Behi eta berriz

Edu Lartzanguren / 2015-12-21 / 1.110 hitz

Klonazioa laborategitik lantegira pasa nahi dute Txinan, eta prozesu industrial arrunta bihurtu. 2020rako, klonaturiko miloi bat behi ekoitzi nahi dituzte urtero. Beste animalia batzurekin osatuko dute produkzio katea, eta dena prest daukate, nazioarteko gizartea gertu dagoenerako, gizakia katalogora gehitzeko.

Garai batean albisteak izenburu nagusiak hartuko zituen, baina, gaur, ekonomia agerkarietan baino ez da azaldu: Txinako lantegi batean milioi bat behi klonatu nahi dituzte urtero. Aste batzuk barru hasiko dute ekoizpen prozesua, eta 2020. urterako nahi dute lehen milioia saldu. Hasiera besterik ez da izango. Lasterketarako zaldiak, txakurrak eta galtzeko zorian diren espezietako animalia klonatuak sortuko dituzte lantegi berean. Konpainiaren buruek esan dutenez, gizakiak klonatzeko sistema prest daukate, baina ez dute oraingoz egingo, kontrako erreakzio baten beldur direlako.

Boyalife konpainia ari da lantegia eraikitzen, Txinako iparraldeko Tianjin portuan. Txina aberastu ahala, hango herritarrek gero eta haragi gehiago eskatzen dute. Horren eraginez, haragi urritasuna dago. Boyalifeko buru Xu Xiaochunek esan duenez, animaliak klonatzeak aukera emango du haragia berdintzeko. «Supermerkatuan itxura ona du denak —distiratsua eta itxura berdinekoa—. Animaliekin ezin izan dugu hori egin orain arte», esan zion Xu Xiaochunek AFP agentziari duela bi aste.

Txinako Boyalife, Hego Koreako Sooam konpainiarekin ari da egitasmoan. Dagoeneko tximinoak klonatzeko prozesua hobetzen ari dira, Txinako Zientzia Akademiarekin, gaixotasunak ikertzeko animaliak lortzeko. Horrez gain, mamut iletsua klonatzeko asmotan dabiltza, Siberiako (Errusia) izotzetatik berreskuraturiko zeluletatik.

Sooam konpainiaren sortzailea Hwang Woo-Suk da. Snuppy munduko lehen txakur klonatua sortu zuen, eta ezaguna egin zen mundu osoan, 2004. eta 2005. urteen artean, klonazioaren bidez giza enbrioietako ama zelulak sortu zituela esan zuelako. Luze gabe frogatu zuten Hwangen esperimentuak iruzurra izan zirela.

Eraginkortasun txikia

Eszeptikoa da Ana Agirre EHUko genetika saileko irakaslea. Teknika azken urteotan asko hobetu bada ere, ez dago «txapliguak botatzeko moduan». Klonazioaren bidez behi biziak lortzeko prozesuaren eraginkortasuna oso txikia da, eta kostua handia. Duela urte batzuk, klonazio saioen %1ek lortzen zuen arrakasta, eta, azken boladan, hobetu egin da, baina oraindik ez du %5 gainditzen. Prozesuan, enbrioietako asko hil egiten dira, eta jaiotzen direnen artean asko lehenengo astetan hiltzen dira. Bizirik irauten duten askok osasun arazo handiak izaten dituzte. «Harritzen nau halako egitasmo handinahia abian jartzea teknika oraindik ez dagoenean behar den mailan».

Boyalife enpresa eta haien bazkide korearra Tibeteko dogo txakurra klonatzen ibili dira orain arte. Txinan modan dago txakurra, eta horietako baten truke milioi eta erdi euro ordaintzera heldu dira han. Agirrek esan duenez, halako hiru klonatzea bakarrik lortu dute. «Teknika badabil, baina bakarrik merezi du halako dirutza dagoenean tartean».

AEBetan, aritu da enpresa bat animaliak klonatzen, baina ehun bat baino ez dituzte lortu. 2010. urtean zezen bat klonatu zuten Espainian. Ia 30.000 mila euro kostatu zitzaien piztia.

Asier Fullaondo EHUko genetika irakaslea ziur dago Txina-Hego Koreako talde horrek klonazio prozesua asko hobetuko duela. Baina behiak arrazoi ekonomikoengatik klonatzea «euliak kanoikadaka akabatzearen modukoa» dela uste du. Izan ere, klonatzeak ez du, inolaz ere, azkartzen behia ugaltzeko prozesua. Beraz, klonatzekotan, oso behi berezia izan beharko da, merezi izateko.

Eta hala da: Boyalife konpainiak kobe haragia sortu nahi du behi klonatuekin. Japoniako Kobe eskualdeko txekorretatik ateratzen da izen horretako haragia eta oso preziatua da, gustua eta samurtasunarengatik: xerra baten truke 50 euro baino gehiago ordaindu izan dira.

Peter Ben Embarek Osasunaren Mundu Erakundearen elikagai eta animalien saileko zientzialariak esan duenez, ez dute klonazioaren bidez haragi hori lortuko, kalitateak ez baitu bakarrik behiaren genetikarekin zerikusirik, baizik eta abereen elikadurarekin eta trataerarekin. «Ezin duzu prozesu osoa klonazioarekin ordezkatu», adierazi du. Halere, interesgarria iruditzen zaio, «geroan halakoak gero eta gehiagotan ikusiko ditugulako».

Ez dira nahastu behar klonaturiko eta genetikoki eraldaturiko organismoak. Klonazioan ez da genetika aldatzen. Baina arriskutsua litzateke klonaturiko zekorren haragia jatea? Ben Embareken arabera, klonaturiko animalia baten haragia eta abere arrunt batena guztiz berdinak lirateke, printzipioz. Haatik, kontuz ibili beharko litzateke, klonaturiko animaliak, agian, joera izan dezakeelako hainbat gaitz errazago garatzeko. Edonola ere, haragi «normalak» izan ditzakeen arrisku berdinak lituzke, eta horiek gehiago dute ikusteko animalia hazteko, hiltzeko eta prestatzeko prozedurekin klonazioarekin baino.

Balio al dute elikagaiei eginiko segurtasun azterketa zaharrek teknologia berriaren bidez ekoitzitakoentzat? Ben Embereken arabera, bai, azken batean produktua bera delako: jana. Haren aburuz, osasunaz gain, elikagai horiek ingurumenean duten eragina, kontsumitzaileen nahiak, etika eta erlijio arazoak ere aztertu behar dira. Eta horretan, etiketaren afera da garrantzitsuena. Etorkizuna korapilatsua izango dela onartu du zientzialariak: Argi dago elikagai gehiago beharko dela, populazioa handitzen ari delako. Baina, bistan da janari asko alferrik galtzen ari dela gaur. «Zalantzarik gabe, askoz teknologia, produktu, eta aukera gehiago izango ditugu geroan. Baina beti argi utzi behar da kontsumitzaileek jakiteko eskubidea dutela».

Eta gizakia?

Ben Embarekek ez du giza klonazioaren gaian sartu nahi, «giza klonak jateko ekoizten ez dituzten bitartean». Baina Txinan erabili nahi duten nukleoa transferitzeko teknologia edozein bizidunekin erabil daiteke. Bidean sortzen diren abortuak eta jaiotzen direnek dituzten osasun arazoek muga etiko handia ezartzen diote teknologia gizakiekin erabiltzeari. «Halako eraginkortasun txikiarekin, ez litzateke etikoki onargarria», esan du Agirre genetistak.

Ez dago argi informazio genetikoa ematen duen zelulak zein prozesu jarraitu behar duen bere zelula denboran atzera egiteko, gero organismo osoa garatu ahal izateko. Zientziak, beraz, saiatu eta huts teknika erabiltzen du, eta, gehienetan, huts egiten du.

Txinak beste tradizio bat du. Ez ditu Mendebaldearen arazo etikoak. Mendebaldeak ez al du hor biozientzian atzean geratzeko arriskua, eztabaida filosofikotan harrapatuta?

Jon Sudupe saiakeragileari betidanik interesatu zaio klonazioaren gaia, batez ere giza-klonazioa, gizakia zer den izan duelako galdera nagusitzat. Zergatik ez diote Txinan horrenbesteko erreparorik klonazioari? «Zalantzarik gabe, guk horrekin dugun arazoa tradizio erlijiosotik dator. Gizakiari buruzko teoria biologikoek beti asaldatu gaituzte, beldurra sortu digute». Sudupek argi du gizakia, azkenean, klonatu egingo dutela. Baina Habermasekin bat egiten du horretan: gizakia klonatzea ez da zilegizkoa, gizakiaren autonomiaren kontra doalako. «Ez dugu eskubiderik aukeratzeko haiek nolakoak izango diren». Agian urte batzuk barru bestela pentsatuko dugula esan du, baina, gaurkoz, «biokontserbadoreak» garela.

Europak, orokorrean, transgenikoak eta klonaturiko animaliei dagokionez, debekatzeko joera du. «Erabaki politikoa da», esan du Agirre irakasleak. AEBek beste politika bat dute: han, legeari dagokionez, klonaturiko animaliak beste tekniken bidez lorturikoen berdinak direla erabaki dute. Jan daitezke, beraz. Baina, normalean, ugaltzeko erabiltzen dituzte, ez zuzenean jateko. Txina, berriz, nagusigoa bilatzen ari da bioteknologiaren arloan, «horregatik ari dira AEBetan eta Europan ausartzen ez garen esperimentuak egiten».

Hogei urte barru, zein alde egongo da teknikoki egin ahalko denaren eta egiten ausartuko direnaren artean? Agirrek argi du: «Prozesuaren eraginkortasuna hobetu bezain pronto, gauza horiek egin egingo dituzte». Gogoratzen duenez, gaur ere, oso animalia gutxi ugaltzen dira modu naturalean. Behi gutxik ezagutzen dutela zezenik, alegia.

«Gizakietan, berriz, teknika %100 eraginkorra ez den bitartean, ez dut uste erabiliko dutenik», esan du. Baina gauza bat argi geratu behar da, klonatzeak ez du esan nahi klonak jatorriko animalia edo gizakiaren ezaugarri berdinak izango dituenik. Espainian klonatu zuten zezena hil egin zuten lau urteren buruan, ez zuelako zezenketetarako balio. Haren haragiaren gustu eta samurtasunez ez dago berririk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.