Osasuna: dena ez da biologia

Arantxa Iraola / 2016-01-13 / 891 hitz

Gizarte hierarkian daukagun posizioak eragin handia du gure osasunean». Opik izeneko ikerketa taldean batzen dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatean osasunaren eta gizarte baldintzatzaile eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketak egiten dituzten adituak.

Hango ikertzaileak dira Amaia Bacigalupe eta Unai Martin. Bat datoz: osasunaren gaineko adierazle askok erakusten dute baldintza sozioekonomikoen eragina, eta jaiotzako bizi itxaropena da horietako bat: arras adierazgarria. Horregatik iazko udan Eusko Jaurlaritzak aldagai horren inguruan argitara emandako txostenaren garrantzia: «Gizarte hierarkiak osasunean duen eragina datu kuantitaboekin garbi erakustea garrantzitsua da». Ikerketak 2006-2011ko epealdian bizi itxaropenak izandako eboluzioa erakusten du; 2001-2005ko aldiarekin alderatuta, 1,6 luzatu zen gizonetan jaiotzako bizi itxaropena; 1,3 andreetan. Aurreko epealdiarekin erkaketa eginda, handitu egin zen eskualdeka aldagai horretan dagoen aldea; datu horien arabera, bizi itxaropen txikiena eta handiena duten eskualdeen arteko tartea 10,5 urte da gizonetan, eta 7 urte andrazkoetan.

Hara adibide zehatzak; Gasteiz Hegoaldeko eremuan, 82 urteko jaiotzako bizi itxaropena dute gizonezkoek; Bilbo Zaharrean, 71,5 urtekoa. Andrazkoetan Gasteizko Santa Luzia eremuan lortzen dute daturik onena andrazkoek —88 urte—, eta Bilbo Zaharrean laburrena: 81 urte. Aurreko ikerketan, andrazkoen artean, daturik onenaren eta txarrenaren artean 9,6 urteren aldea egon zen; andrazkoetan, 5,6 urte. Igoera agerikoa da bietan. Eta eskualdeka dauden alde horien atzean zer dagoen taxuz ulertzeko, toki bakoitzeko baldintza sozioekonomikoei erreparatzea ezinbestekoa dela argi esan du Martinek: «Osasuna hobetzeko, ez da osasun sistema bat edukitzea bakarrik; beste faktore asko daude hobetzeko».

Gabezia mailari begira

Heriotzako orduan hildakoen bizi baldintzei buruzko informazio gutxi jaso ohi dela azaldu du Bacigalupek, ez dagoela datu horiek jasotzeko era egituraturik, eta horregatik jotzen dela ikerketa horietan hildakoen bizilekuetako bizi baldintzak aintzat hartzera. Horretarako, osasun eremu bakoitzeko gabezia mailari erreparatzen zaio; langabezia tasa, ikasketa maila eta abar hartzen dira aintzat. «Hori da ikerketa klase horiek egiteko daukagun era bakarra; ez egokiena, baina daukagun bakarra. Horrela egiten da. Aldagai horiexek ditugu; horiek darabiltzagu», esan du Martinek.

Datu horiekin eskualde bakoitzaren bizi baldintzen soslai bat egiten da, eta horren arabera egiten dute neurketa, osasun zerbitzu oinarrizkoak, oro har, guztietan berdinak direla aintzat hartuta. Bat datoz Bacigalupe eta Martin, oro har, Euskal Herriko egoeran: «Osasun sistema publiko unibertsal ona dugu guztiontzat». Horregatik ipintzen dute ardatza pertsona bakoitzaren bizitza baldintzatzen duten «aldagai sozioekonomikoetan». Hala ere, osasun zerbitzu kalitatezko eta osoak eskatzen jarraitu behar dela argi du Bacigalupek, zalantzarako zirrikiturik ireki gabe: «Krisiarekin oso kontuz ibili behar dugu mezu horiek emateko orduan; izan ere, horrek [aldagai sozioekonomikoen eraginak] ez du esan nahi osasun zerbitzuek ez dutenik garrantzirik». Eta itaun zailak datozkio usu burura, esaterako, osasun zerbitzuek erosi dituzten azpiegitura berri eta garestien berri ematen dutenean:«Sarri duda sortzen zaizu: zer da eraginkorragoa, azpiegitura berri bat erostea, edo Bilbo Zaharreko bizilagunen bizi baldintzak hobetzea? Segur aski, bigarren hori».

Bizi itxaropenean nola, osasunaren beste aldagaietan ere beti agertzen da bizi baldintzen eta osasunaren arteko lotura: era saihetsezinean. «Arazo kronikoetan, osasun publikoa erabiltzeko eran, nork bere osasunaz duen pertzepzioan, buruko eritasunetan…». Zerrenda luzea du Bacigalupek. Krisiak, esaterako, buruko osasunaren okertzea ekarri duela erakutsi duten ikerketak badira: «Nabarmena izan da, batez ere, gizonetan. Horrek zerekin dauka zerikusia? Osakidetzaren gainbeherarekin? Ba ez. Bizi baldintzen okertzearen ondorioa da».

Ikasketa maila

Adierazgarria da, esaterako, iaz Nafarroan heriotza tasa eta jendearen ikasketa maila lotzeko argitaratu zen ikerketa bat ere; NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko aditu Estrella Mikeleizek zuzendu zuen, 2001-2008ko datuei begira. Erakutsi zuen, oro har, lotura dagoela bi aldagaien artean; alegia, ikasketa maila apaldun pertsona taldeetan altuagoa dela, oro har, heriotza tasa. Salbuespen nabarmen bat ikusi zuten zenbait minbizi klasetan, bereziki 45 urtetik gorako andreetan, eta andre ikasketadunen bizi baldintzekin lotuta egon zitekeela ondorioztatu zuten; usu beranduago izaten dituztelako umeak, bularra emateko aldi laburragoa izaten dutelako zenbaitetan, eta tabakismorako ohitura ere izaten dutelako.

Eskualde bakoitzean usuen agertzen diren gaixotasun motei erreparatuta ere, antzeko ikerketak egiten direla oroitarazi du Bacigalupek: «Ez genuke hitz egingo 9,5 urteren aldeaz bizi itxaropenean; baizik eta eritasunek, eskualdeka, duten aldeaz. Zenbait osasun eremutan, esaterako, hiru bider gehiago agertzen dira zenbait gaitz». Izan ere, eguneroko bizitzak eta lanbideak nabarmen baldintzatzen dute pertsonen osasuna: «Daukazun etxea, daukazun lana, nolako gizarte rolak dituzun… Aldagai horiek guztiek eragina dute». Inguru bakoitzeko ingurumen egoerak ere eragina izaten du. Hainbat ikerketa badaude eginda horren inguruan; minbiziaz Osakidetzak 2012an argitaratutako atlasaren arabera, hain zuzen ere, gizonetan, Bizkaian, «gehiegizko arrisku esanguratsua» ikusten da zortzi tokitan: Bilbon, Erandion, Ermuan, Muskizen, Abanto-Zierbenan, Trapagaranen, Barakaldon eta Sestaon. Gipuzkoan, Pasaian, Errenterian, Eibarren, Hernanin eta Soraluzen. Araban, Gasteizen.

Krisiaren eragina

Oro har, krisiak pertsonen osasunean izan duen eraginaz ondorio argirik ezin dela atera uste du Bacigalupek. Badira, hala ere, zenbait zantzu argi. «Nahiko argi dago, oro har, buruko osasunak okerrera egin duela». Haragoko ondorioak ez ditu hain argi ikusten. Azkenaldian, suizidioei buruzko datu deigarriak —Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2010etik %22 ugaritu dira— hainbat tokitan agertu badira ere, tentuz ibiltzeko esan du; zenbait aldaketa «zorizkoak»izan daitezke. «Kontuz ibili behar da».

Generoaren aldagaiari ere erreparatzen diote osasuna eta gizarte baldintzak lotzean. Bizi itxaropenari lotuta, datu hobeak ematen dituzte, oro har, andreek. «Zabalduta dago emakumeok bizi garela urte gehiago». ñabardurei erreparatu behar zaiela argi du, ordea, Bacigalupek. «Modu sistematiko batean ikusten da bizi garela osasun okerragoarekin. Ondo dago hori lotzea emakumeok eta gizonok ditugun bizi ohitura ezberdinekin». Hala ere, gizonen eta andreen arteko aldea lausotzen ari da. Eredu «maskulino» batekin lotutako praktikak eta andreek horiekiko izan duten gerturatzea izan dira horretarako motiboetako bat. Izan ere, biologiak, andreen alde, urte gutxi batzuen aldea ekar dezakeela nabarmendu dute bi adituek: baina laburra. Oro har, bi-bost urte gehiago bizitzeko itxaropena dakar, hainbat ikerketaren arabera. Hortik aurrerakoa, bizi baldintzen esku dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude