The North Face edota Columbia markako arropetan substantzia toxikoak aurkitu ditu Greenpeacek

Jon Torner Zabala / 2016-01-26 / 196 hitz

Greenpeace erakundeak “gizakien osasunerako eta ingurumenarentzat arriskutsuak diren substantzia toxikoak” aurkitu ditu The North Face, Columbia, Patagonia, Mammut eta Haglöfs marketako mendiko arropetan. Salatu duenez, haien jantziak inpermeabilizatzeko PFC (per- eta poli- fluorokarbonatoak) bezalako konposatu toxikoak erabiltzen jarraitzen dute, euren burua “naturarekin konprometitutako enpresa jasangarri gisa” aurkezten duten arren. 40 produktu aztertu ditu Greenpeacek, eta lauk izan ezik, PFC konposatuak dituzte guztiek, mendiko arropari buruzko 2016ko txostenak jaso duenez.

Naturan ez dauden konposatu kimikoak dira PFC delakoak. Ingurumenarekin kontaktuan jartzean, konposatu horietako batzuk poliki-poliki degradatu eta barreiatu egiten dira, elikadura-katera heltzeraino. Greenpeacek azaldu du ugalketa edota hormona-sistema kaltetu eta tumoreen garapena bultza dezaketela (gaztelaniaz “susceptible de…” terminoa darabil).

PFC konposatuen barruan, (ustez) besteak baino mingarriagoak diren susbtantziak daude, baina 38 herrialdetako 200 zientzialarik PFC guztien erabilera eteteko gomendioa luzatu dute. Zentzu horretan, Detox sinadura-kanpaina abiatu du Greenpeacek, erabiltzaileek marka handiei eska diezaieten produktu toxikorik ez erabiltzeko. The North Face enpresak iragarri du saiatuko dela 2020rako PFC gehiago ez erabiltzen, baina erakunde ekologikoak erantzun dio lehenago egin beharko lukeela, “urgentziazkoa” delako.

Iturria:

InfoLibre

Informazio gehiago:

Substantzia toxikoak dituzten produktuak eta merkatuan dauden alternatibak (pdf).

Toxic chemicals in outdoor products of leading brands, Greenpeace study finds (The Guardian)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude