«Ia ezinezkoa da gorputzak dioxina guztiak kanporatzea»

Eskeine Legorburu / 2015-12-16 / 583 hitz

Hondakinak errausteak gizakiaren osasunean dauzkan eragin kaltegarriez aritu da Eduardo Rodriguez Farre mediku eta irakasle kataluniarra Andoainen (Gipuzkoa). Errausketaren kontrako herri plataformen koordinakundeak antolatutako jardunaldietan parte hartu du, eta, azaldu duenez, «errausketak beti uzten ditu ondorio negatiboak gizakiengan». Fisiologia eta farmakologia irakaslea da Rodriguez Bartzelonako Biomedikuntzarako Ikerketaren Institutuan, eta CIBERESP Espainiako biomedikuntza zentroen sareko neurotoxikotasun arduraduna da.

Zein ondorio izan ditzake gizakiarentzat errauste planta baten toxikotasunak?

Hainbat aldagaik eragiten dute ondorioetan, eta, eremu bakoitzaren arabera, efektuak ezberdinak izan daitezke. Baina, ikerketen arabera, alterazio endokrinoak gertatzen dira, hormonen ohiko garapenean eragiten dutenak. Horrek alderatze bat eragiten du ezagutza kognitiboetan eta garapen neurologikoetan. Batez ere ume txikietan izaten du eragina, eta, amaren bidez, umekiaren garapenean ere eragin dezake.

Luzera begira, berriz, tumoreak garatzen dira gorputzeko atal ugaritan: laringean edo pankreasean, adibidez. Diabetesa ere eragin dezake. Ikerketek erakutsi dute errauste plantak dauden inguruetan diabetes kasuek, adibidez, gora egiten dutela.

Epe laburreko eta luzeko ondorioak bereizten dituzu. Urte kopuruan adierazterik izango zenuke tarte bakoitza?

Ikerketen arabera, lehen ondorioak hiru-bost urtean hasten dira azaleratzen. Baina hor ere kausa-efektu erlazioa ezberdina da tokian-tokian. Tumoreak garatzeko epea, berriz, ez dago ziur esaterik. Errauste planten eraginaz gain, kontuan hartu behar dira porlan lantegiak, eremuko industria kopurua, fundiziorik badagoen…

Gorputzak kanporatzen al ditu jasotako dioxina horiek inoiz?

Ez, metatu egiten dira. Oso kantitate txikian jasotzen ditugu, baina jasotako dioxinen erdiak kanporatzeko bederatzi-hamabi urte behar dira, eta, jaso eta hogei urtera, oraindik laurdenak botatzeko izaten ditugu. Ia ezinezkoa da dena guztiz kanporatzea. Gainera, dioxinak une oro hartzen baditugu adibidez erraustegi bat dugulako ondoan, kontuan hartu behar da beti izango ditugula.

Non pilatzen dira, batez ere, dioxina horiek?

Gantzean, baina kutsadura neurtzeko adierazlerik onena bularreko esnea da. Izan ere, gantzean pilatzen diren dioxinak esnera igarotzen dira ama bularra ematen hasten denean. Eta hor dago paradoxa, edoskitze garaian jasotzen baitugu dioxina gehien.

Zer hartzen duzue kontuan ondorioen azterketa egiteko?

Oso zaila da halako ikerketak egitea, eremu oso mugatuak hartzen direlako kontuan; baina intzidentziak eta heriotza indizeak aztertzen ditugu. Patologia horien arrisku indizeak neurtzen ditugu, eta horren arabera ematen ditugu datuak. Baina ikerketak egitea oso garestia da, behar den materialak izugarri balio duelako.

Euskal Herrian egin al da ikerketarik?

Zehazki Euskal Herrian ez, baina Espainian bai, eta kalterik handiena izan duten eremuen artean dago Bizkaia. Haren aurretik Bartzelonako metropoli eremua eta Madril daude. Ikertzaile batzuek mapa bat egin dute, eta bertan kokatu dituzte herriz herrikako datuak, bakoitzean dauden azpiegitura guztiak zehaztuta.

Zer dio legeak horri buruz?

Ezer gutxi. Europako lege bat dago, baina gustura jakingo nuke zenbateraino betetzen den. Espainiako daturik ez dago, adibidez, eta ez du inork ikuskatzen legea betetzen den edo ez. Hala ere, nire ustez, legea da gutxienekoa. Planta bakoitzak isurtzen duen dioxina kantitatea da garrantzitsuena. Egon daiteke erraustegi bat tona bat dioxina emititzen duena eta araua betetzen ez duena. Baina nik nahiago dut horrelako bat, legea beteta ere ehun tona isurtzen dituena baino.

Eta ba al dago araudirik errauste plantak nolakoa izan behar duen zehazteko?

Hori da errazena, planta egiteko jartzen diren arauak zehaztea. Baina gero mantentze lan bat egin behar da, eta hori ere izugarri garestia da. Dena berria denean ez da arazorik egoten, baina, denborarekin, iragazkiak puskatu egiten dira, hondakinak erretzeko erregaiaren kalitatea jaitsi egiten da, labeak zikindu egiten dira… eta hor sortzen dira arazorik larrienak.

Errauste plantak non uzten ditu ondorio gehiago: dagoen herrian edo inguruan?

Kasuan-kasuan ezberdina da emaitza. Batzuetan, plantak dauden herrietan baino inzidentzia gehiago jaso dira ingurukoetan, haizeak dioxinak beti inguru berera eramaten dituelako, klima faktoreen ondorioz, edo inguruan dagoen industriaren ondorioz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.