako egunkari bati adierazi dionez, arte-lana aukera bat da hiriarentzat. “Oso ona da eta mezu argia du”, baieztatu du.

Banksyk ere ‘hitz egin du’

Orain arte ez bezala, agiri bat bidali du artistak komunikabidetara Applen jatorri gogoratzeko. Bertan esaten duenez, Estatu Batuek Siriako, Homseko, gazte bati herrialdean sartzen utzi ziotelako (Jobsen aita bertakoa zen) existitzen da sagarren konpainia.

“Immigrazioa zama bat dela sinestarazi nahi digute sarri, baina Steve Jobs Siriako immigrante baten semea zen”, idatzi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude