Adi adimen artifizialarekin

Edu Lartzanguren / 2016-02-24 / 1.164

Lehen aldiz, ordenagailu batek go jokoan irabazi dio gizaki txapeldun bati. Askotan ohartarazi dute adimen artifizialaren arriskuaz, baina azken boladan jende ezagun asko esaten ari da, tartean Stephen Hawking fisikaria, benetako aukera dagoela makinek gizakiak deuseztatzeko.

«Imajinatu sistema adimentsu bati agintzen diozula paper klipak egiteko. Pentsatzen hasiko da nola egin ahal eta klip gehien: lantegi gehiago kontrolatzen baditu klip gehiago egingo dituela ondorioztatuko du. Azkenean, bide bat bilatuko du planeta osoa klip bihurtzeko, eta ezingo dugu gelditu». Anders Sandberg futurologoaren parabola da. Oxfordeko Unibertsitateko Future of Humanity Instituten egiten du lan. Gizateria galtzeko bideak aztertzen dituzte han, eta kezka nagusietako bat adimen artifiziala da.

Gizateria egona da arriskuan lehen ere, sistema informatikoen erruz. Sandbergek kontatzen duenez, eraso nuklearra gertatzeko zorian egon zen Gerra Hotzaren garaian. Sobietar Batasunak eredu estatistiko bat erabiltzen zuen AEBek erasoa jotzeko aukerak kalkulatzeko. «Sistemak oker larria zuen, eta etengabe esaten zien sobietarrei erasoa gertatzear zela, nahiz eta estatubatuarrek asmorik ez izan».

Mundua klip bihurtuko duen makina adimen artifizialaren adibide baino gehiago ergelkeria artifizialarena ez ote den galdetuta, honako hau erantzun du Sandbergek: «Nik egunero ikusten dut Oxforden jende izugarri argia tentelkeria izugarriak egiten».

Adimena tresna indartsua dela nabarmendu du Sandberg futurologoak. Gizakiak txinpantzeak baino «apur bat» azkarragoak baino ez direla, eta, halere, hori aski izan dela planeta osoa menperatzeko. «Imajinatu lortzen dugula gu baino pixka bat argiagoa den gailu bat egitea. Horrek mundua erabat alda dezake. Eta txarrena: aski da pixka bat okertzea, mundua erabat suntsitzeko». Horregatik, hasieratik zuzen egitea ezinbestekoa dela uste du.

Singularitate teknologikoa esaten diote gertaera hipotetikoari: makina edo sistema batek bere burua etengabe hobetuko luke, eta, gizakiak baino argiago bihurtuta, haiek kontrola galduko lukete. Oxfordeko Future of Humanity Instituten kalkulatu dutenez, litekeena da 2075 eta 2090 artean gizakiak bezain adimentsuak izango diren makinak egotea, hau da, singularitatea gertatzea.

Ohartarazpenok oihartzun handia izan dute azken hilabeteotan. Stephen Hawking fisikariak eta Elon Musk teknologia enpresaburuak gutun irekia sinatu zuen iazko udaberrian, mende honetan adimen artifizialak gizateria suntsi dezakeela ohartarazteko. Salaketak badu ironia: Hawkingek ezin du berez hitz egin esklerosiaren eraginez, eta komunikatzeko erabiltzen duen sistemak adimen artifizial mota bat du.

Etorkizuna hemen dago

«Adimen artifizialari loturiko gauzak teknologia bihurtzen dira askotan, eta ez gara jabetzen», esan du Basilio Sierra EHU Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Saileko katedradun eta robotika eta sistema adimenduen taldeko buruak. Gaur aparkalekuan sartzerakoan, gidariak txartel makinaren botoiari sakatzen dionean, txartelean haren autoaren matrikula agertzen da idatzita. «Hori, orain dela sei urte, zientzia fikzioa zen».

Urtarrileko zenbakiaren azalean albistea argitaratu zuen Nature aldizkariak: lehen aldiz, ordenagailu programa batek go jokoan irabazi dio txapeldun bati. Googlek garaturiko algoritmoa izan zen garailea, eta Europako txapeldun Fan Hui garaitua. Deep Blue ordenagailua izan zen lehena munduko xake txapeldunari —Gari Kasparov, orduan— partida bat irabazten, 1996. urtean. Apaltasun irakaspena onartu behar izan zuten gizakiek orduan. Zergatik da horren deigarria, orduan, orain algoritmo batek gizaki bati go jokoan irabazi izana?

Go taulak hemeretzi bider hemeretzi laukitxo ditu, eta xakeak baino askoz mugimendu aukera gehiago. «Mugimendu guztiak kontuan hartuta, go jokoaren aukerak unibertso osoan dauden atomo kopurua baino gehiago dira», esan du Sierrak.

Jokoan irabazteko teknologia —sare neuronalak, orain deep learning modako izenarekin ezagunak— erabiltzen da hizkuntzen prozesamenduan, itzultzaile artifizialak hobetzeko.

Gizakien burua konplexuegia dela makina batek modelatzeko edo imitatzeko, hala uste du Sierra ikertzaileak. Itzultzaile automatikoek dituzten muga handiak lirateke horren erakusgarri. «Gure taldean baditugu bertsoak kantatzen dituzten robotak, baina egiten dituzten bertsoak ezin dira konparatu gizaki batek egiten dituenekin». Kalitatezko bertsolaritza egitea go jokoan irabaztea baino «zailagoa» dela uste du.

Beraz, kalkuluetan oinarritutako lanetan adimen artifizialak aurrerapauso handiak emango dituela uste du Sierrak, baina bestelako ariketa intelektualetarako, ez da lortuko gizakiaren pare izango den makinarik. «Gure burua oso konplexua da: ikusmena erabiltzen dugu, entzumena, eta mintzatu egiten gara oinez goazen bitartean, dena aldi berean. Ataza jakin batzuetarako, ordea, lortuko dira gu bezain onak izango diren makinak».

Bost urte barru zer bihurtuko da teknologia arrunta? Sierraren arabera, gizakien eta makinen arteko elkarrekintzetarako sistemak. Japonian dagoeneko jarri dituzte Pepper izeneko robotak dendari gisa.

Medikuntzan asko erabiltzen ari dira, kode genetikoa aztertzeko, esaterako. «Koloneko minbizia asko ikertzen da Euskal Herrian, eta azterketa lan hori ez du sendagile batek egiten, baizik eta bioinformatikako algoritmo batek». Operazio geletan gero eta gehiago erabiltzen dira robotak, gure eskua baino zehatzagoak direlako, «baina, betiere, medikuaren laguntzarekin». Gidaririk gabeko autoak beste adibide bat dira. Hamar urte barrurako, euskarazko itzulpen automatikoak «oso onak» izango direla aurreikusten du Sierrak. Haren mezua argia da: beldurra pertsonei izateko, ez makinei.

Zientzia fikzioa

Adimen artifizialaren inguruan hainbat ipuin argitaratu zituen Joanes Urkixo idazleak Lurra deika liburuan (Erein, 1991). Artxiboaren izena: agur betirako istorioan, adimen artifizialeko sistema batek pertsonak euren burua hiltzera bultzatzen ditu.

Istorioa idatzi zuenetik 25 urtera, gailu adimentsuak gure bizimoduan «integraturik»ikusten ditu, eta beldur nagusia ez dela makinak nagusitzea, baizik eta beste gizaki batzuek horien bidez ezar dezaketen kontrola.

Ipuin bildumako Best seller bat idatzi zuen ipuinean, ordenagailuek egindako literaturaz aritu zen Urkixo. «Ez gaude oso urrun nik planteatu nuen egoeratik». Idazten laguntzen duten softwareak aipatzen ditu, adibide gisa. «Oraindik ez gara heldu software sortzaile batera, baina hurbiltzen ari gara, eta etorkizunean helduko dela uste dut».

Singularitaterantz gerturatzen ari gara? Garai batean baino baikorragoa da Urkixo horretaz: «Beharbada, ordenagailuek lortuko dute gure lekua hartzea arlo tekniko sistematikoetan. Baina zer utziko dute kanpoan? Sormena, hau da, sistematizatzerik ez dagoena». Ideia interesgarri bat jarri du mahai gainean: etorkizunean ordenagailuek guk bezain ongi edo hobeto egin ahalko dutenak «berehala galduko du balioa, eta bigarren mailako lana bihurtuko da». Sorkuntzak, orduan, «beste bide bat» hartuko du. Gizakiak, gainera, lan robotgarri horietatik libratu eta «denbora izango dute sorkuntzan sakontzeko». Halere, eraldaketa prozesua ez da lineala izango: «Krisialdi gogor luze baten bidez, gizarte kapitalista pikutara joango da. Ezagutzen ez dugun moduko gizartea izango da, orduan».

Singularitatetik urrun

Gorka Azkune adimen artifizialarekin ari da lanean Deustuko Unibertsitatean. Gizakien eguneroko ekintza arruntak ezagutzen dituzten sistemak jorratzen ditu: kafea prestatu, hortzak garbitu… Adinekoei independente izaten jarraitzen laguntzeko sistemak eratzea du helburu. Pertsona baten eguneroko keinuak aztertuta, dementzia hauteman ahalko du sistemak, portaeraren eboluzioa aztertuta. «Robot sozialak»egiteko ere balioko du lanak, hau da, gizakien elkarrekintzan ibiltzeko makinak.

Azkuneren arabera, gehiegikeria handia da Hawkingen ohartarazpena. «Orain horretaz kezkatzea Marteren gainpopulazioaz kezkatzea bezala da», esan du, Silicon Valleyko (AEB) Andrew Ng ikertzailearen esaldia gogora ekarriz. «Oso urruti gaude horretatik; ez dugu kezkatzeko arrazoirik».

Gizakien adimena lortzea urrun dagoela ematen du, «baina ezin dugu ziur esan», erantzun du Sandberg futurologoak. Oso zaila da aurreikustea zein abiadatan egingo den aurrera halako eremu batean. «Ustekabea izan dezakegu». Ikerketa aurretik egin behar dela uste du. «Ziurtatu behar dugu robotek geuk nahi duguna egingo dutela».

Robotikaren hiru legeak formulatu zituen Isaac Asimov zientzia fikzioko idazleak 1942. urtean: robot batek ez dio kalterik egingo gizaki bati; haren aginduak beteko ditu —lehen legearen kontra egiten ez duen bitartean—; eta bere burua zainduko du —lehen edo bigarren legeen kontra egiten ez duen bitartean—.

Sandbergen arabera, kontua ez da makinei arauak jartzea, baizik eta haiei «giza balioak» ulertaraztea. «Makina batek ulertu behar du zer nahi dudan, eta zer nahiko nukeen hobeto pentsatuko banu». Ondorioztatu du ez dela erraza, «geuk ere ez baitakigu beti oso ondo zer nahi dugun».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.