Emakume ahotsa, zerbitzari lanerako aproposa

Mikel Garcia Idiakez / 2015-12-21 / 270 hitz

Konturatu al zara? Telefono mugikorretako laguntzailearen ahotsa (Siri iPhonean, Cortana Microsoften, S Samsungen, Google Now Androiden), GPSetakoa, tren eta aireportuetako iragarpenetakoa, erantzungailu automatikoena… emakume ahotsa da gehienetan, zerbitzari lanerako ahots aproposena emakumeena bailitzan.

Clifford Nass idazkari digitalen aitzindariak esana da: emakumearen ahotsa laguntza eta babesa emango digun soinutzat hartzen dugu, eta gizonezkoena aldiz, autoritatearekin eta inposaketarekin lotzen dugu. Eta jakina, herritarrok ez omen dugu nahi nora/nola joan eta zer egin inposatuko digun ahotsik, horiek proposatuko dizkigun ahots “goxo eta atsegina” baizik. Zineman ere, adimen artifizialaz ari gareno, maskulinoak izan ohi dira ahots teknologiko autoritarioak (2001: A Space Odyssey filmeko HAL 9000 ordenagailua kasu), eta neskame funtziotik gertuago daude emakume ahotsak (gogoratu Star Trek telesaileko espazio-ontziaren ordenagailua).

Finean, emakume eta gizonei atxikitzen dizkiegun rol sexistak erreproduzitzen eta betikotzen ari gara teknologian. Rebecca Zorach genero gaietan adituak dioenez, “ahots femenino robotizatu eta obediente hauek genero-estereotipoak indartzen dituzte”. Baina aparailuen ahots mota aukeratzeko merkatu-ikerketak egin ohi direla eta beraz, herritarren artean dagoeneko badauden genero-estereotipoak islatzen dituztela ere gaineratu du. Errealitatean, izan ere, idazkari lanak emakumeekin lotzen ditugu gehienbat, azpimarratu du Rebecca J. Rosen kazetariak. “Enpresaburu handi sentiarazten gaituzten idazkari digital hauen atzean, gizon eta emakumeen arteko botere-harremanak sostengatzen eta bultzatzen dituzten dinamikak daude”, gehitu du.

Egunerokoan bidelagun –gero eta gertukoagoa– dugun teknologiak gizartearen gaitzak errepikatu ez ditzan –eta areago, gizartea bera eraldatzeko eta hobetzeko balio dezan–, ahots automatiko anitzak izan beharko genituzke inguruan, rol matxistetatik aske. Eta txikikeria dela iruditzen zaionarentzat, adibide argigarria: 90eko hamarkada bukaeran, Alemanian BMW konpainiak emakume ahotsa zuen nabigazio sistema aldatu zuen bere autoetan, gizon andanak BMWra deitu zuelako esanez ez zeudela emakume baten argibideak jarraitzeko prest.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.