«Lehen pausoa eman dugu: bidegurutzera iritsi garela ohartzea»

Garikoitz Goikoetxea / 2015-12-02 / 917 hitz

Euskararen biziberritzea aldaketa prozesuan dagoela uste du Kike Amonarrizek (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Berrikusi eta berrikasi dokumentua landu dutenetako bat da; Topagunearen altzoan elkartu dira hamar lagun, eta euskararen biziberritzeari buruzko gogoetak egin dituzte. Besteak beste, adostasun politikoa eta soziala lortzea ezinbestekoa dela ohartarazi dute. Aukera badela dio Amonarrizek.

Nola hartu duzu saria?

Beti da poz handia. Ez dut hartu egindakoaren saritzat bakarrik, baizik eta esku artean dauzkadan lan ildo, ilusio eta proposamenen sari gisa. Horrek esan nahi du lanean jarraitu behar dela. Saria akuilu bihurtzen da. Bultzada bat.

Mezu baikorrak eman izana nabarmendu dute. Ezkortasuna aipatzen da maiz euskarari buruz.

Beti bi plano bereizi ditut. Batetik, jendeak nola bizi duen euskara. Inguruan ilusio handia sentitu dut, kemena, proiektu zoragarriak… Hori ezin da egin baikortasunik gabe. Aitzitik, diskurtsoetan beti gailendu dira aspektu negatiboak; gehiago kokatzen ditut gure testuinguru soziopolitikoan, metatu ditugun mendeetako konplexuetan. Saiatu izan naiz euskara lotzen bizitzarako nahi ditudan balioekin: elkartasuna, auzolana, poztasuna… Poza ematen dit jendeak hain ondo baloratzeak Tribuaren berbak-en zabaltzen ari garen diskurtsoa, baina kezkatu ere egiten nau: esan nahi duelako oso salbuespena dela, eta ez luke hala izan behar.

Ñabardura bat: gure diskurtsoa baikorra da, baina ez egoeraren irakurketa baikorra egiten duelako. Ahalik eta irakurketa errealena egin ondoren, saiatzen gara jarrera baikor, motibagarri eta ilusionagarriz erantzuten. Hori transmititu behar da. Euskarak egoera zailena duen leku eta sektoreetan aurkitu dut jarrerarik baikorrena.

Tribua aipatzen duzue saioan. Badago ikusgaitasun arazo bat?

Tribu txikia gara. Gure mezua helarazteko eta gure mundua ezagutarazteko arazoa daukagu. Euskal munduak bozgorailu gutxi eta txikiak ditu. Kosta egiten zaigu gure esparru txiki hau gainditzea. Horregatik dira garrantzitsuak esparru horretatik aterako gaituzten ekimenak; esaterako, Tribuaren berbak erdaraz egitea. Erdaraz ere eman behar ditugu mezu horiek: erdaldunei, euskaraz jakin arren euskaratik kanpo bizi direnei… Irabazteko handia dugu: herrietan eta nazio mailan.

Aldaketa giroa maiz aipatzen da.

Badaukagu inertziak puskatu eta jauzi kuantitatiboak ere eman beharra: komunikabideetan, erabileran, lan munduan… Ezagutzan iritsi gara kopuru txukunetara, baina aurrerabide hori —hobetu behar dena— erabilerara pasatu behar da. Hor denok aztertu behar dugu non gauden, eta zer egin beharko genukeen gure eragina handitzeko. Denok sumatzen dugu iritsi garela muga moduko batera, eta aurrera egiteko aldaketak behar direla, eta sakondu behar dela egindako lanetan.

Mugimendurik sumatzen duzu?

Uste dut pausoak etorriko direla. Lehen pausoa eman dugu: ohartzea bidegurutze moduko batera iritsi garela. Inportantea da ikustea ETBrekin, Euskararen Legearekin eta D ereduaren hedatzearekin jaiotako belaunaldia lan munduan sartzen hasi dela eta haurrak izaten hasi dela. Soziolinguistikoki puntu berri batean kokatzen gaitu horrek: euskaraz oso ondo prestatutako jendeak aurkitzen ditu aurreko belaunaldi eta eskemen arabera funtzionatzen duten erakunde, lantoki, elkarteak. Gainera, aldaketa soziopolitiko inportantea etorri zaigu Euskal Herrira, eta zibilizazio eta mentalitate aldaketa munduan.

Faseak ez dira gauetik goizera aldatzen; jo bost-hamar urte. Erdi-erdian gaude. Denok ikusten dugu aurreikuspen batzuk ez direla bete —administrazioaren euskalduntzea, kaleko erabilera, mugimendu sozialen eragina, hedabideen kontsumoa…—, eta ohartu gara sakondu eta emaitza hobeak nahi baditugu egindako bidea aldatu, berritu, sakondu edo indartu beharko dela. Nahi den aditza.

Eta kemenik bada horretarako?

Gure belaunaldia ilusioz oso indartsu ikusten dut, baina neke puntu batekin, normala den bezala. Belaunaldi gazteetan ikusten dut badagoela harridura puntu bat —«nolatan gaude oraindik horrela?»—; batzuetan ezintasun batzuk ere bai aurreko belaunaldiak sortutako testuinguruan mugitzeko. Baina gogo biziarekin.

Berrikusi eta berrikasi agiria egiten aritu zara. Lehia politikoari buruz hitz egin duzue; abertzaleen arteko lehiaz. Zer eragin du?

Gauza asko frenatu ditu; elkarlanera baino gehiago, enfrentamendura eraman gaitu. Oinarri batzuk adostuta askoz indartsuagoak izango ziren egitasmoak maiz murriztu dira. Normalizazio prozesuak behar duen dimentsioa lortuko bada, oinarri sozial oso zabalak behar ditu. Herrigintzaz ari gara, etorkizuneko diseinuaz. Indarrak biltzea ezinbestekoa da; gutxienez oinarri batzuk adostea. Okerragoa da barne liskar etengabean bizitzea; barne indarrak ahultzen ditu, eta kanpoko sektoreak uxatu. Adostasunak posible izan behar luke alderdi abertzaleen artean, eta abertzaleak ez diren alderdi eta sektore batzuekin.

Lortuko badugu euskaraz nagusiki funtzionatuko duen belaunaldi bat martxan jartzea eta Europako hizkuntza normalizatuen egoerara hurbilduko den dinamika bati ekitea, behar da adostasun sendo, indartsu eta ongi dimentsionatua. EAEko eta Nafarroako eremu handi bateko gazte ia guztiek ulertuko dute euskara. Ia lortu dugu. Adin batetik beherako biztanleria ia osoak euskaraz badaki, edo lortzen dugu erabil dezan eta jartzen gara hizkuntza normalizatuen bidean, edo jakin arren ez badu erabiltzen, Irlandako bidean jarri gara. Horregatik da hain inportantea garai hau.

«Arnasgune politikoa» aipatu duzue. Nondik hasi?

Irudikatzen dugu oinarrizkoa den baina oso sakona den adostasun bat. Ez da erraza. Baina zenbait une eta gunetan lortu dira oinarrizko adostasunak, eta ez beti eragile politiko berberen artean. Zailtasunak handiak dira; horregatik kaleratu dugu dokumentua. Baina posibilitateak ere bai; horregatik kaleratu dugu dokumentua. Barne hausnarketa baten ondorio izan da, printzipioz horretarako bildu ez ginen talde batena. Talde heterogeneoa gara, norbanakoek osatua. Harrigarria da agiriak izan duen harrera benetan ona. Behar hori sektore, talde eta jende askok ikusten du. Dokumentuaren musika gustatu da.

Adostasun horretan, euskalgintza da beste hanka bat. Ez duzue oso balorazio ona egin haren eta administrazioaren arteko erlazioaz. Adostasun hori itun politikoaren ostean ikusten duzue?

Paraleloan joan daitezke. Agiria gehiago zentratu da adostasun politikoan, nahiz eta bestea ez gutxietsi. Lehentasuna bestean jarri genuen, agian gutxiago jorratu delako edo ikusten genuelako oinarri hori jarrita beste dena erraztu zitekeela. Beste alde horretan ere hor aipatzen den hori ikusten da. Zailtasunak daude, puntu gatazkatsuak, baina kontzientzia bat ere badago: edo distantziamendu estrategiak markatzen ditugu —ez dakit enfrentamendu hitza gogorregia den— eta badakigu horrek zer ematen duen eta zer ez; edo elkarlan aukera berriak planteatzen ditugu. Behar dugu eragile politiko, sozial eta euskalgintzakoek denbora bat ematea agertoki berri batera iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.