«Batzuek uste dute gomazkoa naizela»

Ihintza Elustondo / 2015-12-09 / 614 hitz

Arte Ederren ikasketak egin zituen Shakti Olaizolak (Irun, Gipuzkoa, 1987), baina, egun batetik bestera, dena «pikutara» bidali, eta zirkutik bizi nahi zuela erabaki zuen. Horretan dihardu egun.

Jendeak zirkua pailazoekin lotu ohi du. Baina zu ez zara pailazoa, ezta?

Zirkua esaten duzunean, jendeak karpako zirkua imajinatzen du. Guk zirku klasikoa deitzen diogu horri. Berez, zirku garaikidea da orain gehien ikusten dena. Zirkua karpatik atera da, antzerkiarekin nahastu da. Zerbait kontatu nahi du, ez da bakarrik gauza harrigarriak egiten dituzula erakustea.

Kontortsionista gisa definitzen duzu zeure burua. Nola azalduko zenioke jendeari zer den hori?

Malgutasuna landuz eta gorputzaren mugak ezagutuz, formak sortzen ditut.

Zer da egin dezakezun gauzarik bitxiena?

Hankekin burua uki dezaket, kaxa batean sar naiteke, armiarmarena egiten dut —zubia egin eta oinez ibili—, liburu bat oinekin irakurri… Bitxiena, agian, forma hau da: belauniko jartzen naiz, atzerantz botatzen naiz, eta nire oinen artean burua sartzen dut. Orduan, hiruki baten moduan gelditzen naiz, bolatxo bat eginda.

Sekula gelditu al zara korapilatu eta askatu ezinik?

Bai [barrez]. Zure gorputza ezohiko egoera batean dago, eta ez dakizu non dagoen zure hanka edo eskua, oina alde batera mugitu nahi duzu eta beste aldera mugitzen duzu… Barregarria da. Zure gorputzarekin leku batzuetara iristen zara, eta burua ere aldatu egiten zaizu. Ero samarra da.

Jendeak nola erantzuten du?

Batzuetan, ez dakit begiratu nahi duten ala ez. Batzuek sufritu egiten dute. Denak adi-adi egoten dira, eta, tarteka, garrasiak entzuten dira. Baina, azkenean, gustatzen zaie.

Hezur-haragizkoa zara? Ala gomazkoa?

Batzuek uste dute gomazkoa naizela; hezurrik ez daukadala. Baina badaukat, bai [barrez].

Nola landu duzu gorputza halako gauzak egitera iristeko?

Luzatze ariketa asko egin dut, eta oso garrantzitsua izan da kontortsioaren teknika ikastea. Badago teknika bat; ez da bakarrik tolestea eta malgutasuna lantzea. Bizkarra nahiko delikatua da, eta ezin dira edozein modutara egin gauzak. Ane Mirenekin [kontortsionista ohia] ikasi dut teknika bat malgutasun hori beste modu batean lantzeko; minik hartu gabe. Ze mina ere kontortsioaren parte da. Badaude irakasleak neskatxak hartu eta tolesten dituztenak. Tolestu eta tolestu, eta kito! Eta gero…

Zuk minik pasatu duzu teknika hori barneratu bitartean?

Ane Mirenekin hasi baino lehen, nire saialdiak egin nituen. Interneten ikusten nituen formak, eta egiten saiatzen nintzen. Eta gero bizkarreko mina izaten nuen.

Zenbat denbora behar du pertsona batek halako gauzak egiteko?

Entrenatzen hasi nintzenetik, lau urte pasatu ziren lehen ikuskizuna egin nuen arte.

Pazientzia beharko da, ezta?

Sekulakoa. Baina zerbait gustatzen bazaizu… denbora piloa pasa dezakezu horretan.

Ez duzu frustraziorik sentitzen zerbait ez duzula lortzen ikusita?

Egun gogorrak badaude. Gorputza ez dago egunero berdin; zure burua ez dago egunero berdin. Agian, joaten zara entrenatzera, eta esaten duzu: «Gaur ez da eguna». Baina egin, egin behar duzu. Eta egiten duzu. Zure onena jarri behar duzu zure bizitza eta arazoak agertokian ez sartzeko. Hor badago ate bat, sartzen zara, eta beste pertsona bat zara. Askotan, gogo gabe joaten zara antzeztera, eta harritu egiten zara. Esfortzua egiten duzu, eta bueltan jendearen eskerrak jasotzen dituzu. Eta hobetu egiten da eguna. Buruak rol oso garrantzitsua jokatzen du.

Zein adinetara arte da gai gorputz bat kontortsioak egiteko?

Zirku diziplinen artean amaitzen lehena da kontortsioa. 35-40 urtera arte egin daiteke, eta oso ondo egon behar duzu horretarako.

Zer egingo duzu adin horretara iritsitakoan?

Beste gauza asko interesatzen zaizkit. Gehienbat kontortsioa egiten dut, baina bidean gauza asko ikusi ditut: dantza, antzerkia, akrobaziak…

Leku askotan egin dituzu ikuskizunak: Brusela, Durango, Madril, Iruñea, Burgos (Espainia), Ekuador, Kolonbia… Hainbeste lekutara joateko, kontortsionista gutxi egongo dira munduan, ezta?

Hau ez da, berez, oso profesio normala, baina badago jendea honetaz bizi dena; jendeak uste duen baino gehiago. Denak ezagutzen gara. Antzerkian erabiltzen den hizkuntza unibertsala da. Baina kultura aldatzen da, eta inoiz ez dakizu jendeak zer erantzun izango duen. Eta ikusten duzu funtzionatzen duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.