SOS Klasismoa

Beñat Hach Embarek / 2015-12-9 / 751 hitz

SOS Klasismoa!, oihukatu dut lau haizetara, eta lau haizeak gorraizearekin daudenez nire haizera hemen idaztea hautu onena dela deritzot. Zera esateko: arrazakeria baino gehiago, klasismoa dagoela mundu zikin honetan; eta kontuz, ez pentsa edozein azal zuri naizenik hori pentsatzeko.

Euskal Herrian beltzarana izatea egokitu zait Hamaika Kolore sortu baino lehen. Haurra nintzela nire herriko eskolan azal ilunagoko lau ume ginela oroitzen dut; gainontzeko hiru horiek sendia ziren, gainera. Orain eskolatik pasaz gero antzeman daiteke nola aldatu den jendartea, zer nolako jauzia eman duen sagar konpotatik mazedoniara.

Umetan berealdikoak entzundakoa naiz, puto moro eta antzeko zerrenda luze bat. Nerabezarotik aurrera ere izan ditut esperientzia gazi batzuk; tartean Donostian, fruta denda baten alboan lagun baten zain nengoela, XXI. mendeko fruta lapurreta handiena egiteko aukeraren esperoan nengoela egotzi zidan andre bat. Izena duena ba omen da; beraz arrazakeria bada. Frantzian bertan, etorkin askoren bilobak ez dira liberte, egalite eta fraternite sisteman ondo integratu; ezta nahi ere, pentsatuko dute batzuek. Jendeak portaera ezberdinak har ditzake norbaitekiko arrazaren arabera, baina nire iritziz sustraia beste nonbait dago; duela urte gutxi Frantzia osoan 10.000 kotxe erre zituzten gazteak ez ziren etorkinak, ez ziren zuriak, eta ez ziren dirudunak.

Arrazakeria baldintzatzen duten faktore nagusiak klasea eta erosteko ahalmena dira, ez arraza bera. Ez zaie gaizki begiratzen atzerritar batzuei atzerritar izateagatik, baizik eta bere jatorria aintzat hartuta, klase sozial baxuago batekoak direla pentsatzen delako. Kapitalismoaren periferiakoak izateagatik jasaten dute kapitalismoaren ernamuinekoen gutxiespena.

Duela urte gutxi gauean janaria zerbitzatzen duen furgoneta batean egin nuen lan. Herrikoiki ezagunagoak dira furgofarra edo saltxitxauto bezala, edota Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideei jarraiki, kantzermobila. Uda batean zehar hamaika herritatik pasa ginen, festaz festa, parrandan sortzen zaigun animaliako gose hori ase eta poltsikora bost kuarto sartze aldera. Ikaragarria izan zen.

Gaztetatik txosna txanda franko jandakoa naiz, taberna ezberdinetan lan egin dut festetan, eta hiru urte igaro nituen Herriko batean. Gaueko giroa askotan bizi izan dut barra atzetik. Ba zin egiten dizuet furgonetan hiru hilabetetan zehar bizitako guztia ez dudala arestian aipatutako tokietan hamar urtetan pasa behar izan.

Janaria eskatu eta korrika alde egiten saiatu zen bat baino gehiago. Beste batzuk furgonetako gauzak puskatzen, edo gutxiesten gintuzten gauzak esaten, edo sinpleki, iseka; eta beti, beti, beti, iseka arrazistak. Oroitzen naiz gaztelaniaz egin zidan euskaldun batez, “ni bezalako batek” ez zuelako merezi berarengana euskaraz zuzentzea.

Parrandetan furgoneta batean lanean ari dena zakurraren putza da jende gehienarentzat, izan zuri, izan mairu, izan pakistandar. Zergatik? Bere lan indarra baldintza horietan saltzen duen edonor, maila sozial baxuagotzat jotzen duelako bere burua klase ertainekotzat daukan edonork. Zer demontre da ba klase ertaina, ispilura begiratu eta engainatzen den langile klasea ez bada? Aberastasuna sortzeko iturri propiorik izan ezean,lan egiteko gaitasuna saltzean oinarritzen da bizimodua. Furgonetako langileak eta iseka egiten dionak beharbada diru kopuru ezberdina maneiatuko dute; baina bakoitzaren lan harremana parametro berdinetan kokatzen da, eta hori da gakoa. Tamalez, jendartearen pertzepzio soziala oso urrun aurkitzen da hortik, nire iritziz; urrunago mozkortuta dagoenean. In vino veritas.

Kalean arropa saltzen duena eta Beyonce beltzak dira.

Umeak eskolara eramaten dituen emakumea eta Joaquin Cortes ijitoak dira.

Bazar bateko saltzailea eta Wang Jianlin txinatarrak dira.

Aldameneko etxean bizi den langabetua eta Crayoveanu errumaniarrak dira.

Furgoneta batean lanean ari den gaztea eta Omaneko hamaika petrolio putzuren jabea arabiarrak dira.

Baina ez da berdina; onartu dezagun, ez da berdina. Futbol jokalari hegoamerikarrak askoren heroiak dira; aldiz, festetan trapuak saltzen dituztenentzat orotariko izenak daude: matxu pitxu, sudaka, payoponiBaserritik bizi zena eta enpresaria jatorri berdinekoak izan arren, jendarteak lehena gutxietsi du bigarren profilari gorazarre eginez.

Ni ere klasista bihurtzen ari naizela pentsatu nahi dut. Hiztegiaren arabera, klasista batek klase sozial baten parte dela barneratu eta klase horren alde eta gainontzekoen aurka dihardu; eta gure lan indarra besterik ez daukagunon kasuan, hori egitea klase jendartearen aurka egitea da.

Duela gutxi adibide sinple eta argigarria entzun nuen eztabaidagai daukagun kontua hobeto kokatzeko. Demagun mahai baten bueltan hiru lagun daudela: enpresaria, bertako langilea eta langile iritsi berria. Mahai erdian 20 gaileta daude. Enpresariak 19 hartu eta zera esaten dio bertako langileari: “kontuz ibili, beste horrek gaileta hori lapurtuko dizu eta”. Gehiago axola zaigu hilean 400€ kobratzeko tranpa egiten ari denak objektiboki askoz ere larriagoak diren aferak baino: Kutxabank pribatizatu dute gure muturraren aurrean, baina ez da alarma sozialik piztu.

Beharbada edozeinek suge baten herena ikusten duen tokian, ni herensuge bat ikusten ari naiz. Baina ez zait iruditzen, aldamenekoa arriskutsua dela pentsatzen hezi baikara; eta beltzarana bada, gehiago. Ondorioz, arrazakeria eta klasismoa behin eta berriro gurutzatu eta besarkatuko dira, konponbidea aurkitu arte. Arrazakeriarik gabeko jendarteak klase gabeko jendartea izanbehar du derrigor, edo ez da izango. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.