Europaren xedea betez, %10 azpitik dago eskola uztea lehenbiziko aldiz

Garikoitz Goikoetxea / 2016-02-14 /296 hitz

Europako Batasunak 2020rako jarritako xedea jada bete da. Europako batez bestekoa baino txikiagoa da uztea. Espainiatik oso urrun dago.

Oinarrizko hezkuntza bukatu orduko edo hura bukatzerako eskola uzten dutenen kopurua inoizko mailarik txikienera heldu da. Europako Batasunak 2020rako ezarritako helburuak jada beteak ditu euskal hezkuntzak. Eskola uzte goiztiarra %10 baino txikiagoa izatea ezarri du Bruselak urte horretarako, eta iaz %9,9ko tasa izan zuen Hego Euskal Herriak. Espainiako Hezkuntza Ministerioak emandako datuetatik atera du kalkulua BERRIAk. Europako herrialde aurreratuenetara hurbildu da zenbaki horrekin euskal hezkuntza: Europako Batasuneko batez bestekoa baino txikiagoa da eskola goiz uzten dutenen tasa.

Hau adierazten du tasa horrek: 18-24 urte arteko gazteetatik zein portzentajek ez duten oinarrizko titulua baino handiagoa edo zenbat ez diren ari ikasketa horietan.

Egoera ekonomikoak zuzeneko eragina du joeran. Kualifikaziorik gabeko lanpostuak lortzeko aukera handia zegoenean, eskola uzte goiztiarra ez zen jaitsi; are, leku batzuetan gora ere egin zuen. Krisiarekin, lanpostuak gutxitzearekin, jaitsi egin da uztea, gazte asko eskolara bueltatu baitira —Lanbide Heziketan gorakada handia izan dute krisi garaian—.

Pareko herrialdeak

%10eko mugatik behera jarrita, Europako Batasuneko batez bestekotik ere jaitsi da euskal hezkuntza. Parean hauek ditu: Belgika (%9,8), Finlandia (%9,5), Alemania (%9,5)… Herrialde horien azken datua 2014koa da. Beherago ere badaude herrialde batzuk: Frantziak, adibidez, %8,5eko uzte tasa du. Taldean daude Austria (%7), Irlanda (%6,9) eta Lituania (%5,9), esaterako. Kroaziak du Europako tasarik txikiena: %2,7.

Beste muturrean, eskola uzte handienarekin daude Italia (%15), Portugal (%17) eta Errumania (%18), adibidez. Marka Espainiak dauka: %20ko eskola uztea. Asko jaitsi da tasa —2009an, esaterako, %31koa zen—, eta gobernuak dio LOMCEren eraginagatik izan dela. Adituek berretsi dute, ordea, krisi garaiko aldaketak direla oinarria.

Euskal Herrian, jaitsiera gorabehera, joera bat oraindik ere indarrean dago: emakumeen eskola uzte goiztiarra nabarmen txikiagoa da gizonena baino. Iazko uztearen datuei erreparatuta, adibidez, honako hau da diferentzia: 18-24 urte bitarteko gizonen eskola uzte goiztiarra %12,2 izan zen; emakumeena, berriz, %7,7.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.