Barojatarren lanen hauspo sortzailea

Juan Luis Zabala / 2015-12-01 / 338 hitz

Pio Baroja idazlearen eta Julio Caro Baroja historialari eta antropologoaren anaia izatea ez zen, itxuraz behintzat, inoiz ere zama deseroso bat izan Pio Caro Barojarentzat, haien —eta beste hainbat sortzaile barojatarren— obren zabalkundea bultzatu baitzuen aukera izan zuen guztietan, barojatarren lanen hauspo bihurtzeraino. Baina bera ere sortzaile izanez egin zuen lan hori, eta bere obra propioa ere utzita hil zen atzo, 87 urte zituela.

1928an jaio zen Pio Caro Baroja, Madrilen, eta Mexikora erbesteratu zen gaztetan. Ikus-entzunezkoen arloko ikasketak egin zituen han, eta, Espainiara itzuli zenean, Pio Baroja osaba hil eta gero, Espainiako eta Euskal Herriko folkloreari eta tradizioei buruzko dokumentalak filmatzen hasi zen, NO-DO sailerako lehenik, Espainiako Telebistarako gero. Ikus-entzunezkoan arloan, gai horiek jorratzeaz gain, Pio Barojaren eta haren lanaren inguruko dokumentalak ere egin zituen.

Idazle gisa ere lan asko jorratu zituen, eta idatzi zituen liburuen artean ez dira gutxi aldez edo moldez barojatarrak protagonista dituztenak. Mexikon, La soledad de Pío Baroja, Esos cojos del camino, El neorrealismo cinematográfico italiano eta Las estructuras fundamentales del cine argitaratu zituen. Geroagokoak dira Imagen y derrotero de Ricardo Baroja (Bilboko Arte Ederren Museoa, 1987), El romancillo del tío Miguelillo (Malaga, Espainia), Canciones de ida y vuelta (Malaga), El Gachupín. En busca de la juventud perdida (Pamiela, Iruñea, 1995), Itinerario sentimental (Guía de Itzea) (Pamiela, 1996), El águila y la serpiente (Pamiela, 1997), La barca de Caronte (Pamiela, 1998) eta Recuerdos de un documentalista (Pamiela, 2002).

Euskarazko liburu bat ere argitaratu zuen, nahiz eta ez izan berak jatorriz hala idatzia: Haizegua. El viento sur poema liburua (Pamiela, 1994). Berak idatzitako poemak jasotzen ditu liburu horrek, jatorrizko bertsioaren ondoan —gaztelaniazkoa— euskarazkoa dutela. Poema haiek Martin Indaburu izeneko alegiazko idazle zugarramurdiar bati egotzita eta jatorriz euskaraz idatziak balira bezala argitaratu zituen Pio Caro Barojak, haien gaztelaniazko itzulpen lana Juan Garmendia Larrañaga etnologo eta antropologo adiskideak egin zuela esanez. Harrera kritiko ona izan zuen poema liburu hark. Gero aitortu zuen poemak berak idatziak zirela, eta euskarazko itzulpenak Eduardo Gil Berak egin zituela. Jolas bat izan zen hura Pio Caro Barojarentzat, «dibertimentu bat», Alberto Barandiaran kazetariari aitortu zionez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.