Jostailu bana jolas bererako

Maite Asensio Lozano / 2015-12-13 / 1.084 hitz

Olentzerori oparia eskatzeko liburuxka hartu du haurrak, eta marrazkiei erreparatu die: mutikoak ageri dira abenturazko pertsonaiekin jolasean, baloiarekin, edo gazteluak eraikitzen; neskatoak, berriz, sukaldetxoan, umeak zaintzen, edo panpinekin. Haurrak 3 urte baino ez ditu, baina dagoeneko identifika dezake bere burua liburuxkan agertzen diren bertze umeekin. Orriei banan-banan begira, jolastuz hasi da ikusten mutilei dagokiela ausardia; eta neskei, berriz, sentimendua. Gizonek eraikitzen dituztela etxeak, eta emakumeek, berriz, ingurukoak zaindu. Nahi gabe, jolastuz ari da genero rolak ikasten.

Gabonak hurbildu ahala hasten da guraso askoren buruhaustea: zer oparitu seme-alabei? Izan ere, ez da erraza industriak sustatzen duen sexismotik aldentzea. Jostailu katalogo bat zabaldu edo saltoki batera sartu besterik ez dago: gune arrosa alde batean, ustez neskentzat diren jostailuekin, eta gune urdin bat beste albo batean, ustez mutilentzat direnekin. «Jostailu gehienak, berez, ez dira sexistak; erabilerak dira sexistak», azaldu du Oihana Etxebarrieta Bilgune Feministako kide eta hezitzaileak.

Baina nola identifikatu jostailu sexista bat? «Rol jakin batzuk genero bati esleitzen dizkion jostailua sexista dela esaten dugu; hau da, soilik mutilentzat edo soilik neskentzat denean, modu jakin batean jolasteko, eta gaitasun eta izaera jakin batzuk garatzeko helburuz». Neskei bideratutako jostailuetan, emakumeei adjudikatutako rol sozialekin lotuta daude jarduera gehienak: zaintza —ama izan, kozinatu, erosketak egin…— eta edertasuna —panpinak, makillajea…—. «Izaera batekin lotuta doaz: ona izatea, esanekoa, zintzoa… Ez dute zertan ezaugarri txarrak izan, beste aukera batzuk dauden neurrian». Mutilei bideratutako jostailuek, berriz, kirola eta abentura sustatzen dituzte, eta maiz indar fisikoaren erabilera: gerrak, borrokak, heroiak, lehiakortasuna…

Hortaz, sexista al da panpina bat? «Ez. Sexista da neskei bakarrik bideratzen zaienean», erantzun du Etxebarrietak. Olgeta proiektuko Itsaso Pagoaga ez da guztiz iritzi berekoa. Haren ustez, sexismoa bi modura ikus liteke jolasetan: alde batetik, erabileran; bertzetik, jostailuan berean. «Jostailu sexistak dira genero bati egotzi zaizkion rolak erreproduzitzen laguntzen dutenak. Adibide garbi bat: Barbie. Emakumeei ezarri zaizkien edertasun kanonak erreproduzitzen ditu. Gizonetan, Action Man izan daiteke».

Erabilerak sexismo hori areagotu dezake, Pagoagaren ustez. Baina, era berean, erabilera hori iraul daiteke: «Pitilina daukan panpina bat baldin badaukagu, nesken arropa jar diezaioket nahita. Hor guztiz apurtzen ari naiz erabilerarekin».

Erabilerari buruzko balorazioa publizitatearekin lotu du Etxebarrietak: «Nola saltzen dituzte jostailuak? Neskak eta mutilak ez dira ia agertzen elkarrekin jolasten». Irudietako neska eta mutilak banatuta egoteaz gain, telebistan «beldurgarria» da gaiari ematen zaion trataera, Pagoagarentzat: «Ikus-entzunezkoetan off-eko ahotsa ere egoten da bideratua. Neskentzat denean, ahotsa neskena izango da, goxoa, leuna… Aldiz, patinete bat saltzen duen iragarkian, ahotsa gizonezkoena izango da, zakarra… Ume batek hori guztia entzun eta ikusten duenean, subliminalki bada ere, mezua bat ari da jasotzen».

Emakundek joan den urtean plazaratutako ikerlan batek ere agerian utzi zuen publizitatearen joera hori. Azterketa haren arabera, neskak protagonista diren iragarkien %62,7k panpinak saltzen dituzte, eta mutilak protagonista direnen erdietan, berriz, ekintza figurak eta ibilgailuak.

Mundu bereiziak

Merkatuaren beharrak bultzatuta, indartsu diraute mundu arrosak eta urdinak. Inoiz baino indartsuago, Etxebarrietaren ustez: «Gauza batzuetan, atzera egiten ari gara. Gogoan dut txikitan bagenituela neutroak ziren jostailu batzuk: legoak, duploa… Denentzako berdinak ziren; orain, gero eta sexualizatuago daude». Ildo horretan, ohikoa da produktu beraren bi bertsio ikustea. Haur txikientzako motoak: arrosak neskentzat, urdinak mutilentzat; baloiak: neskentzat Disneyko pertsonaien marrazkiekin, mutilentzat heroien irudiekin.

Pagoagak ere uste du aldaketa, izatekotan, txarrera gertatu dela: «Ekoizten diren jostailuak gero eta sexistagoak dira. Hau da, lehen agian Barbie zegoen, baina gero Bratz panpinak irten zen, askoz ezaugarri estereotipatu eta markatuagoak dituztenak».

Hala ere, arrosak urdinaren eremua hartu duela uste du Etxebarrietak: «Lehen denok erabiltzen genituen jostailuak, neutroak zirenak, mutilei bideratuak ziren berez. Orain, neskentzako berariazko bertsio bat garatu dute; logika merkantilista bat dauka: mundu oso bat sortu da arrosaren inguruan, merkatuak gidatuta. Baina arrosatik kanpo ez dira beste kolore batzuk agertzen ari, denak jolastu ahal izateko». Eta urdinaren esparrua ez da zabaltzen ari: «Eremu pribatuarekin lotutako jolasek muga handiak dituzte oraindik mutilentzat». Halakoetan, zaila deritzo genero markarik gabeko jostailuak aurkitzeari: «Mutil asko ez dira arraro sentituko panpina batekin jolasten, baina agian bai panpina arrosa batekin».

Debekua bainoago, solasa

Gurasoei eta irakasleei gaiari buruzko ikastaroak ematen jardun du Etxebarrietak, eta antzeman du mutil askok eskatzen dizkietela panpinak gurasoei. Zer egin halakoetan? «Eman», esan du, irmoki; onartu du, halere, beldur direla aita-amak: «Eskolan edo kalean barre edo min emango dietela uste dute. Eta kezka hori zilegi da, egia baita iruzkin batzuk entzun behar izaten dituztela. Baina besteek zer pentsatuko duten, horretan geratuz gero, haurrei aukerak murriztuko dizkiete; ez dizkiete aseko desio horiek».

Kontrako egoerak ere gerta daitezke. Adibidez, zer egin alabak behin eta berriro panpina estereotipatu bat nahi duela erranez gero? Pagoagaren ustez, adinaren arabera, umearekin solastatzea da onena: «Saiatuko nintzateke harekin hitz egiten, eta ikusarazten telebistan agertzen diren panpina horren neurriak ez direla errealak. Eta gure ezaugarrietatik gertuen dagoen beste bat bilatzen saiatuko nintzateke». Eta hala ere horixe bertzerik nahi ez balu? «Bada, igual erosi behar dugu Barbie bat. Baina Barbie hori etxera iristen denean, heziketa lan bat egin behar da. Ez da oparitu eta kito». Hainbat aukera eman ditu horretarako: «Beste arropa batzuk jantzi, makillajea kendu…».

Haur txikiek edozerekin jolasteko arazorik ez dutela gaineratu du Etxebarrietak; helduek sortu dutela gatazka: «Plaza publikoan berdintasunean jolasten uzten ez dugunean». Hori iraultzeko, komunitatea sendotu beharra nabarmendu du: « Ezinbestekoa da komunitatea osatzen duten eragileen elkarlana. Eskolan egin ditzakete gauza batzuk, baina jarraipena izan behar dute familietan, erakundeetan, hiri eta herrietan…». Heldu eta umeek elkarrekin gehiago jolastu beharko luketela uste du Pagoagak: «Askotan, familietan, lana dela, kontziliazioa dela, denbora gutxi egoten dira gurasoak umeekin: jolasten, are gutxiago. Gure falta emozionala ordezkatzen dugu jostailuekin, eta gero ez dakigu oso ongi kudeatzen suertatzen diren egoerak. Jostailua bai, baina agian eskaini behar zaiena da jolaserako aukera gehiago». Eguberrietan hamaika opari egiteari baino gehiago, horiek ongi aukeratzeari eta jolaserako espazioak sortzeari eman dio garrantzia: «Umeak jostailu gutxi eta onak behar ditu, baina, batez ere, jolaserako denbora eta lagunak behar ditu».

Jolasen garrantzia

Ez da edonolako gaia. Haurren garapenean funtsezko aldagaia baita jolasa. Jostailuen eraginari buruzko teoria ugari daudela azaldu du Etxebarrietak: «Batzuek diote haurren bulkadak ateratzeko bitarteko bat direla; beste batzuek diote ametsen eta fantasien mundua elikatzeko eta errealitatean eduki ezin duten hori garatzeko modua direla; eta beste batzuek diote etorkizunean izango diren pertsona horien eraikuntzarako elementuak direla. Nik uste dut hiru teoriak uztartzeko modukoak direla: elkarren arteko harremana dute».

Erantsi du pertsonen izaera eta identitatea eraikitzen laguntzen dutela jolasek. «Hortaz, aukerak murriztu ez, zabaldu egin behar dituzte jolasek eta jostailuek, identitate horiek ahalik eta askotarikoenak izan daitezen». Mota askoko jolasak edukitzea hobesten dute, beraz, adituek: ahalik eta gehien esperimentatzeko. «Haurrek sentitu behar dute fantasien subjektu direla, eta edozerekin jolas daitezkeela; hor dago jostailu sexista baten eta ez-sexista baten arteko aldea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.