Emakumeenak garestiagoak

Eskeine Legorburu / 2015-12-13 / 644 hitz

Merkatuko produktu asko gizonek zein emakumeek erabil ditzakete, baina andreentzakoak %60 garestiagoak ere izan daitezke. ‘Zerga arrosa’ esaten zaio kostu horri, eta ikusezina da askotan.

Umeetan bezala, urdina eta arrosa bereizita daude helduen artean ere. Urdina gizonarena da, eta arrosa emakumearena. Kolore ilunak eta grafia eta irudi zuzenak gizonentzako produktuetan, eta kolore argiak eta grafia eta irudi biribilak andreentzakoetan. Eguneroko eta oinarrizko produktuak bereizita daude gizon eta emakume helduentzat, nahiz eta sorburuan produktu horiek berdinak diren.

Bereizketa egiten da, ordea, eta garestiagoak dira emakumeentzakoak direnak gizonentzakoak direnak baino. Merkatuaren jokoan, emakumeentzako produktuek prezio handiagoa dute. Beraz, bereizketak, beste dimentsio bat hartzen du helduen artean: generoarena eta ekonomikoa.

Ehunka produktuk ezkutuan daramate kostu hori, eta emakumeentzat direlako dira garestiagoak. Zerga arrosa esaten zaio praktika horri, eta, produktu askotan, kolorea da bereizgarri bakarra: produktua arrosa kolorekoa izatea. Baina ezberdintasun horrek kostuan eragiten du, igo egiten baitu. Higiene eta drogeria produktuetan gertatzen da, batez ere; merkatu ikerketen arabera, higienearekin lotutako hainbat produktu garestiago ordaintzeko prest agertzen baitira emakumeak, eta hori euren probetxurako erabiltzen dute marka askok.

Adibidez, koloniak %40 garestiago izan daitezke emakumeentzat, krema hidratatzaileak %50, eta desodoranteak, xaboiak eta depilatzeko produktuak %25, eta ilea kentzeko edo bizarra mozteko xaflak %60 garestiago.

Ile apaindegietan eta tindategietan ere gertatzen da; emakumeei zuzendutako zerbitzuak garestiagoak dira maiz, genero ezberdintasun hutsagatik. Baita arropetan ere. Emakumeentzako jantziak gizonentzakoak baino garestiagoak dira kasurik gehienetan, arropa berdina izanda ere. Jostailuak edo eskolako materiala ere garestiagoak izan daitezke arrosak izateagatik edo neskentzakoak izateagatik bakarrik.

Askorentzat, merkatuaren jokoa da askorentzat zerga arrosa, eskaintzaren eta eskariaren arteko hartu-emana: emakumeak gehiago ordaintzeko prest badaude, markek hori baliatuko dute; baina sustraietan genero bereizketa bat ere badagoela salatzen dute hainbat elkartek nazioartean. Frantzian, esaterako, Georgette Sand talde feministak 2014an eman zuen zerga arrosari buruzko abisua, lurraldeko saltoki handietan zein txikietan prezioei buruz egindako azterlan baten ondorioz. Sinadurak bildu zituzten eta protesta egin zuten, emakumeentzako produktuak garestiago saltzen direlako. Georgette Sandek egindako eskariari helduta, kostu hori zehazki zenbatekoa den argitzeko ikerketa lan bat egitea ebatzi zuten Frantziako Asanbleako diputatuek. Irailerako aurkeztu behar zuten txostena, baina gobernuak oraindik ez du emaitzarik jakinarazi. Hala ere, premiazko produktuen gaineko zerga —konpresena eta tanpoiena, adibidez— %20tik %5,5era jaistea onartu du Asanbleak.

Kalifornian, aurretikoa da gaiari buruzko kezka. 1995ean Kaliforniako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, emakume batek urtean 1.500 dolar gehiago gastatzen zituen produktu berdinak erosita. Legea urtebetera aldatu zuten, 1996an. Bi urte geroago, New Yorken, produktuak diskriminatzen zituzten saltokiei isunak jartzen hasi ziren. Hego Euskal Herrian polikiago doa zerga arrosaren inguruko lanketa.

Azterketa bat eskatu dute

Aste honetan bertan, Nafarroako Parlamentuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan mozio bana onartu dute Ahal Dugu taldeak aurkeztuta. Ahal Dugu-ren ustez, «badago gai honen inguruko problematika bat, emakumeen oinarrizko eskubideei eragiten diena, berdintasunari eta duintasunari, kasurako, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideei ere».

Talde politikoaren ustez, produktuen eta zerbitzuen prezio erreala jakiteko eskubidea dute herritarrek, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu diete Hego Euskal Herrian zerga arrosa badagoen aztertzeko eta kontsumitzaileen eskubideei dagokionez zein eragin duen ikertzeko.

Emakumeentzako produktuek duten ezberdintasun ekonomikoaren berri oso jende gutxik du, askotan kosta egiten baita kostu hori ikusi ere egitea. Supermerkatuen eta haietan salgai dauden produktuen antolaketak ere ez du errazten produktuen artean konparazio ekonomiko bat egitea. Emakumeentzako eta gizonentzako produktuak bereizita egoten dira, eta horrek zaildu egiten du prezioak alderatzeko saioa.

Hala, eroslea merkatuaren jokoan sartzen da, eta kontsumitzaileen eskubideak urratzen dira, erostera doanak ez duelako informazio guztia jasotzen. Kexak, baina, oso gutxi dira. Kontsumobide Kontsumorako Euskal Institutuan ez dute bildu zerga arrosarekin lotutako desadostasunik: «Kexa bakar bat ere ez dugu oraindik jaso», diote. Kontsumobideren prentsa kabinetetik jakinarazi dutenez, institutuak azterketarik ez du egin oraindik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerga arrosaren inguruan. FACUA erakundearen arabera, berriz, «kontsumo sistemaren iruzurra» da zerga arrosa. Erakundearen ustez, «enpresek kontsumitzaile jakin bati bakarrik zuzentzen dizkie produktu horiek, gehiago ordaintzeko prest dauden horiei». Izan ere, kontsumo gastuen erabakien %80 emakumeek hartzen dituzte, eta enpresek kontuan dute hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.