«Ikasgelan nire lekua topatzen dut»

Iñaki Aramaio / 2016-01-21 / 518 hitz

Sistemen analista, irakaslea, eskolako zuzendaria eta GEN alderdiko zinegotzia. Horixe dena da Graciena Goicoechandia (Las Flores, Argentina, 1968). Nafarrak zituen aitona-amonak, eta haien sorterria ezagutzea bizitzan gertatu zaion gauzarik inportanteena dela dio.

Kasualitatez hasi omen zinen irakaskuntzan…

Sistemen Analisia ikasi nuen. Karrera berria zen orduan. Ni bigarren promoziokoa naiz. Erronka bat zen, alor horretan gure herrialdea oso atzeratua baitzegoen. Hor aurkitu nuen nire lekua, eta orduan hasi nintzen irakaskuntzan. Bi izeba nituen irakasle, eta haiengandik jaso nuen irakaskuntza zer zen. Asko disfrutatzen zuten lanbideaz.

Egun, ikastetxe bateko zuzendari ere bazara.

Halaxe da. Hogei urte neramatzan Dante Alighieri ikastetxe italiarrean, Las Floresen bertan. Duela urte batzuk eskaini zidaten kargua, baina, orduan, Leire alabaz haurdun nengoen, eta ez nuen hartu. Iaz, azkenean, kargua hartu nuen.

Nolatan iritsi zara munduko 50 irakasle onenen zerrendan egotera?

Duela gutxi jakin nuen lehiaketa existitzen zela, eta aurkeztu egin nintzen. Munduko 148 herrialdetako 8.000 irakasle aurkeztu ginen lehiaketara, eta aurreko hilabetean jakinarazi zituzten 50 finalistak. Otsailean emango dituzte behin betiko hamar finalistak, eta martxoan aukeratuko dute irabazlea, Dubain.

Irabaziz gero, zer egingo duzu diruarekin?

Saria hamar urtetan banatuta jasoko dut, eta irakaskuntza proiektu batera bideratu behar dut. Ikasketak 2017an amaitzen dituzten ikasleen ikasturte amaierako bidaia ordaintzen lagunduko nieke, Italiara. Material informatikoa ere erosiko nuke ikastetxerako. Baita ibilgailu bat ere, hezkuntzari lotutako azoketara eta ekitaldietara joateko.

Mauricio Macri Argentinako presidenteak egin zizun harrera 50 finalisten artean egoteagatik. Nolakoa izan zen esperientzia?

Sorpresa handia izan zen. Kargua hartu eta egun gutxira, Esteban Bullrcih Hezkuntza ministroak deitu zidan, izendapenagatik zoriondu eta ministerioa bisitatzera joateko gonbidapena eginez. Gero, Mauricio Macrik egin zigun harrera. Esperientzia ahaztezina izan zen. Bakea transmititzen duen gizon bat ikusi nuen, gauzak egiteko gogo handia duena, eta umila dena.

Presidente aldaketarekin nola ikusten duzu Argentina?

Egun, Argentinan hobekuntza batzuk antzematen ari naiz. Hezkuntza ministro batek zoriontzeko deitzea edo presidenteak berak bere bulegoan zu hartzea ez zen ohikoa herrialde honetan. Forma kontua izan daiteke, baina irakasle moduan daramatzadan 25 urte hauetan ez zen gertatu. Baikortasun handia ikusten dut herritarrengan. Baina baita gorroto handiko jendea ere, herritarren borondatea onartzen ez dutenak, eta alderaketak egiten baino bizi ez direnak; oso alderaketa suntsigarriak, gainera. Uste osoa dut gobernuak osatu dituen talde teknikoengan. Onena opa diet.

Zuk ere lan egiten duzu politika munduan.

Bai, hirugarren agintaldia daramat zinegotzi moduan udalean. Ikasleen Parlamentua koordinatzen dut. Bertan, herriko gazte batzuek zinegotziak direla simulatzen dute. Hala, erakundeak nola funtzionatzen duen ikasten dute, eta, gero, udalean eztabaidatzen eta lantzen ditugun proiektuen inguruan lan egiten dute. Irakaskuntzan aritzeko beste modu bat da, baina demokraziaren eta erakundeen alorrean batez ere.

Non sentitzen zara erosoen?

Zalantzarik gabe, irakaskuntzan. Ikasgela nire lekua da. Han sartu, eta ikasleekin mimetizatzen naiz. Duela 25 urte, ez nuen pentsatuko horrenbeste urte egingo nituenik irakasle. Gero eta energia gehiagorekin altxatzen naiz egunero.

Nolakoa izan zen zure herriko Euskal Etxeko presidente izatea?

Gogo handiarekin egin nuen lan. Orain zuzendaritzan nago, eta hala jarraitzen dut, beti aitona-amonak gogoan. 2006an, Euskal Herria ezagutzeko aukera izan nuen, Gaztemundu programari esker.

Zer esan nahi izan zuen zuretzat zure sustraiekin topo egiteak?

Irakasle onenaren sarirako izendatua egotea inportantea da, baina nire aitonaren etxean egotea eta hura bataiatu zuten eliza bisitatzea da gertatu zaidan gauzarik inportanteena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude