Gizonen futbolaz

Kattalin Miner / 2016-01-22 / 258 hitz

Aurrekoan haserretu egin zitzaidan tabernako ezaguna, futbolaz ari zirela-eta (uler bedi gizonezkoen futbolaz, futbol profesionalaz) purrustada egin niolako.

Hainbeste izen eta milioi eta liga aipatzen ari ziren bi lagunak, eta nik ezer esan aurretik esan zidan «futbolaren mundua» ez dela nik imajinatzen dudan gisakoa, dena ez dela gizonkeria, homofobia, matxismoa. Futbola ere ezkertiarra izan daitekeela (bai, bai, Bukaneros), sentimendu aglutinatzailea, identitarioa izan dezakeela.

Nik urteetan jokatu izan dut futbolean, egia da, eta telebistaz partiduak ikusten ditut sarri, baina ez naiz sekula Real zalea izan, ez dakizkit jokalarien izenak eta ligaz paso egiten dut.

Esan nion gorroto dudala «futbolaren mundu» hori, inguratzen duen testosterona alardeagatik, zelaira joan gabe tabernetan sortzen diren giroek nahikoa erretzen nautela jada. Eta berak ezetz, ez dela dena hori, aldarrikapen politikoak ere egin daitezkeela futbolean, presoen aldekoak, murrizketen aurkakoak, Euskal Herriaren aldekoak.

Inozentzia puntu bat antzeztuz, esan nion agian baietz, eta berak, Athletic zalea izanik, esan zidan San Mamesera gonbidatzen ninduela, partidu on bat ikusi eta bertatik bertara gauzak ulertu eta gozatzeko. Onartu egin nion gonbita bada.

Kontuak zer diren baina. Handik egun bitara lagun batekin geratu nintzen; asteburua bere Bilbo maitean pasa berri zuen kuadrillarekin, eta San Mamesen egon zen partida bat ikusten. Ondo pasa omen zuen, baina asaldatuta zegoen «zure ama diruagatik ezkondu zen» kantu hori oraindik aise abesten dela ikusita, eta arbitroak oraindik maritxuak eta putasemeak direla frogatuta.

Beraz, bai, San Mamesera joango naiz, hitza eman nuelako, baina kusi beharko, orduan, garrasi homofobo eta matxistek utziko didaten ustezko aldarrikapen ezkertiar eta sozialez gozatzen, eta, bide batez, futbolaz, bere horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.