Koopera; berrerabilpenaren bidez gizarteratzen laguntzeko proiektua

Ainara Arregi / 169zbka. – 2016/17 / 499 hitz

Gurean gero eta ohikoagoa da etxean sortzen dugun zakarra birziklatzea: beira, papera, hondakin organikoak, ontzi arinak, eta abar. Aitzitik, badira beste zenbait produktu, pixka bat txukunduz gero berriro erabiltzeko moduan izan daitezkeenak. Horixe da zehazki Mungiako Koopera Reusing Center-en egiten dutena. Egoera onean dauden arropak, oinetakoak, jostailuak, liburuak eta etxetresnak, esaterako, berriro erabili ahal izateko prestatzen dituzte, eta ondoren, Koopera gizarte sareak dauzkan bigarren eskuko dendetan saltzen dituzte.

Caritasek sustaturik, 2012an jarri zen martxan Mungiako Reusing Center-a. Garai batean, Caritasek berak jasotzen zituen arropak ondoren beharrizana zutenei banatzeko. Baina jendeak ematen zuen arropa kopurua hazten hasi zenean, Mungiako zentroa irekitzeko beharra ikusi zuten.  Hortaz, gaur egun, arropa bilketa Caritaseko egoitzetan edota elizetan egin beharrean, gure herrietan Kooperak dauzkan ontzien bitartez egiten da. Arropa ez ezik, bestelakoak ere biltzen dituzte egun; alde batetik arropa uzteko ontziak daude, eta, bestetik, bazarreko gauzak, etxetresna txikiak, liburuak, jolasak eta halakoak uztekoak. Jostailuen kasuan, esaterako, eskoletan jostailu bilketa kanpainak egiten dituzte, umeak jostailuen erabilpen arduratsuaz sentsibilizatu eta beste ume batzuk dituzten beharrizanez ohartarazteko.

Mungiako lantegira iristen diren produktu guztiak banan-banan begiratu eta produktu motaren eta berorren egoeraren arabera sailkatzen dituzte. Horretarako, Kooperak beren-beregi sortutako programa informatikoa erabiltzen dute, ahots bidezko sistema duena. Langileak produktua zinta bidez jasotzen du, goitik behera gainbegiratu, eta produktuaren egoeraren eta motaren arabera, ahots bidez sailkatzen du. Sailkapen horren arabera, zintak dagokion ontzira eramaten du. Orotara, sailkatzeko 90 aukera dituzte.

Verónica Amorós Kooperako kalitate arduradunak azaldu digunez, Mungiako lantegira iristen diren produktu gehienak, %90 inguru, berrerabili edo birziklatu egin daitezke. Behin produktua txukunduta, Kooperak Bizkaian, Araban, Asturiasen edota Kantabrian dituen bigarren eskuko dendetan salgai jartzen dituzte. Gurean erabilgarriak ez diren arropa edota bestelakoak, aldiz, Errumania eta Txilen Kooperak berak martxan jarritako beste proiektu batzuetara bideratzen dituzte.

Helburu soziala
Koopera Reusing Center-ek, ordea, bestelako helburu edo oinarri sendo bat ere badu, helburu soziolaborala. Mungiako zentroan lanean dabiltzan langileen erdiak, gizarte bazterkeria jasaten edota jasateko arriskuan daudenak dira, eta proiektu honi esker, lan merkatu ‘arruntean’ sartzen laguntzen zaie. Horretarako, langileei behar duten laguntza eskaintzen diete hezitzaileek, ez soilik arlo teknikoko laguntza, baita laguntza pertsonala ere. Hala, gizarte eta lan arloko gaitasunak garatzen laguntzen diete: lanerako arauak irakasten dizkiete, higiene gomendioak eman edota ikastaroak eskaintzen dizkiete. Langile bakoitzari behar duen laguntza pertsonalizatua eskaintzen zaio, langile guztien beharrizanak ez direlako berdinak.  Bizimodu ‘normalean’ murgiltzeko oinarrizko aholku eta arauak irakasten dizkiete.

Kooperan darabilten gizarteratzeko prozesuak urtebete eta hiru urte artean iraun dezake; langile bakoitzaren arabera, epea luzeagoa edo laburragoa da, baina gutxienez urtebeteko lana izaten dute. Verónica Amorósek azaldu digunez, orotariko esperientziak bizi dituzte Mungiako lantegian: batzuei gizarteratzeko oinarrizko arauak irakatsi behar zaizkie (higienea, puntualitatea, lanarekiko ardura…), eta beste batzuek, aldiz, lanean hasteko bultzada txiki bat baino ez dute behar. Mungiako lantegitik igarotzen diren langileen %75 inguruk ostean lan merkatu ‘normalean’ sartzea lortzen dute. “Gizarteratzeko prozesua arrakastatsua izan dadin hezitzaileen lana oso garrantzitsua eta ezinbestekoa da Koopera bezalako proiektuetan”, azpimarratu du kalitate arduradunak.

Lortutako emaitzak ingurumen arlokoez harago doaz; helburu sozial eta garapen ekonomikokoak ere badauzka, eta helburu horiexek bilakatzen dute Koopera jasangarritasunaren eredu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude