Mendiko arropa garbitzen

Edu Lartzanguren / 2016-01-29 / 845 hitz

The North Face, Columbia, Mammut eta beste etxe ezagunetako mendirako arropa eta osagaietan PFC gai toxikoak daudela esan du aste honetan Greenpeace taldeak. Decathlonek ere erabiltzen ditu. Industriak gai horrekiko duen menpekotasuna eta aukerak aztertu dituzte adituek.

Bulegoan ez dagoenean, Alpeetako borda batean pasatzen du denbora Mirjam Kopp suitzarrak. Aire freskoa arnasten du han, glaziarretako ura edaten du, eta belardi berdeekin gozatzen ditu begiak. Eta, halere, ez dago lasai. Izan ere, Koppek badaki itxuraz garbienak diren lekuak ere PFC gai kimiko toxikoez kutsaturik daudela.

Greenpeace taldeko Detox Outdoor egitasmoko burua da Kopp, eta bi urte daramatza mendiko arroparen industria «garbitu» nahian. Munichen (Alemania) egon da aste honetan, ISPO ferian, Europako mendiko arroparen inguruko azokarik handienean. Suitzarrak han aurkeztu duen txostena bonba baten modura erori da ferian. Aztarna uzten: gai toxikoak mendiko arropa eta osagarrietan ikerketan, 40 produktu aztertu dituzte: txamarrak, motxilak, botak, dendak, lo-zakuak, sokak eta eskularruak; The North Face, Vaude, Mammut, Columbia eta Patagonia etxetakoak, besteak beste. Horietako bakarrik lautan ez dute topatu PFCrik.

Irailean, Kopp eta kideak munduko zortzi mendigune urrunetara joan ziren, eta hango elur laginak hartu zituzten. «PFC hauek leku guztietan daudela ikusi genuen».

Koppek Munichen esan duenez, mendiko arropa eta osagaien industriak erabiltzen ditu gehien PFCak. Oihaletan, ura kanpoan uzteko erabiltzen dira, esaterako, Gore-Tex mintzetan.

Itzuli zirenean, industria horretako produktuak aztertzea erabaki zuen Koppek. «Enpresa horietako gehienek natura maite dutela esaten dute iragarkietan. Ez da logikoa maite duzuna kutsatzea».

Zein arropa edo osagarri aztertu erabakitzeko, jendeari galdetu zioten. 30.000 boto jaso zituzten, eta gehien bozkaturiko 40 produktuak Alemaniako laborategi independente batera bidali zituzten.

Koppek harriturik ikusi zituen laborategiko emaitzak: «Espero genuen gai toxikook txamarretan topatzea, baina produktu mota orotan aurkitu ditugu». Ez zuen espero, esaterako, lo-zakuetan topatzea.

Gehiago harritu zen, ordea, ikusi zuenean produktuen ia erdietan, hemezortzitan, alegia, kate luzeko PFCak topatu zituztela, hau da toxikoenak. Zergatik harridura? Arropa etxe gehienek esan izan dutelako dagoeneko baztertu egin dituztela PFC luzeak eta motzekin ordezkatu dituztela. Edonola ere, PFC guztiak baztertzeko eskatu diete fabrikatzaileei, kate motzekoak ere kaltegarriak direla frogatu delako.

Letxugak eta arrainak

Ekhine Bizkarguenagak letxugak landatuak ditu baratze-laborategian. PFCz kutsaturiko lurretan landatu ere, letxugek gaiok xurgatzen ote dituzten jakiteko. Kimikaria da Bizkarguenaga. Kutsadura eta ingurumeneko toxikologia masterra egin zuen, eta abenduan tesia irakurri zuen EHUn.

Haren laborategiko kide Itsaso Zabaleta kimikari eta toxikologoak arrainontzi bat dauka. PFCak arrainetan nola metatzen diren aztertzeko esperimentua antolatua du. Lehen ere, gai kimikook mikrouhin labetan prestatzeko krispeta zorroetan ere aurkitu ditu.

Gizakiek eginikoak dira PCFak, ez dira naturalak. Arriskutsuak dira, minbizia eragin dezaketelako eta sistema endokrinoa —hormonak— hankaz gora jar dezaketelako. Gaiok ez dira naturan galtzen, metatu egiten dira animalia eta gizakien gorputzetan.

Legea eta tranpa dago PFCetan. Enpresa batzuek lasai adieraz dezakete ez dituztela erabiltzen, gezurrik esan gabe, eta, halere, baliteke laborategiek gaiok aurkitzea haien produktuetan. Izan ere, batzuetan, PFCak beste konposatuen degradazioan sortzen dira. «Orain arte bakarrik PFCei begiratu zaie, baina orain hasi gara horien aitzindari diren gaiak aztertzen, asko erabiltzen direlako», esan du Zabaletak.

Halere, zentzurik ba al du horrenbeste kezkatzea mendiko arropan dauden PFCekin, zartaginetako tefloian ere gai toxiko horiek badaude, eta gizakiak horiek zuzenean jaten ari badira? «Non dauden aztertzen ari gara, baina ez horrenbeste gizakietan luzera begira duten eragina; hori gehiago ikertu beharko litzateke», esan du Zabaletak. Elikadura kate osoa sakonago aztertu beharko litzatekeela uste du Bizkarguenagak. Gizakien odolean ere PFCak aurkitu ditu Stockholmgo talde ikertzaile batek.

Fabrikatzaile batzuek esan izan dute PFCak arropetatik naturara bakarrik pasatzen direla jantziak ur beroarekin garbitzen badira. Bizkarguenagak eta Zabaletak esan dutenez, baliteke arropak ur beroarekin garbitzean konposatu organiko horien ehunekoren bat uretara pasatzea. Halere, ez dute baztertzen gaiok azala zuzenean ukitzen dutenean pasatzea gorputzera. Ez dago ikertuta zer gertatzen den jantzi zaharrak zaborretara botatzen direnean, edo errausten direnean.

Greenpeacek dio beste aukera batzuk badaudela PFCez pozoituriko ehunak ordezkatzeko. Zergatik ez erabili, orduan? Konpainiek diote ez dutela besteek bezain emaitza ona. Koppek eta lankideek PFCrik gabeko aukerak probatu zituzten planetako leku urrunenetara joateko espedizioetan. «Txinako goi mendietan egon ginen, eta ez genuen inolako arazorik izan», esan du.

Ondoren, David Bacci eskalatzaile italiarra harremanetan jarri zen Koppen taldearekin, eta mendiko jantzi horiek eskatu zizkien probatzeko. Patagonian dago egunotan: Cerro Torre eskalatu berri du, eta Fitzroy mendira igotzekoa da. «Oso pozik dago arroparekin», esan du Koppek. «Beraz, argi dago aukera ematen dutela naturaz gozatzeko, eguraldi eta leku latzenetan ere».

Hainbat arropa etxek erantzun diote dagoeneko Greenpeaceren txostenari. The North Facek agiri bat plazaratu zuen aste hasieran, 2020rako PFCak erabat saihestuko dituela esateko. Decathlonek ere PFCak erabiltzen ditu bere Quechua produktuetan, baina ez du informaziorik eman zeinetan eta zein kopurutan. Gaiok saihesteko asmo edo planik duen ere ez du adierazi. Fjallraven etxeak dagoeneko baztertu ditu PFCak produktu guztietan.

Mendiko arropen etiketetan begiratzeko aholkatu dute Bizkarguenaga eta Zabaleta kimikariek, eta PFC Free mezua bilatzeko. Halere, ordezko gaiekin geroan arazo bera gerta daitekeela esan dute kimikariek: oraindik ezagutzen ez den kaltea topatzea, alegia. Konponbide bakarrenetarikoa «gutxiago kontsumitzea» litzateke, Zabaletaren arabera.

Koppentzat, gaiok 2020rako kentzea «berandu» da. «Ez dago onartzerik ingurumena pozoi iraunkorrekin beste bost urtez kutsatzen jarraitzea», esan du. Halere, lasaiago egongo da Alpeetako bordan, fabrikatzaileek onartu dutelako arazo bat dagoela eta konpondu nahi dutela esan dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.