Ispilua konbexu bihurtu zen

Ricard Gonzalez / 2016-01-17 / 823 hitz

Udaberri Arabiarra ez zen erneko Tunisiagatik eta Egiptogatik izan ez balitz. Tunisiako iraultzak iradoki zuen arabiar herriak gai zirela diktadorerik basatiena ere tronutik kentzeko —Zine el-Abidine Ben Ali 2011ko urtarrilaren 14ean alde egin zuen—. Egiptokoak, bere pisu historiko eta demografikoagatik, eskualdeko fenomeno bihurrarazi zuen matxinada. Tahrirrek Hosni Mubarak garaitu izanak —2011. urteko otsailaren 7an—, berriz, agerian utzi zuen Jasminen Iraultza ez zela izan Magrebeko herrialde txiki horren bitxikeria bat, Europako orbitatik gertu dagoelako gertaturiko zerbait. Eta ondo-ondoko urteetan, Tunisiako eta Egiptoko prozesuen irudiek ispilu beraren isla bera ziruditen. 2013az geroztik, ordea, ispilu hori konbexu bihurtu zen.

Herrialde bietan 2011n egin zituzten legegintzaldiko hauteskundeak, eta bietan islamismo tradizionala gailendu zen, Anaia Musulmanen zigiluarekin; horren ondorioz, konstituzioa erreformatzeko prozesu bat hasi zen, eta jokaleku politikoa tenkatu eta polarizatu egin zen. Erregimen zaharraren eta eragile iraultzaileen arteko borroka zena islamisten eta laikoen arteko gudu bihurtu zen —laikoek, gainera, itxuraz gutxiengo izateko konplexua zuten—.

Hala eta guztiz ere, historia irauli egin zen 2013ko uztailaren 3an, egun hartan estatu kolpe bat eman baitzuen Abdel Fatah al-Sisi mariskalak, Mohamed Morsi presidentearen gobernu islamistaren kontrako protesta mugimendu handi bat baliatuta; estatu kolpea kontrairaultza erabatekoaren atarikoa izan da. Tunisiak, anbizio hegemonikorik gabeko armada bat zuenez, eragotzi egin zuen trenek elkar jotzea, klase politikoa eta gizarte zibila malguagoak zituelako eta ikusia zutelako Egipton zer pasatu zen.

Bost urte joan dira Tunisiaren erdigune pobretuko saltzaile ibiltari baten desesperazioak bulkada emantzipatzaile hura eragin zuenetik, eta, orain, erabat desberdinak dira Magrebeko herrialde horretako egoera eta Egiptokoa. Behintzat, lehen begiratuan.

Konfrontazio zibila

Tunisian, oraindik aditzen da Bakearen Nobel saria elkarrizketaren lauko nazionalari eman izanaren oihartzuna: laukoteko gizarte erakunde horiexek bitartekari jardun zuten alderdi islamikoen eta laikoen artean, konfrontazio zibila indargabetzeko eta behingoz konstituzio demokratiko adostu bat idazteko asmoz. Bigarrengo hauteskunde libre haiek, baina, Ennahda alderdi islamistaren porrota ekarri zuten, ezkertiarren eta Ben Aliren erregimenari lotutakoen arteko koalizio baten bidez: Nida Tunis alderdia. Botereen trantsizioan inolako gorabeherarik gertatu ez izanak eta ondoren arerioen, islamisten eta laiko porrokatuen artean koalizio bat eratu izanak behin betiko zokoratu zuen konfrontazio zibil baten arriskua.

Egipton, Sisi mariskalak hogei urte atzera eginarazi dio herrialdeari, Mubaraken erregimenaren kopia doi-doia ezarrita —hauteskunde iruzurrak, Anaia Musulmanen deabrutzea eta politika neoliberalak—. Hala ere, 2015ean ez Egipto eta ez Ekialde Hurbila ez dira 1990eko urteetako berberak. Bere burua inposatzeko eta bere hartan irauteko, kontrairaultzak askoz ere indarkeria bortitzagoa erabili behar izan du. Erregistroen arabera, Al-Sisiren Egipton poliziek gehiegikeria gehiago egiten dituzte egun batean, Hosni Mubaraken Egipton urtebetean baino.

Oposizioa jazartuta

2013ko udaz geroztik, dozenaka mila lagun atxilotu dituzte oposizioko kideen artean, ehunka hil polizien zaintzapean, dozenaka pertsonari ezarri diete heriotza zigorra ordubete eskaseko makroprozesu judizialetan… Mubarakek toleratu egin zituen Anaia Musulmanak, eta ez zen ausartu ere egin haien gidari gorena atxilotzera; buruzagi hark, orain, 40 bat epaiketa ditu, eta dagoeneko heriotza zigorra ezarria diote haietako bitan. 2011ko Iraultzako buruzagi izan ziren aktibistak ere kartzelan dauzkate; esaterako, Ahmed Maher eta Alaa Abdel Fattah. «Negargarria da egoera. Baina, lehenago edo geroago, jendea desengainua hartuko du erregimen horrekin, eta beste aukera bat izango dugu gauzak aldatzeko», adierazi du Bassem Ejra aktibistak; hark sortutako erakunde batek ere deitu zuen, beste batzuekin batera, 2011n Tahrir plaza hartzera.

Ohartuki edo oharkabean, Al-Sisik Pandoraren kutxa bat ireki zuen bere kolpearekin. Orduz geroztik, matxinatuen olde ahaltsu eta nekaezin bat eratu da; orain, gainera, ez dihardu Sinai penintsulan bakarrik, bere feudo tradizionalean, baizik eta ezinago aktibo dihardu herrialde osoan, batez ere Kairo Handian. Matxinatuen multzo horretan, garai bateko Ansar Bait Al-Maqdis da erakunderik hilgarriena, Wilayat Sinai bataiatua berriro, Estatu Islamikoari leial izango zitzaiola zin egin eta gero. Haren egintzarik ausartena, errusiarren hegazkin zibil bat eraitsi izana Sinai penintsulan; kolpe hilgarria Egiptoko turismoarentzat. Estatuaren indarkeriak eta terroristenak elkar elikatzen dute, aurrera begira amaierarik ikusten ez zaion kiribil batean. Agintea hartzean, Al-Sisik hitzeman zuen ordena, egonkortasuna eta oparotasuna ekarriko zituela, baina Egiptoko Gobernuak sekula ez du orain baino zailago izan hori lortzea.

Tunisiaren irudia oso bestelakoa da. Nazioartean, arrakastaren eredu da. Hala eta guztiz ere, besterik da hango aktibistek kontatzen dutena: «Esperantza bakarra dut: Estatu Batuetara joateko bisa lortzea, han osaba batekin lanean aritzeko», dio Essam Kitli mutil gazteak, arranguraz; ez du lanik, eta Sidi Bouzid hiriko plaza nagusian eserita dago —hiri horretantxe hasi zen matxinada—, polizien zapalkuntzaren ondoriozko orbainak agerian erakusten dituela. Handia da langabezia gazteen artean —%50 inguru—; are handiagoa, turismoaren geldialdia dela eta, jihadistek bi atentatu basati egin baitituzte aurten Susan eta hiriburuan; 60 pertsona hil ziren, turista atzerritarrak gehienak.

Etorkizuna, josteko

Herrialdean badute egiaren batzorde bat diktadura garaiko krimenak aztertzeko, baina Tunisiako Barne Ministerioan ez da izan benetako eraldaketarik, eta oraindik ere ohikoa da polizia gehiegikeriak gertatzea. Kontakizunak irismen globala duela baliaturik, gobernuak terrorismoaren kontrako borroka darabil zuribidetzat zenbait askatasun eta berme murrizteko. Iazko hauteskundeen ondoren eratutako gobernuan, koalizio kontserbadore handi bat egin dute Tunisiako bi alderdi handiek: Nida Tunis alderdi laikoak —Ben Aliren erregimenarekin loturiko pertsonak ditu— eta Ennahdako islamistek. Parlamentua zatikatua dagoenez, oposizioa kalean da, gizarte mugimenduetan. Haien esku dago Jasminen Iraultzaren helburuak ez hondatzea sistema berriaren josturek, oraindik josi gabe baitaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude