Opariak

Angel Erro / 2016-01-08 /164 hitz

Opariek deseroso sentiarazten naute, emateko data finko batekin datozenean. Nerabezarotik aurrera direnean. Ezustekoa bestearen apeta edo beharra asmatu ote duzun baino ez datzanean. Izan ere, oparia jasoko duzula jakitea (eta itzulian beste opari bat egin beharra) tortura mota bat da. Oparigintza (ez espontaneoa) inposaketa da.

Onenean, pertsona batekiko estimua objektu bihurtzera, sentimenduenetik eremu materialera ekartzera, laguna ekonomikoki neurtzera behartzen zaitu. Gertukoenak noraino maite ditugun ezin genuke erraz esan, haiekin norainoko gastua egitera prest gauden bai —bestela hor daude oraindik fakturak—. Opari trukean klase sozialaren erakuskeria egiten da. Besteen gaineko ezagutza test moduko bat ere bada eta, test guztiak bezala, gainditu ahal duzu ala ez. Opariek estresa sortzen dute eta zurikeria (inoren gustua eta ekonokosmosa) inposatzen dute, berriz diot.

Eskertu arren —azkenik, nolabait aintzat jotzen gaituztelako zantzua da— asmatu ez duten lagunek gaitzespen isil bat jasoko dute, hurrengoan gaitzespen material bihurgarria. Opariek pertsona gaiztoagoak egiten gaituzte.

Irakurri dut gero eta jende gehiagok jasotako opariak interneten saltzen dituela. Oraindik bada itxaropena gizadirako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude