Dakar rallyaren kalte ezkutuak

Joanes Etxeberria / 2016-01-13 / 545 hitz

Handiak dira Dakar rallyko moto, ‘quad’, auto eta kamioiek zeharkatzen dituzten inguruetan eragiten dituzten kalteak. Hala ere, isilpean geratu ohi dira, onura ekonomikoen izenean.

Txileko Nasca lerro famatuak Dakarren ondorioz andeatuak izan ziren, baina 2016an Txilek ez parte hartzeko arrazoia oso bestelakoa izan zen, 2014ko lurrikarek eta 2015eko euriteek eragin kalteak konpontzeko lasterketarako zeukan aurrekontua baliatzea deliberatu baitzuen gobernuak. Peruk, berriz, aurtengo ekitaldiaren abiapuntu behar zuenak, El Niño efektuaren ondorioz aurreikusten ziren kalteei aurre egiteko aurreztu zuen Dakarri hitzeman dirutza. Bolivian, berriz, hirugarren rallyak Evo Moralesen herria zeharkatu berri duenean, oraindik ere gobernuak ez du ikerketarik ezagutarazi aitzineko bi lasterketek eraginiko kalteez. Ahots gutxi badira ere, haatik, Dakarrek ingurumenean eragiten dituen kalteak salatzen dituzte batzuek.

Argentinako Ingurumenaren Defentsarako Fundazioak (Funam), berriz, 2016. urte hasiera honetan, auzibidea ireki du Dakar rallyaren antolatzaileen eta herriko hainbat goi kargudunen kontra. 2016ko lasterketaren ibilbidea nolanahi onartu litzatekeela argudiatu du Funamek: «Funtzionarioek ASO —Dakar antolatzen duen enpresa— enpresaren idazkari gisa jokatzen dute, gaizki egindako ikerketak onartzen dituztelako». Salatu dituzten pertsonen artean daude Argentinako Ingurumen idazkaria, Cordoba probintziako Ingurumen idazkaria, Turismo ministroa eta aurreko agintaldian postu bera zuena, eta lasterketako zuzendari Etienne Lavigne.

Urtarrilaren 4an aurkeztu zuten salaketa Cordobako Epaitegi Federalean, baina ez soilik lasterketak eskualdean eragin ditzakeen kalte ekologikoengatik, Raul Montenegro fundazioko zuzendariaren erranetan: «Cordoban legez kanpo onartu delako lasterketa, baita beste eskualdeetan eta nazio osoan ere, legeari muzin egin eta gaizki egindako ikerketak onartu direlako». Fundazioak dio, halaber, ofizialki oraindik onartu gabe zenean Frantzian eta Argentinan 2016ko ibilbidearen aurkezpen ofiziala egin zuela ASOk. Arrazoi ekologikoek motibatu salaketa penalaz gain, Funamek antolatzaileei eskatu die herritarrei aurretik jakinaraztea ibilbidea eta ordutegiak, haien segurtasuna bermatu ahal izateko.

Salaketa plazaratzearekin batera, ingurumenaren alde ari den fundazioak jakinarazi du 2014an Ekuador etorri zitzaiela, Txile eta Peruko elkarteengana bezala, Dakarrek ingurumenean dituen kalteen berri ukateko. Kontsulta horien ondorioz, Ekuadorrek rallya hartzeko ezezkoa eman zion ASOri.

Zeharkatzen dituen eremu babestuak eta flora eta fauna aberatsa kontuan harturik, Dakarren kontrako salaketa gutxi plazaratzen dira, Funam eta zientzialari batzuk salbuespena izanik. Ekartzen dituen onura ekonomikoak dira komunikazio bide Hego Amerikan lasterketa egitea defendatzeko. Ama Lurraren Legea bermatu zuen Evo Moralesek berak alde horretatik egin ditu komunikazio gehienak, Boliviaren sustapen turistikoa aipatzearekin batean.

Alta, 2014ko rallya aurkeztu zelarik —Bolivia zeharkatu zuen lehena—, Eremu Babestuen Munduko Batzordeko Norberto Ovandok ohartarazi zuen gisa horretako lasterketek begi bistako kalteak eragiten dituela iragaten diren guneetan. Honela zehaztu zuen: «Basa edo etxe abereak lehertuak dira, erreprodukzio guneetan gazteenak galtzen dira, eta zeharkako kalteak izaten dira lurrean, urean eta landareetan».

2014koaren aurreko lasterketek ere biharamun gaitzak ukan zituzten ingurumenaren babesean ari diren hainbat erakunderentzat. Unescoko hainbat zientzialari arranguratuak agertu ziren Peru, Argentina eta Txileko basamortuak zeharkatu zituen lasterketarekin. Unescoko Latinoamerika eta Karibeko Munduko Ondarearen saileko Nuria Sanz buruzagia arrangura horren bozeramaile izan zen. Peru, Txile, Argentina eta beste guneetako ekosistema eta lurralde arkeologiko zoragarrietan ukan ditzakeen «eragin oso ezkorrak» aipatu zituen. Peruko basamortua zeharkatu zuen 2012ko Dakarrek, eta orduan Limako Museo Paleontologikoko zuzendariak, Meyer Honningerrek, ez zuen saihesbiderik hartu kritikak egiterakoan: «Basamortu hori miseria bat eginda uzten ari dira».

Duela egun batzuk Funamek egindako eskaera bera egin zuen Ovandok 2014an: «Gobernuek behar lituzkete lasterketak ingurumenean dituen eraginak serioski ikertu, lekuko unibertsitate nazionalei, gobernuz kanpoko erakundeei eta zientzia ezagutza duten profesionalei ikerketak eginaraziz. Horrek saihestuko lituzke rally honek eragiten dituen behin betiko galerak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude