Aise hautsi daitezkeen sareak

Iker Tubia / 2016-02-13 / 1.413 hitz

Tuenti sare soziala itxi eginen dute. Aurretik gauza bera egin zuten Fotolog, Keteke eta Orkut sare sozialek, besteak beste. Zaila izaten da mundu horretan eustea, etengabeko berrikuntza eta inbertsioak beharrezkoak baitira. Horregatik, beste batzuk ere beherako joeran daude.

Ezer ez da betiko. Are gutxiago teknologia berrien alorrean. Etengabeko berrikuntzan ibiltzen dira teknologiari lotutako negozioak, eta askok huts egiten dute azkenean. Bere garaian, goia jo zuen Tuentik Hego Euskal Herrian. Orain, dirudienez, sare sozial izateari utziko dio gutxi barru. Beste batzuk itxi egin ziren, Fotolog adibidez, urtarriletik ezin baita erabili.

Ezetz dio Tuentik, ez dela desagertuko. Baina gutxika sare sozial izateari utziko dio, eta sakelako telefonoen operadore baizik ez da izanen etorkizun hurbilean. Biltegian dituzten hamaika argazkien arazoa konpontzeko bidea ere badute: Photos Project. Horren bitartez, erabiltzaileek Tuentira igotako argazkiak berreskuratzeko aukera izanen dute.

Aurretik, Fotologek ere hartu zuen ixteko erabakia, eta urtarriletik ezin da erabili. Ez zuten jakinarazi, baina. Fotologetik Tuentira joan ziren nerabe asko, eta orain, dirudienez, Instagram da gaztetxoek argazkiak partekatzeko gehien erabiltzen duten sare soziala. Moda kontua ere izan liteke.

Baina esan genezake Tuentirena porrota dela? Zer da porrota? Galdera horixe egin du Gorka Julio garatzaile eta hacktibistak. «Hogei milioi pertsona ez da porrot bat», esan du, Tuentiren erabiltzaile kopuruari erreferentzia eginez. «Arrakasta neurtzeko modelo jakin bat dago: start up. Hau da, finantzaketan oinarritutako modelo bat non etengabe hazten zaren sartu zaizun finantziaketaren ondorioz. Erabiltzaileak lortzen dituzu, baina horiei dirua ateratzeko gazteluak sortzen dira».

Helburua haztea izanda, hazteari utziz gero porrot gisa definitzen da. Are, hazkuntza ez bada esponentziala ere, porrot gisa hartzen dute. Hainbat enpresari gertatu zaie hori, eta Juliok hiru egoera azaleratu ditu. Batzuk beste enpresek erosten dituzte, eta ondoren abandonatu. Beste egoera bat da erabiltzaileak izan arren blokeatu egiten direnena, eta inbertsio falta dagoen momentuan sare soziala ez da garatzen, eta jendeak abandonatu egiten du. Hirugarren egoera da erabiltzaileak izan arren enpresak bertan behera uztea, negozioa sortzeko gaitasunik ez dagoelako.

«Tuenti horien nahasketa da: badu erabiltzaile kopuru bat, baina ez dio Telefonicari dirurik ematen; beraz, itxi beharreko gauza da. Berdin zaizkio erabiltzaileak». Enpresak kostu baxuko operadorera erakarri nahi zituen Tuentiren bezeroak, baina ez zuen lortu. «Hor ikusi behar dugu arazoa», dio Juliok.

Maitane Urrutikoetxea sare sozialetan aditua da, eta, haren aburuz, etengabeko berrikuntza eta inbertsio handiak egitea dira gakoak. «Merkatua oso aldakorra da, eta erabiltzaileen behar eta nahiak etengabe aldatzen dira merkatuaren arabera. Ez bazara aldakorra, hiltzera kondenatuta zaude».

 

TUENTI

Itxiera saihetsezina

Tuenti sare sozialak asmatu zuen adin tarte jakin bati heltzen: nerabeei. «Oraindik Facebookera jo ez, baina Fotolog utzi nahi zuten, eta sare sozialak erabili», dio Juliok. Hego Euskal Herrian arrakasta handia zuen. «Garai hartan, Espainiako Estatuan ez zegoen eskaintza zuzena adin tarte horrentzat, eta Tuentik asmatu zuen».

Urrutikoetxeak esan duenez, gazteekin harremana egiteko tresnarik garrantzitsuena zen haientzako proiektuentzat. Datu batzuk eman ditu: Tuentik 20 milioi erabiltzaile zituen, eta 6.000 milioi argazki. 2011n, egunean 3,5 milioi argazki igotzen ziren sare sozial horretan, eta horiek mila zerbitzaritan gordetzen ziren.

Baina zenbakiak ez ziren Telefonicak nahi bezala atera. «Nora ezean ibili dira, baina haiek bazekiten hilko zela, haien helburua ez baitzen sare soziala». Izan ere, hamaika aldaketa egin dituzte, baina, dirudienez, ez dituzte lortu nahi zituzten emaitzak. «Sare sozialetako elkarrekintza asko maila pribatura eraman dira, berehalako mezularitzara», gaineratu du Juliok. «Sare sozial handiek beren buruak birdefinitu beharko dituzte, interakzio horiek geroz eta garrantzi handiagoa baitute guretzat». Etorkizunari begira, bi aukera ikusi ditu Facebooken gisako fenomeno globaletatik kanpo: helburu jakin bati heltzea, Linkedinek bezala, edo bestelako sareak sortzea, GNU Socialen gisakoak.

«Badira asko izatea behar ez duten sare sozialen ereduak, edo webgune bakar batean egotea behar ez dutenak. Nahikoa litzateke software bat instalatu eta herrian edo taldeka antolatzea, eta sare sozial horrek pertsona horientzat balio izatea». Gainera, federatzeko aukera balego, are hobeki, haren aburuz.

 

FOTOLOG

Besteek ordezkatu dute

Sare sozialen aurretik, gazte eta nerabe askok Fotolog erabiltzea erabaki zuten. 2000. urtean sortu zen, eta iraultza ekarri zuen argazkiak partekatzeko modura. 2007. urtean munduan gehien bisitaturiko hogei atarien artean zegoen, eta hilean 20.000 erabiltzaile izaten zituen. Baina sare sozialak agertzearekin batera hasi zuen beherakada, eta, aurten, urte hasieran, ixtea erabaki zuen. 32 milioi erabiltzaile zituen. Webgunean diotenez, otsailaren 20ra arte artxiboak berreskuratzeko aukera eskainiko dute.

«Fotologek erabiltzaileak zituen, bai, baina aurrera egin ezinik gelditu zen», dio Juliok. Blogen garaia zen, eta, haiek baino elkarrekintza txikiagoa eskaini arren, arrakasta handia izan zuen. Aurrerago, sare sozialen interakzioa interesgarriagoa zen erabiltzaileentzat. «Ezin izan zuten proiektua berritu; ohartu zirenerako, berandu zen, eta jendeak ospa egin zuen».

Urrutikoetxeak ere eguneratze faltari egotzi dio gainbehera: «Ez zuten ulertu partekatzeko modua aldatua zela». Baina beste fenomeno bat erantsi dio: spam-a.

 

KETEKE

Oso gutxi iraun zuen

Urte bat baizik ez zuen iraun. Telefonica enpresak sortutako sare sozial bat zen, baina ez zuen arrakastarik lortu. Hamar milioi euro gastatu zituzten, eta, horregatik, txekeen sare soziala deitu zuten. Tuentirekin lehiatzeko sortu zen, eta, azkenean, Telefonicak Tunti erostea deliberatu zuen. Are, hura erosi eta hiru astera itxi zuen Keteke.

 

ORKUT

Googleren zakarrontzian

Enpresa erraldoi guziak saiatu dira sare sozialen munduan lehiatzen, eta, noski, Google ez da gutxiago izan. 2004. urtean sortu zuen Orkut, baina hamar urteren buruan itxi behar izan zuen. Indian eta Brasilen arrakasta handia izan zuen —sarbideen %48 eta %39 herrialde horietatik egiten zen, hurrenez hurren—, baina ez zituen emaitza berberak lortu gainerako herrialdeetan.

«Ez zuen bere bidea egin; izan ere, Googlek baditu beste tresna batzuk. Probatu egiten du, eta, ez badu funtzionatzen, utzi egiten du. Horregatik, Google gauzak erosten aritzen da, etengabe», esan du Urrutikoetxeak. Bilatzaile handiak albo batean utzi zuen sare soziala, euskarri teknikorik gabe, geroz eta mantsoago zihoan.

 

MYSPACE

Hastapenetarako buelta

Musikaren inguruan sortutako sare sozial bat zen MySpace, gero bere funtzioak zabaldu zituena. Oraindik ere martxan da, baina dagoeneko ez du garai bateko sona, eta, azkenean, hastapenetara itzuli zen. News Corp komunikazio enpresak erosi zuen, baina, gero, Specific Media LLC eta Justin Timberlake abeslariaren eskuetan bukatu zuen, eta orduan erabaki zuten musikari heltzea. Juliok dioenez, sare sozial horren afera inbertsio faltaren ondorio izan da. Dena den, musikaren eremura itzulita, Urrutikoetxeak uste du burua altxatzen hasi dela berriz ere.

2005. eta 2008. urteen artean munduan bisita gehien jasotzen zuen sare soziala izan zen, eta 2006an Googlek baino bisita gehiago jaso zituen. Baina, 2008tik aurrera, Facebookek aurrea hartu zion. Ordutik, erabiltzaile kopuruak behera egin du etengabe.

 

HI5

Berritzera kondenaturik

Hego Amerikako herrialde askotan eta Portugalen sare sozial garrantzitsuena izan zen Hi5, baina, azkenerako, Facebookek tokia kendu zion. «Ez zuen asmatu. Erabiltzaile asko lortzea espero zuen, baina beste batzuen aurrean ez zuen lortu», dio Urrutikoetxeak. Izan ere, jendeak aukeratu egin behar du, sare sozial guziak erabiltzea ezinezkoa baita.

Sorreran Facebooken antzeko tresna izan zen, baina, esparrurik gabe gelditu zenean, joko sozialen eremura egin zuen salto ezustean. Julioren aburuz, aukera zuen, eta mugimendu hura adimentsua izan zen. «Merkatu hauetan, erreflexu bat edukita, erantzun ahal diozu egoerari, eta Hi5ena mugimendu estrategikoa izan zen». Baina egia da, halaber, ordurako Facebookek heldua ziola mota horretako jokoei, eta arrakasta handia izan zuen Farm Ville eta halakoekin.

 

PATH

Pribatutasuna gordetzearen garrantzia

Sortzerakoan, hedabide askoren begirada erakarri zuen Path sare sozialak: oso esklusiboa da —ezin da izan 150 lagun baino gehiago—; soilik sakelakorako da, eta komunitate itxiak sortzeko aukera ematen du; eta, itxura aldetik, diseinu erakargarria eta zaindua du. «Baina ez zituen aurreikuspenak bete», dio Urrutikoetxeak. Azkenean, ez zien beste sare sozialei tokia kendu, eta, batez ere, justiziarekin izandako arazoek erabiltzaileak uxatu zituen. Isuna jaso zuen bezeroen pribatutasuna ez zaintzeagatik, eta horrek mesfidantza sortu zuen haren inguruan. Hala ere, oraindik ere Path martxan da.

 

GOOGLE +

Etorkizun zalantzagarria

Googleren beste saiakeretako bat Google+ izan da. Hasieran, bere zerbitzuak hor ardaztu nahi zituen, eta Gmailen erabiltzaileak sare sozialeko erabiltzaile bihurtu zituen. «Beraiek ere ikusi zuten ez zela hain garrantzitsua, baina utzi dute. Estrategiaren parte da, baina ez dute askorik inbertitzen», dio Urrutikoetxeak. Ikusi beharko da zein ibilbide duen, baina ez dirudi buelta emateko aukera handirik izanen duenik. Dagoeneko, Gmailen bederatzi laukitxoen ikonoan sakatuta, ez da agertzen zerbitzu hori. «Oso zaila da jendea beste sare sozial batean sartzea; ez du denborarik», azaldu du Urrutikoetxeak.

 

DIASPORA

Bide berri bat zabaltzen

Arrakastatsua ez, baina aitzindaria izan zen Diaspora sare soziala. Juliok azaldu duenez, modelo banatuan lan egiten duten tresnak dituen ereduaren lehen saiakeratako bat izan zen. Softwarea liberatu, eta, gainera, zerbitzua martxan jarri zuten. Orain badaude antzeko proiektuak. GNU Social proiektuek hartu dute haren lekukoa. Mahai gainean hiru afera jarri zituzten: batetik, datuen jabetza, bakoitzak baitzuen jabetza hori; bigarrenik, pribatutasuna, nork bere komunitatearekin adostu baitzezakeen pribatutasun maila, edo sarekoekin eta Internetekin oro har; eta, azkenik, sare egitura. «Zergatik pasatu behar dugu egitura zentral batetik? Egitura honetan zailagoa da gauzak ixtea». Beraz, porrota izan zen? Alternatiba posiblea dela demostratu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.