«Espero genuena baino askoz hobea izaten ari da ikastetxeen erantzuna»

Urtzi Urkizu / 2016-01-17 / 482 hitz

2014ko irailean estreinatu zuten Gu ta gutarrak, eta ordutik saioko zuzendaria izan da Zaloa Mendez (Bilbo, 1974). Ikastetxeen arteko lehiaketa berriak programa horren «espiritua» gordeko duela iragarri du.

Ikastetxeen arteko lehia izango da Gutarrak High School saioaren ardatza. Nolako probatan jarriko dituzue ikasleak?

Saio bakoitzean, lau proba izango dira. Batzuk Gu ta gutarrak saioan ikusi izan ditugunaren antzekoak izango dira: dibertigarriak, ur jolasak, esate baterako. Eta beste proba batzuk izango dira geografia galderak, matematika ariketak, eta halakoak. Atal bakoitzean, bi ikastetxe edo institutu ariko dira lehian, eta bakoitzetik bost ikasle. Talde bakoitzeko seigarren lehiakidea gutar bat izango da, Gu ta gutarrak saioan ibilitako bat, eta hori izango da kapitaina. Probetako bat kapitainen arteko erronka izango da.

Institutuetan zer harrera izan dute irakasleek?

Harrituta gaude erantzunarekin. Kontuan izan behar da Gabonetan ikastetxeetan oporrak izan dituztela. Baina, Gabonetatik bueltan, ikastetxe ugaritatik deitu digute. Harrera oso ona izaten ari da. Ikastetxeetan lau orduko grabazioak ere egiten ditugu, eta erabakia zuzendaritzarekin adostu behar izaten dute. Baina espero genuena baino askoz hobea izaten ari da erantzuna.

Ikastetxeetan egiten dituzuen grabaketak nondik nora bideratzen dituzue?

Hautaketa probak egiten ditugu, DBHko ikasleekin. Eskatzen duguna da hamabost-hogei ikasle artean prest egotea grabazioetan parte hartzeko. Hautaketa proba bat egiten dugu haiekin. Abesti bat kantatzen ere jartzen ditugu. Horien artean, saioak bost ikasle aukeratzen ditu.

Zer irizpideren arabera aukeratzen dituzue ikasleak?

Kontuan hartu behar da telebista saio batean gaudela. Eskatzen duguna da, batez ere, gogotsu etortzea. Irakasle bat etorriko da beti ikasleekin, eta irakasleen iritzia ere aintzat hartuko dugu. Funtsezkoa da telebistan agertu nahi izatea, eta ondo pasatzeko gogoa izatea.

Lehiakideen gurasoekin hitz egingo duzue?

Ez. Grabazioetara joan aurretik irakasleei esaten diegu zer egingo dugun, eta irakasleek gurasoen oniritzia jaso behar izaten dute. Ez dugu arazorik izan.

Saiotik reality-aren partea kenduko duzue. Hasieratik argi izan duzue hori?

Bai. Gainera, partaideak adin txikikoak dira. Dena den, hautaketa probetan sor daitekeen reality partea hor egongo da.

Aste Santura arte iraungo du lehiaketak. Hurrengo urteetan jarraipena izan dezake?

Bai, iruditzen zait baietz. Ikusita ikastetxeak nola ari diren deitzen parte hartzeko gogoz, arrakasta izango dugu. ETBk ere bazuen gogoa gaztetxoekin halako zerbait egiteko. Esperimentu bat da, eta ziur nago ondo joango dela.

Ikusle datuetan helbururik jarri dizuete?

Beti dago helburu bat audientzia kontuetan. Telebistak modu horretan funtzionatzen du.

Gu ta gutarrak oso ezaguna egin da gaztetxo euskaldunen artean. Baina beste adin batzuetako ikusleek kritikak egin dizkiote saioari.

Hasieran bazeuden kritika batzuk, bazegoen kezka bat ea saioa zer izango ote zen. Baina zalantzak alde batera utzi dira. Jorratu ditugun gaiak gazteei interesatzen zaizkienak dira, denaz hitz egiten da normaltasunez. Kritikak egiten dituztenak ez dakit benetan eseri diren saioa ikustera. Baina esan dezakegu saioari esker hainbat gaztetxo lehen aldiz telebistan euskaraz ari direla. Euskaltegietatik ere deitzen digute saioa ikusten dutela esateko. Telebista euskaraz etxeetara sartzea oso garrantzitsua da. Eremu batzuetan, sekulako ahalegina egin behar da euskara entzuteko. Maiz zoriontzen gaituzte euskarazko telebistara gazte asko erakarri ditugulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude