Energiaz beteriko mokaduak

Maialen Belarra / 2016-02-27 / 718 hitz

Makrobiotikaz gozatzeko txoko bakarra dago Nafarroan: Iruñeko Baratza Kafea. Jatetxea eta eskola dituzte, batean ikasitakoa bestean dastatu ahal izateko.

Indarra, energia, freskotasuna, bitaminak, umorea… Elikagai fresko eta naturalak hartzeak bizia aldatu dio Tina Asensio sukaldari eta irakasleari, eta, hain zuzen, hori helarazi nahi du Iruñeko Arrotxapea auzoko Euskal Eskola Makrobiotikoaren bidez: «Energia egokia duten elikagaiak erabiliz gero, bizi kalitatea goitik behera alda daiteke». Eskolan ikasi, eta ondoan dagoen Baratza Kafea jatetxe makrobiotiko begano ekologikoan kolore adina zapore dituzten mokaduak dasta daitezke. Nafarroa osoan ez dago horrelako beste txokorik.

Makrobiotikak elikagai bakoitzak duen energia azaleratzen du: «Urduri bazaude, mota bateko jakiak komeni zaizkizu, eta triste bazaude, beste mota batekoak». Era askotako aholkuak ematen ditu sukaldariak, betiere energia moderatuak dituzten elikagai freskoak erabiliz. Horietako zenbait egunero erabiltzen dituzte Baratza Kafean: lekaleak, bihi osoko zerealak, barazkiak, haziak, fruta lehorrak…

Halere, elikatzeko metodo bat baino askoz gehiago transmititu nahi du Asensiok: «Bizitzeko era bat; filosofia sakon bat». Ongi daki zertaz ari den, gainera. Lehen urratsak sukaldari begetariano moduan egin bazituen ere, osasun arazo batek ireki zizkion makrobiotikaren ateak.

Ikasitakoa irakasten

«Ohartu nintzen elikadurak asko eragiten zuela nire arazoan eta, hein handi batean, gu geu garela gure osasunaren erantzule. Elikadura aldatuta, sekulako energia aldaketa nabaritu nuen; indartsuago nengoen. Sendatzea lortu nuen, gainera». Une hori mugarria izan zen harentzat. «Sentitu nuen hain handia zen zerbait partekatu beharra nuela».

Horretarako, Londresen eta Amsterdamen ibili zen ikasten, eta, pixkanaka, ikastaroak ematen hasi zen Donostian, Pragan, Budapesten eta Iruñean. 2010ean, hurrengo pausoa eman zuen: eskola propioa sortu zuen. Horri esker, lehen aldiz, euskal herritarrek kanpora joan gabe makrobiotikan murgiltzeko aukera izan zuten.

Ikastaro eta hitzaldi asko dituzte eskolan, formatu anitzetakoak: urte osokoak, asteburuetakoak, zenbait egunetakoak… Edukiak ere ez dauka mugarik, denetariko ikastaldiak daude: makrobiotikan lehen aldiz jarduteko, errezeta orekatuak prestatzeko, itsas belarrak ezagutzeko, zerealekin lan egiteko, hotzeria saihesteko… Ikasle gehienak nafarrak badira ere, toki guztietako jendea joaten da.

Eskola sortu eta hiru urtera, Asensioren ametsa pixka bat osatu zen, jatetxe-taberna bat sortu baitzuen eskolaren ondoan. Bi filosofia uztartzen dituzte han: jaki bakoitzak duen energia aintzat hartzeaz gain, animaliak errespetatzen dituzte. Makrobiotikoa eta beganoa da, beraz. Horrez gain, sukaldean erabiltzen dituzten produktu gehienak hortik kilometro gutxira sortzen dira, bertako ekoizleen lana sustatzeko asmotan.

Elkarren osagarri dira eskola eta jatetxea. «Proiektu honen alde praktikoa erakusten du Baratza Kafeak. Gainera, batzuk hitzaldi batera etortzen dira, eta gero bazkaltzen gelditzen dira, edo alderantziz; bazkaltzean janaria gustatu, eta ikastaroren batean izena ematen dute».

Energia berezia nabari da Baratza Kafeko atea ireki eta berehala: kolore ugari hormetan, giroa goxatzeko argiak, musika alaia… Plater bakoitzak daukan indarra islatzen du Arrotxapeko txoko horrek. Otordu on bat egiteko toki aproposa da, ezbairik gabe.

Otordu orekatuak

Eguneko menua eskaintzen dute eguerdiro, baina ez da menu itxi bat, nahi den konbinazioa egiteko aukera baitago. Asteburuetan menu berezia dago, eta karta ere badute. Era berean, glutenik gabeko jakiak eskatzea posible da, eta, aurretik galdeginez gero, era guztietara egokitzen dute jatekoa. Tabernan, berriz, hainbat pintxo eta tarta izaten dituzte. «Gure patata tortillak sekulako arrakasta dauka. Askok uste dute arrautzekin egina dela; oso goxoa dago».

Menuari dagokionez, oso orekatua da. Otordua zopa edo krema batekin hasten dute hara joandakoek. Gero, askotariko plater nagusia dator. Kasu honetan, zereal bat eta proteina begetal bat aukeratu behar dira, barazki batzuez lagundurik. Bazkaria borobiltzeko, nahi adina postre daude, eta, azkenik, infusio bat ateratzen dute, digestioa egiten lagun dezan. Era berean, janari guztia jaisteko, pilates, yoga eta antzeko jarduerak egin daitezke eskolan.

Asensiok uste du makrobiotika geroz eta zabalduago dagoela, baina oraindik aurreiritziak gailentzen direla: «Askok uste dute makrobiotikan janari tristea lantzen dela, edo gaixoen jakiak direla. Guztiz aurkakoa da; imajinazio handia behar da, eta plater bakoitza oso koloretsua da. Zapore nahasketa ere izugarria izaten da».

Sukaldean aritzeko garaia

Produktu naturalen garrantzia alde batera uztea ere deitoratu du. «Lehentasuna zentzumenei ematen diegu gehienetan, alor energetikoari ia kasurik egin gabe. Horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake gure osasunean. Gustatzen zaizkigun gauzak jan ditzakegu, baina behar dugun energia emango digutenak».

Sukaldean gauza berriak probatzeko gomendatzen du makrobiotikako irakasleak, baina jakin badaki jendearen bizi erritmoa ez dela egokiena horretarako: «Beste ekintza batzuetarako denbora ateratzen dugu, baina sukaldean aritzeko, gutxi. Ez gara ohartzen elikagai freskoek ematen diguten energia ezinbestekoa dela gure ametsak egia bihurtzeko». Asensio bera horren adibide garbia da, gaixo egotetik bere bizitzako proiektua gauzatu baitu: «Bizitzeko modua aldatuta eta elikadura zainduta, burutik pasatzen zaigun guztia lor dezakegu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.